orbere sorkuntzatik ekoiztutakoak kolektiboan partekatu eta kolektibo horretatik abiatuta sortu eta jendartera-tzea, horixe da Iruñean berriki sortutako Hatzamarka taldearen helburu nagusia. Hatzak, eskuz egindako literatura eta ilustrazio lanak direlako; marka, gizartean norbere identitateaz sortutakoa erakusteko. Harramazka, azken finean, arrastoa ere uzteko. Halaxe azaldu dute Iñigo Satrustegi idazleak (Iruñea, 1997) eta Itziar López ilustra-tzaileak (Barañain, 1997), Sarai Robles bertsolaria (Barañain, 1996), Mikel Barberia ilustratzailea (Atarrabia, 1996), Maite Idoate idazlea (Iruñea, 1996), Julen Azketa diseinatzailea (Iruñea, 1996) eta Olatz Azpirotz idazlearekin (Iruñea, 1997) batera kolektiboa osa-tzen dutenak. Iruñeko Udalaren eta Uharteko Arte Garaikidearen Zentroak emandako diru-laguntza eta bultzadari esker, eta talde lan-dinamika zehazteko prozesu sakon baten ondoren, Hatzamarkak berriki argitaratu du bere lehenengo lana, I izenburupean. Liburua datorren larunbatean aurkeztuko da Uharteko Zentroan, arratsaldeko 19.00etan.

Sareak jostea eta modu kolektiboan jardutea gero eta ezinbestekoagoak diruditen garai honetan, Hatzamarkak modu natural bezain informalean ekin zion taldea era-tzeari duela bizpahiru urte, Satrustegik gogoratu duen bezala: “Nik jada idazten nuen, baita Maitek eta Olatzek ere... Elkar ezagutzen genuen Gasteiztik eta Iruñean ere inguru berdintsuetan ibiltzen ginen. Halako batean Maiteri zerbait egin genezakeela esan nion, eta hain zuzen berak Olatzekin horretaz hitz egin zuela esan zidan. Sarai Robles bertsolaria da eta taldearekin bat egin zezakeela pentsatu genuen, eta ezagutzen ez bagenuen ere berarekin harremanetan jarri eta bat egin zuen”.

Egun Hatzamarka osatzen duten kideak 1996 eta 1997 urteetan sortutakoak dira. Kolektiboa eratzeko lehenengo elkar solasak izan zituztenean denak ala denak ikasketak bukatu berri zituzten edo buka-tzear zeuden, jada lan munduari zeharka edo zuzenki begiratzen zioten, aukerak urriak eta etorkizun ezegonkorra erakusten zien artea eta kulturaren sektorera. Zer egin? Nola jarraitu bakoitzaren lanak plazaratzen eta ezagutzera ematen? “Hori zen nire beldur nagusietako bat une hartan, sortzen jarraitzeko aitzakiarik ez aurkitzea”, aitortu du Lopezek. Izan ere, idazketaren eta ilustrazioaren munduan aukerak, proiektuak eta babesa aurkitzea ez dela erraza azpimarratu dute, are gehiago Iruñean bertan eta euskaraz jarduten.

“Mahai-gainean jarri genituen ideia guztiak eta erabaki genuen bakoitzak besteen poemen aukeraketa bat egingo zuela. Handik aurrera ilustratzaileei pasatzea erabaki genuen”, gogoratu du Satrustegik. Taldean sartzeko proposamena heldu zitzaionean Arte Gradua bukatu berritan zegoen López bera, sorterrira itzuli eta ekoizten jarraitzeko “aitzakia eta motibazioa” eman ziona. Izan ere, kolektiboaren helburua hasieratik oso argia izan da zentzu horretan: argitaratzea, sortzea, “egitea, azken finean”. “Idazle bezala”, argitu du Satrustegik, “zailtasun asko daude. Lehiaketetara aurkeztu zaitezke eta kasurik hoberenean ere argitalpen eskubideak galtzen dituzu, edo argitaletxeetara liburu edo proiekturen bat aurkeztu dezakezu baina ez da erraza aurrera egitea. Gazteak gara eta euskaraz sor-tzen dugu, eta Iruñean ez zegoen halako ezer”. Lópezek azpimarratu bezala, hasieran proiektua autogestionatua izan behar zen guztiz, diru laguntzarik ez zutelako espero. “Kurrikulum propioa egiteko modu bakarra zen momentu horretan, ez geneukan beste aukerarik”.

