- Xabier Lete (Oiartzun, Gipuzkoa, 1944 - Donostia, 2010) idazle, poeta eta kantaria zendu zela 10 urte bete direnean, Karrikiri Elkarteak eta Nafar Ateneoak euskal kulturako artistarik garrantzitsuenetako batean bilakatu zenaren obra gogora ekar-tzeko eta omentzeko ziklo bat antolatu dute, 10 urte Lete gabe izenburupean. Iruñeko Udalaren laguntzarekin antolatutako egitaraua azaroaren 23an, astelehenean, hasiko da Angel Lertxundik eta Alex Gurrutxagak eskainiko duten Xabier Lete: historiaren tabernan hitzaldiarekin. Hitzordua Iruñeko Kondestablean izanen da, arratsaldeko 19.00etan.

"Letek liburuetan biribiltzen zuen kalean entzundakoa: ahozkoak eta idatziak, bi-biek egiten dute bat Leteren poetikan", azaldu dute antolatzaileek. "Hartaz mintzatuko dira Gurratxaga eta Lertxundi, Xabier Leteren inguruko hainbat puntu, txandaka, jorratuz".

Egitarauaren osatuko duen kon-tzertua, aldiz, abenduaren 17an (osteguna) eskainiko da, 19.30ean Nafarroako Antzerki Eskolan. Antolatzaileen hitzetan, "Antton Valverdek Xabier Lete bere betiko lagunaren letrak eta poemak musikatu dituen kantu sorta berezia eskainiko digu. Ibilbide luze honetan egin duen lan horretan, beste musikari-kolaboratzaile eta lagun bat izango du lagun: Joxan Goikoetxea akordeoilaria. Klara Mendizabal sopranoaren ahotsak eta Francisco Herreroren biolin eta biolak koloratura berezia ekarriko diote proposamen intimo honi, Oiartzungo poeta eta musikariaren heriotzaren hamargarren urteurrena ospatzeko". Kasu honetan, sarrera aurretik erosi beharko da, zortzi euroko salneurrian.

1968an argitaratu zuen Letek lehen poemategia eta 2009ko urriaren 27an bere azken Egunsentiaren esku izoztuak poesia-liburuagatik Euskadi Literatura Saria eman zioten. 2005. urtean, kolpe latza jaso zuen: bere emazte Lourdes Iriondoren heriotza, gaixotasun baten ondoren. 2009ko apirilean Jakiunde zientzia, arte eta letren akademiako kidea izendatu zute eta 2010ean, ohorezko euskaltzain. Urte berean hil zen, abenduaren 4an, gaixotasun baten ondorioz.

'Xabier Lete: Historiaren tabernan' hitzaldia. Angel Lertxundi eta Alex Gurrutxaga. Azaroaren 23an, 19.30ean Kondestablearen jauregian.

'Hor zaude nonbait' kontzertua. Antton Valverde, Joxan Goikoetxea, Klara Mendizbal eta Francisco Herrero. Abenduaren 17an, 19.30ean NAEn.