BILBO.Linn Da Quebrada artista brasildarrak kontzertua eskainiko du ostiralean Azkuna Zentroan, gaueko 21:00etan. Brasildarra buru-iraultzailea da, interpretatzaile urratzaile eta miresgarria. Artistak giza askatasunaren inguruko elkarrizketa unibertsala gogora ekarriko du Bilbora.

Beltza, transexuala, pobrea, homosexuala, 30 urte ere bete gabe izandako minbizi batetik bizirik aterata. Ez dago Linn da Quebradak aurrez aurre izan ez duen oztopo, zailtasun edo aurreiritzirik. Brasilgo artista honek aurre egin nahi dio heteropatriarkatuari eta agerian jarri nahi du transexualitatea, funk dantzaren bidez.

Pajubán letrak portugesez daude beti, eta sexualitate falozentristaren kritika zorrotza dira, umore-ukitu batez eta taburik ez duen sexualitatez gainezka. ??Musika orainari emandako erantzuna ere bada, eta gure ekoizpen musikala bizi garenari, eraikitzen ari garenari eta eraiki nahi dugunari ematen diogun erantzuna da?? azaldu du Brasilgo artistak.

Pajubá da haren azken lana, crowdfunding kanpaina baten laguntzaz argitara emana, elkarlanaren emaitza baita. Linn da Quebradak eskerrak ematen dizkie lagundu dioten guztiei. ??Jende askorekin aritu naiz hau eraikitzen, nire laneko bazkideak izan direnekin, eta finantzazko laguntza eman didate diskoa atera ahal izateko. Albuma inbertsio kolektiboaren ondorioa da, eta oso harro nago horretaz. Nik uste dut hori dela disko honi gertatu ahal zitzaion gauzarik onena??.

FITXA ARTISTIKOA

Linn Da Quebrada eta Jub do Bairro (ahotsa), Dj Pininga eta Badsista (cdj-ak, erritmo-kutxa eta teklatuak) eta Dominique Vieira (perkusioa).