- Mikelote eta Pantxo komedianteen garai loriatsuena iraganeko gauza da. Lehen txaloak zirenak egun txistu bilakatu dira baina, Pantxo erretiroaren beharraz aski kontziente den arren, Mikelotek ez du onartzen. Elkarrekin, Euskal Herri osoa zeharkatuko duen bidaiari ekingo diote, euskal On Kixote eta Santxo Panzaren antzera, irudimena eta errealitatearen arteko arrakalari neurria ezin hartuz. Ez dok ero, izenburuan atzematen den bezala, bidaia ero baten inguruko antzezlana da: Mikel Martinez eta Patxo Telleria tandemaren azken ikuskizuna gaur bertan ailegatuko da Nafarroako Antzerki Eskolara, Irri Ziklo umorezko an-tzerki zikloaren eskutik.

“Euskal Herriko antzoki batean, zeinen izena ez dudan gogoratu nahi…”. Esaldi horrekin jada koka-tzen gara antzezlan honek ekarriko digunarekin, ezta?

-Bai, neurri batean bai. Irudi horrekin jolasten dugu, azken finean. Arketipo horiek erabili nahi izan ditugu gure esparrura eramateko, gure euskal antzerkira.

Euskal kultura mintzagai, beraz.

-Bai, euskal kultura orokorrean eta baita neurri batean ere gu, bikote bezala. Autofikzio moduko bat egiten dugu, antzerkiaz eta kulturaz barre egiteko. Baina, batez ere, gutaz barre egiteko, antzerkiaren zein kulturaren hausnarketa ironikoaren bide horretatik.

Nondik doa hausnarketa ironiko hori?

-Gure lana ezagutzen duenak badaki gure umorea ironikoa dela: zentzu horretan, hatzamarrak begian sartzea gustatzen zaigu, betiere irria eta barrea sortzeko asmoarekin. Baina gustatzen zaigu gure ikurrak eta ukitu ezintzat ditugun sinboloak kolokan jartzea. Kasu honetan, kulturako hainbat eta hainbat gauzari buruz egiten dugu barre: Durangoko Azoka, Haizearen Orrazia, Oteizaren apostoluak, Zuberoako pastoralak edo Donostiako danborrada, adibidez. Gauza horiek beste modu batean ikusten ditugu. An-tzezlanean, bidaia luze bat egiten dugu Euskal Herrian zehar, euskal antzerkia eraberritzeko asmo zoroarekin. On Kixote bezala, road movie bat da.

Euskal kulturarekin umorea egitea, euskal kultura serio hartzeko modu bat dela erran daiteke?

-Aintzat hartzeko modu bat da. Azken finean, euskal antzerkia, kultura eta euskara bera asko inporta zaizkigu, eta horren inguruan barre egiten dugunean aintzat hartzen ari garela esan nahi du. Modu asko daude kulturara hurbiltzeko eta umorea, ironia, horietako bat da.

Eszenatoki gainean, Mikel Martinez eta biek. Bikote harremana formalizatu duzue dagoeneko?

-Denbora asko daramagu elkarrekin, bai. Eszenatoki gainean egiten dugun lanaz aparte lan asko egiten ditugu, beste jende askorekin eta bakoitza bere aldetik ere. Baina elkarrekin urte mordoa daramagu. Antzelanean kontatzen dugun istorioaren abiapuntua ere hori da. Bertan, urte asko daramazkigu antzezten eta jendea gurekin gogaitzen hasia da, aspertuta dago betikoarekin. Hasieran txaloka jasotzen bagintuzten, azkeneko urteetan txistuka eta ufaka hartzen gaituzte. Nire pertsonaiak erretiroa hartzea hoberena dela uste du baina Mikelenak, Mikelotek, txistuak entzun beharrean txaloak entzuten ditu. Errealitatea nahasten duen pertsonaia bat da.

Eromena, beraz, antzezlanean lantzen duzuen bertze gakoetako bat da.

-Bai. Hain zuzen ere horixe da an-tzezlanaren abiapuntua: nire pertsonaia psikiatra talde baten aurrean dago bere arazoa azaltzen. Hortik aurrera, Mikeli gertatutakoa azalduko du, bidaia horretaz hitz egingo du, zentru psikiatriko horretatik atera gabe.

