'LO QUE NO TIENE PRECIO LIBURUA' AURKEZTUKO DUte

Bidebarrieta Kulturguneak literatura frantsesari buruzko beste topaketa bat jasoko du bihar

09.02.2020 | 02:18
Annie Le Brun poeta eta arte kritikaria da.

BILBO. Ekitaldia, Lydia Vázquez UPV/EHUko Filologia Frantseseko katedradunak aurkeztuko du, genero azterlanetan especialista eta Le Brunen lanen itzultzailea. Bilboko Institutu Frantsesarekin batera antolatu den ekitaldia arratsaldeko 19:30ean hasiko da, sarrera librearekin, eta frantsesez egingo da, gaztelaniarako aldi bereko itzulpenarekin.

Lo que no tiene precio (Frantzian 2018an argitaratutako lana), 1968ko amorrua gogora ekartzen duen galtzada-harria da, eta Annie Le Brunek planetako gizon eta emakume boteretsuenen kontra jaurtitzen du, beraien zinismoaren kontra, izan ere, euren fundazioei edo ekarpenei esker, gizateriaren ongile nagusi gisa agertzen dira. Baina, egin dutena, munduaren askatasunaren eta edertasunaren kontrako gerra hastea izan da.

Horregatik, Le Brunek, Mendebaldetik lurreko gainerako lekuetara zabaltzen den "zatartze" orokorrari buruz egiten du berba. Merkataritza gune erraldoiak, eta betidaniko museoak ordezten dituzten arte garaikide fundazioak. Horietan, Jeff Koons edo Anish Kapoor artistek, beste batzuen artean, artelan berberak erakusten dituzte, monumental bezain estereotipatuak eta, batez ere, "zatarrak".

Annie Le Brun idazle, poeta eta literatur kritikaria Rennesen (Frantzia) jaio zen 1942an. Bretonen eskutik higikunde surrealistaren azken urteetan hartu zuen parte. Ombre pour ombre (2004) lanean bildu diren bere testu lirikoekin batera, saiakera lan hauek argitaratu ditu, besteak beste: Lâchez tout (1977), neofeministen eta Simone de Beauvoirrekin aurrera eramandako altxamendu feministaren nagikeriaren kontrako manifestu iraultzailea; Les Châteaux de la subversion (1982), eleberri gotikoari buruzkoa; edo De l'éperdu (2000), literaturako figura handiak askatasun sinbolo gisa berriro ere gogora ekartzen dituen lana.

Bidebarrieta Kulturgunea, Bidebarrietako liburutegiaren barruan, helburu nagusi liburuaren eta literaturaren garapena eta hedapena dituen gunea da.