iruñea - Batzuk kostata, beste ba-tzuk bideaz gozatuz, urduri, ilusioz, aurreko urteetako esperientziaren eskarmentuarekin edota esperien-tzia berri bat bizitzeak ematen duen bultzadarekin. Aldarte eta sentimendu desberdinekin heldu dira Nafarroako Bertsolari Txapelketako zor-tzi finalistak, Eneko Lazkoz, Xabier Terreros, Joanes Illarregi, Eneko Fernandez, Julio Soto, Xabat Illarregi, Julen Zelaieta eta Xabi Maia, martxoaren 23an Anaitasunan ospatuko den saio handira. Denak ados daude, hori bai, finala “bertsolari-tzaren transmisioan eta sustapenean urratsa bat gehiago izateaz gain, bertsoaren besta handia” izango dela, Alaitz Rekondo Bertsozale Elkarteko lehendakariak atzo azpimarratu zuen bezala, finalaren aurkezpenean.

Izan ere, zerbait islatuko badu finalak, hori nafar bertsolaritzaren aniztasuna izango da, baita belaunaldi berrien indartzea ere. Izan ere, finalean parte hartuko duten bertsolari gazteenak, Joanes eta Xabat Illarregi, gogotsu iritsi dira azken txanpara. Joanesek bigarren txapelketa izan du aurtengoa eta Lesakako finalaurrekoan garaituta lortu zuen finalerako pase zuzena; Xabatentzat, aldiz, lehenengo txapelketa da aurtengoa eta, aurre-kanporaketetatik egin du finalerako bidea.

Anaitasunako oholtza gainean, noski, ez dira faltako dagoeneko txapelketako beteranoak direnetako batzuk. Julen Zelaietarentzat hamaikagarren txapelketa izan da aurtengoa eta behin jantzi zuen txapela; Julio Soto orain arteko txapeldunak bederatzigarren finala izango du martxoaren 23koa eta lau aldiz suertatu da txapeldun; Xabier Terrerosentzat seigarren finala izango da; eta Eneko Fernandezentzat laugarrena.

Xabi Maia eta Eneko Lazkoz, bestalde, bigarrenez arituko dira finalean. Lazkoz indartsu iritsi da finalera, Atarrabiako finalaurrekoan irabazita eta sailkapen orokorrean puntuazio hoberena lortuta. 2017ko txapelketan Sotorekin buruz burukoa jokatu zuen eta, harekin batera, txapelka janzteko faboritoen artean kokatzen da Etxarri-Aranazkoa.

emakumeen hutsunea Nafarroako Bertsolari Txapelketaren 44. Edizio honetako finalisten argazkian emakumezkoen hutsunea nabarmena izan da. Ander Perez Nafarroako Bertsozale Elkarteko koordinatzaileak atzokoan argitu bezala, “argi dago honek ez duela erakusten Nafarroako bertsolaritza bere osotasunean”, eta “hausnarketarako tartea” ere ematen duela azpimarratu zuen. Puntuazioak puntuazio, izan ere, finalerako aukera nabarmenak zituzten emakumezko bertsolariak finalaurrekoen atarian gelditu dira, tartean Saioa Alkaiza, Sarai Robles eta Alazne Untxalo.

Joxema Leitza, txapel jartzaileaAtzo Rekondok ezagutzera eman zuen bezala, Nafarroako Bertsolari Txapelketako garaileari txapela jan-tziko diona Joxema Leitza (Arbizu, 1971) izango da, bertsolaritzaren mugimenduko hainbat alorretan aritutakoa: bertsolari, gai-jartzaile, epaile, eragile, irakasle... Rekondok azpimarratu bezala, bertsolaritzaren baloreak gorpuzten dituen horietako bat da Razkin, eta horrexegatik aukeratua izan da txapel jartzaile. “Txapela jartzeko aukera emanez, bertsoaren alde egindako lan eskerga aitortu eta eskertu nahi dio Nafarroako Bertsozale Elkarteak”.

Ibilbide luze baten emaitza “Urteak joan eta urteak etorri, Nafarroako euskal kulturaren erreferen-tzia nagusietako bat bihurtu da Nafarroako Bertsolari Txapelketa”, adierazi zuen atzo Rekondok. “Baina ez da bat bateko lorea. Txapelketa urtean zehar egiten den la isilaren fruitu da, bertsolaritza transmiti-tzeko alorrean egindako lan eskergaren ondorio zuzena”. Izan ere, ikastetxeetan zein bertso eskoletan egiten den lanak mugimenduari egiten dion ekarpena ezinbestekoa dela azpimarratu zuen elkarteko lehendakariak.

Txapelketaren azken edizio honetan, 33 bertsolarik eman zuten izena, eta aurre kanporaketak igarota, 24 izan ziren Tuteran hasitako ibilbidean. Handik Urazubira, Iruritatik Lizarrara, Atarrabiatik Etxarri-Aranatzera eta Lesakatik Iruñera “Nafarroaren berdeak, horiak eta gorriak zeharkatu ditu” txapelketak Anaitasunara iritsi arte.

Finalerako sarrerak, Perezek gogoratu zuenez, dagoeneko salgai daude www.bertsosarrerak.eus atarian, baita Nafarroako hainbat herritako salmenta-puntuetan ere: Iruñean, Karrikiri dendan; Elizondon, Fantxiken; Lesakako okindegian; Leitzako Maimur liburu-dendan; Etxarri-Aranazeko Xapatero tabernan eta Lizarrako Olgarenea natur dendan. Finalaren egunean bertan, halaber, sarrerak salgai egonen dira Anaitasunako leihatiletan, 15.30etik 17:00etara.