Eszenografiari dagokionez, pantailekin jolastu duzue kasu honetan. Minimalismora ere jo duzue, elementu gutxi eta balioanitzak erabiliz…

-Bai, irudiez baliatzen gara bidaia hori osatzeko. Pantaila txikiekin jolasteko hautua egin genuen, eta pantaila horietan kontatzen ari garenaren kontrapuntua azaltzen da. Kontrapuntu estetikoa eta baita kontrapuntu narratiboa ere. Irudian ikusten dena ez doa beti ilustratzera, batzuetan kontra egitera ere badoa.

Ez Dok Hiru taldearen baitan kokatzen den antzezlana da hau, aintzinetik egin izan dituzuen bertze obren estilo berean: Euskera sencilloaren manifiestoa, Lingua Nabajorum, Ez dok hiru-euskal musikaren benetako istorioa… Gauzak kontatzeko formula zehatz bat aurkitu duzuela erran daiteke?

-Formula baino, estiloa esanen nuke nik. Obra honetan estilo horren inguruan ere barre egiten dugu, hain zuzen. Baina bai, gure estiloa oso gauza sinpleetan oinarritzen da: hasteko, bi pertsona, Mikel eta biok; ez dugu pertsonaiarik osatzen, beti gara Mikel eta Patxo; publikoarekin harreman zuzena bilatzen dugu, hau da, laugarren hormarik ez dago; eta gure umorea hitzezkoa da, keinuena baino. Hizkuntzarekin jolastea eta umore absurdoa ere badira gure markak.

Obrak idazterakoan ere, zuzenean formatu zehatz horretan pentsatuta idazten duzu?

-Gauza batzuk mekanikoki egiten ditut, noski. Badakit nola hitz egiten dugun eta hizkuntza aurkitzea ez zait kostatzen. Baina, aldi berean, beti saiatzen gara gauza desberdinak egiten. Gure helburuetako bat da jendea harritzea, ez eskaintzea aldez aurretik imaginatu dezaketena.

Publikoak dagoeneko ezagutzen zaituzte. Lagungarria da hori zuentzat edo presioa eragiten du?

-Lagungarria da, presioa gehitzen duen arren, jakina. Lagungarria da arrazoi askorengatik: jendeak ezagutzen gaitu eta gero eta gehiago etortzen dira, aurrekoetan gustura egon direnaren seinale. Hori gure alde dago. Zailtasun bat da agertzen garen bakoitzean gauza desberdin bat eskaintzea eta gauzak ez errepikatzea, nahiz eta estiloari fidel jarraitu. Hori ere inportantea da. Orain arte lortu dugula uste dut, nork daki noiz arte iraun dezakegun horrela.

Dagoeneko ibilbide ederra egin duzue Euskal Herri osotik an-tzezlanarekin. Zer moduzkoa izaten ari da harrera?

-Galdera horri erantzuteko modu bakarra dago: harrera txarra balu ez nuke esango, kar-kar... Baina egia da emanaldi asko lotu ditugula dagoeneko. Deitzen digute, eta hori da seinalerik onena. Programatzaileak eta publikoa pozik ateratzen dira eta horregatik deitzen digute gehiagotara. Erantzuna oso ona izaten ari da, alde horretatik. Espero dut jendea nire hitzarekin fidatzea.

Barre egitea inoiz baino beharrezkoagoa suertatu daiteke egun…

-Hori komentatzen digu jende askok. Egoera honetan oso zaila da publikoarekin harreman zuzena izatea, ikusleak alde batetik ateratzen direlako antzokitik eta gu bestetik. Zailagoa daukagu publikoarekin nahastea emanaldiaren ondoren. Baina publikoarekin egoteko aukera izan dugun apurretan komentario hori oso ohikoa izan da: zenbat eskertzen den barre egitea.

‘Ez dok ero’. Tartean Teatroa, Ez dok hiru. Patxo Telleriak idatzia. Antzezleak: Mikel Martinez eta Patxo Telleria.

Irri Ziklo. Iruñeko Udala eta NAE.

Sarrerak. NAE-ren webgunean eta leihatilan (18.00tan).