Erran eta ekin, taldea bere lan dinamika zehazten hasi zen, prozesu luze eta gora-beheratsu batean, kontutan hartuta kideak une hartan hiri desberdinetan bizi zirela eta “bakoitzaren motibazio maila desberdina zela une bakoitzean”. Lópezek ez dauka zalantzarik alde horretatik: “Erronka nagusia guztien arteko koordinazioa izan da”. Izan ere, taldeko kide bakoitzak berezko sorkuntza lana, estiloa eta jarduteko modua daukala eta guzti hori bateratu eta sorkuntza lan amankomun baterantz bideratzea nekeza izatera ere suertatu dela aitortu du Satrustegik ere.

2019an Hatzamarkak Iruñeko Udalak eskaintzen duen sormen proiektuetarako diru-laguntza eskuratzeak bultzada eta indarra eman zion kolektiboari, kideek onartu bezala. “Motibazioaren aldetik oso garrantzitsua izan zen, hor hasi ginen guztiok AEK-ko lokalean elkartzen, ideiak ordena-tzen, lehenengo liburuaren protomaketa egiten... Konfinamenduaren ondoren berriz ekin genion proiektuari”. Aurten, gainera, Uharteko Arte Garaikideak antolatzen duen Arte Gaztearen Topaketen babesa ere lortu du, ezbairik gabe Hatzamarkak aurkeztu duen proiektuaren interesa eta kalitatea aditzera eman duen urratsa: “Uharteko Zentroaren kasuan proiektuarekiko feed-back bat jasotzeko aukera izan dugu, eta iritzi oso onak bildu ditugu bai testuen kalitateari bai diseinu eta edizioari dagokionez ere”.

Hasierako ideiatik lehenengo argitalpenarekin lortutako emaitzera “salto kualitatibo ikaragarria” egon dela aitortu du Satrustegik. Izan ere, hasmentako ideia testuak sortu eta ondoren testu horietan oinarritutako ilustrazioak sortzea izan bazen, denborarekin eta ilustratzaile taldearekin elkarrizketan besterik gabeko bateraketa horrek “ez zuela funtzionatuko” ohartu ziren. Lópezek baieztatu bezala, kolektiboko ilustra-tzaile taldeak “lana publikatzeko aukera bat zela” argi zuen, “baina, aldi berean, osotasun batean ere funtzionatu beharra zuen”. “Genuen ideia horretatik egin dugun honetara salto oso handi bat dago”, ondorioztatu du Satrustegik, “oreka mantentzen eta koherentzia ematen jakin dugulako”. Gainera, argi du “talde sentimendua” ere eztabaida fase horretan piztu zela.

Izan ere, Hatzamarkak horixe du helburu, elkarren artean sorkun-tza sena partekatzen duten sortzaile taldearentzat espazio irekia izatea. “Ez dakit oso talde heterogeneoa delako edo, baina muga oso gutxi jarri dizkiogu gure buruari”, dio Lópezek. “Liburu tradizional bat egitetik urrundu nahi izan dugu eta, etorkizunari begira ere, diziplina desberdinak nahasteari ez diogu batere beldurrik”.

Ez diziplina-artekotasunari beldurrik, ezta taldea zabaltzeari ere, aurrera bideari so Hatzamarkak espazio ireki eta dinamiko bat izateko asmoa baitu. “Uste dut ate bat ireki dugula sorkuntzari espazio bat emateko”, dio idazleak, Iruñean dauden espazio mota horien eskasiaz kontziente. “Ez dugu zertan taldeko guztiok aldi berean proiektu berean jardun behar baina bai Ha-tzamarka markapean, sarearen barruan. Jende berria fitxatzeari irekita gaude, ahalik eta jende gehien izan, hobe: aurrera begira ikusiko dugu nola kudeatu”.

“Uste dut euskarazko sorkuntzari espazio bat emateko ate bat ireki dugula”

Idazlea eta Hatzamarkako kidea

“Liburuaren sorkuntza prozesuan oso muga gutxi jarri dizkiogu gure buruari”

Ilustratzailea eta Hatzamarkako kidea