donostia 'Hil Kanpaiak' filmean pertsonaia nagusietako bat antzeztu duzu, Carmen. Proiektu honetatik zerk erakarri zintuen?

Imanol Rayok zuzendu behar zuela; proposamen propioa duen zuzendaria da. Istorioak berak ere erakarri ninduen. Nik egiten dudan pertsonaia, Carmen, oso potentea da. Baserri giroko thriller bat izateak, euskaraz izateak... Gauza askok erakarri ninduten (barreak).

Filmatzen hasi aurretik '33 ezkil' nobela irakurtzeko aukerarik izan zenuen?

Ez, eta egia esan oraindik hor daukat irakurtzeko. Lasaiago nabilenean irakurriko dut (barreak).

Film honetako pertsonaia guztiak oso tristeak dira. Esango nuke ez dagoela irribarre bakar bat ere pelikula guztian.

Oso tristeak dira bai, oso hotzak, kanpotik behintzat. Azaletik oso hotzak dirudite, baina barruan izugarrizko drama bizi dute.

Izatez 'rural noir' generoan koka-tzen da 'Hil kanpaiak', baina thrillerra, pelikula bultzatzen duen hilketa, ia-ia beste zerbait konta-tzeko aitzakia da.

Istorio iluna da, ilunetan ilunena, esango nuke nik; oso modu bitxian kontatzen dena. Itxura batean, pelikularen hasieran ez da gauza gehiegirik gertatzen, baina gero istorioak harrapatu egiten zaitu, pertsonaiak barne-barnetik ezagutzen dituzu, eta han dagoen drama ulertu egiten duzu; eta are ilunago bihurtzen da guztia (barreak).

Zuzendari Berriak sailean lehiatuko da 'Hil kanpaiak'. Nola ikusten ditu Itziar Ituñok euskal zinemagile berriak?

Gero eta hobeto, proposamen gero eta ausartagoak egiten dituzte, oso potenteak. Zuzendari gazteak indar-tsu datoz; eta hori da behar duguna, baina proiektuak aurrera ateratzeko baita aurrekontuak ere.

Agian, azken hori falta da bereziki.

Uste dut, azken aldi honetan, instituzioak premia horren kontziente izaten hasi direla. Irudimena oso ondo dago, baina atzetik aurrekontu duin bat ezinbestekoa da zine ona egin ahal izateko.

Tiraderetan gidoi ugari dago hautsa hartzen norbaitek finan-tzatu zain.

Tamalez, gure herrian bai behin-tzat.

Itziar Ituño non dago erosoago, euskal zinemagile gazteen proiektuetan edo beste dimentsio bat hartu duten 'La casa de papel' bezalako ekoizpenetan?

Etxean nago erosoago. Euskal Herrian oso gustura sentitzen naiz, nire konfort gunea baita. Batzuetan ez ditut zuzendariak ezagutzen baina egiten den lanean konfiantza dut. Euskaraz eroso sentitzen naiz, etxean. Bizitzak noizean behin gauza handiak ere ekarri egiten ditu, eta horiek kudeatzen ere jakin behar da, abentura itzela baita. Baina gogoan izan behar da etxera bueltatzeko aukera hor duzula beti. Gustagarria da horrelako proiektu oso ezagun baten parte izatea, eta, aldi berean, zure herriko jendeak euskal filmetarako zugan pentsatzea.

Zinemaldi honetan hiru proiektutan zaude. 'Hil kanpaiak' filmeko protagonistetako bat zara, baita 'Alardea' telesailean ere. 'Nora'-n paper txiki batean zu ikusteko aukera ere izan dugu.

Nora ez dut oraindik ikusteko aukera izan, eta desiratzen nago. Oso proposamen anitzak dira.

Gipuzkoarrok 'Alardea' telesailak lantzen duen gaia sakonki ezagu-tzen dugu, ez dakit bizkaitarra izanda arrotz sentitu duzun.

Pixka bat urrun harrapatzen ninduen gaiak, baina jantzita nengoen. Proposamena jaso nuenean dokumentatzen hasi nintzen, dokumentalak ikusten, artikuluak irakurtzen; gaian murgiltzen, azken batean. Informatzen hasi nintzenean erabat hunkitu nintzen. Jakinda gainera, ETBrako euskaraz egindako proiektu bat zela, nola edo hala egin behar nuela pentsatu nuen. Barkuan sartu nintzen eta hor ibili gara, arraunean gogor.

Azken urteetan ez da euskarazko fikzio gehiegirik ekoiztu.

Horregatik, egin beharra dago. Oso inportantea da, ezin gara atzean geratu. Euskaraz proiektu oso potenteak eta ausartak egiteko garaia da.

Konfinamendua hasi zenean 'Ilargi guztiak' proiektua filmatzen hasi zinen. Zer espero dezakegu?

Igor Legarretaren pelikula oso interesgarria izango da, genero fantastikoan kokatzen baita. Irudi batzuk ikusi ditut eta oso polita izango dela uste dut.

'La casa de papel' filmatzen ari zara.

Oso entretenigarria izaten ari da, baina baita gogorra ere (barreak).

Telesaila laugarren denboraldi honetan bukatuko da. Penatuta?

Amaiera bai, baina martxoa edo apirilera arte grabatzen ibiliko gara. Pena, ziurrenik, azken egunean etorriko da. Oraindik egiteko asko daukagu aurretik. Nire ustez, istorioak ondo bukatu behar dira, ondo borobilduta. Azken denboraldi honetan horrela izango dela uste dut.

Mahai gainean proposamen asko izango dituzu.

Baditut bai, baina ea zer gertatzen den COVID-19aren kontu honekin. Batzuk, tamalez, erori egin dira. Ezin naiz kexatu, zuzeneko arteetan, esate baterako, oso gaizki baitaude.