Segurtasun neurri guztiak hartuta, Ikastolen Elkarteak JUUL Literatura Hauteskundeen 23 edizioa ospatu zuen erenegun. Urtez urte, Euskal Herri osoko ikastoletako haurrek euren botoak ematen dituzte euren liburu eta ilustratzaile gogokoenen zerrenda osatzeko. Dudarik gabe ikastoletako literatura hitzordu nagusienean bilakatu da jada JUUL, eta indartuz doa edizioak aurrera egin ahala. Aurten, euskarazko liburuentzako 12.474 boto eman dira, eta 5.046 hautesle-ikaslek parte hartu dute, ilustratzaileen kategorian.

“Juul kanpainaren antolaketa erabat ezberdina egitea egokitu zaigu”, aitortu dute Ikastolen Elkartetik. “Horretaz gain, kontuan izan dugu JUUL kanpainan parte hartzen duten ikastolen lurraldetasuna eta bakoitzaren gobernuak ezarri dituen prebentzio neurriak. Gogoratu behar dugu Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Nafarroa eta Iparraldeko ikastolek parte hartzen dutela. Horregatik, hauteskundeak gelaz gelako antolaketarekin egin da, ezarritako urruntze eta higiene-neurriak jarraituta”. Emaitzen artean, aurrreko edizioetatik lehenengo postuetan egon diren ohiko idazleen izenak errepikatu dira, Jasone Osoro, Jeff Kinney edo Olga de Dios bezala; baina izen berriak ere agertu dira, hala nola Aintzane Usandizaga, Amets Arzallus edo Paddy Recalde. Argi geratu dena, hori bai, ikasleek “etxeko” egileak nahiago dituztela da, izan ere, kategoria gehienetan euskal idazleak agertu dira.

Aurten, azken urtetan bezala, bozkatuen izan diren idazleei zein ilustratzaileei Ikastolen Elkarteak aitorpen berezia egingo die. Horretarako, Asun Goikoetxea artista nafarrari JUUL saria egin zezala eskatu dio, NIEk saridunei banatuko diena.

3 eta 6 urte arteko ikasleen kategorian, Denonartean argitaletxeak plazaratutako Olga de Diosen Hiru begiko igela nagusitu da. Haren ondotik, Harold Jiménezen Polita eta Marie-France Painseten Boskotea ohean izan dira bigarren eta hirugarren.

Lehen Hezkuntzako 1. eta 2. mailako ikasleek Aintzane Usandizagaren Etxe honetan (Pamiela) aukeratu dute garailetzat, bigarrena egin duen Miren Agur Meaberen Katta ametsetan eta hirugarren postuan geratu den Rachel Brighten Otsoko eta etxerako bidea lanen gainetik.

8 eta 10 urte bitarteko ikasleak biltzen dituen kategorian, Ibon Martin idazlea nagusitu da, Onin eta Afrikarako bidaia lanarekin. Bigarren eta hirugarren, Lapatza, Paddy Recalderena; eta Txomin eta Peru Magdalenaren Txomintxo eta Perutxo lehendakari izan dira.

Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako ikasleek Jasone Osororen Maddiren amona influencerra liburua aukeratu dute euren botoen bitartez. Honen ondotik, Jeff Kinneyren Greg 12 - Ihesaldia eta Antton Kazabonen Burnizko potoa lanek egin dute bigarren eta hirugarren, hurrenez hurren.

Jon Arretxek bigarrenez lortu du nerabeen kategorian nagusitzea, Beti Iparralderantz eleberriarekin, eta Amets Arzallus eta Ibrahima Baldek lortu dute bigarren postua, Miñan lanarekin. Jasone osororen Eskularru beltzak izan da hirugarren. Ilustratzaileen kategorian, Emmanuel Montiel izan da boto gehien bildu dituena, eta onen ondotik gelditu dira Enrique Lorenzo, Alai Zubimendi, Eider Eibar eta Joseba Larratxe Josevisky.