Ez da erraza izan, baina indarrarekin eta lanarekin ikuskizuna aurrera ateratzea lortu dute. Jaso Ikastolako ikasleek euren musikal berria oholtzaratuko dute ortzegun honetan Barañaingo auditorioan. Dagoeneko ikastolaren ikur bilakatu den proiektu honen eskutik datorren bederatzigarren musikala da Ximur, alzheimerra hizpide duen obra. Goizean aurre-estreinaldi bat eskainiko da Jaso Ikastolako eta Alaitz Ikastetxeko ikasleei zuzendua, eta arratsaldean saio irekia eskainiko da 19.00etan. Sarrerak auditorioko webgunean eskuratu daitezke jada. Halaber, ostiralean eta larunbatean ere saio bana eskainiko da, ordu berean.

Alzheimerraren sintomak nabari-tzen hasten den pailazoa da istorio honen protagonista. Bere pailazo hirukotearekin bizitza artistikoaren azken egunek gaixotasunari lekua nola uzten dioten kontatzen digu protagonistak, bere kontropetik at dauden arazoei aurre egiteko beharra duelarik. Izan ere, musikalaren helburuetako bat gaitza ezagutzera eman eta bere inguruan kontzientzia piztea da, atzo proiektuaren arduradunek eskainitako aurkezpenean azaldu zuten moduan. Hartara, lana prestatzerakoan Espainiako Neurologiaren Elkartearen (SEN) laguntza eta aholkularitza izan dute, baita euren bermea jaso ere.

Aurreko urteetako formatua errepikatuz, kantua, dantza, akrobaziak eta efektu bereziak batuko dira ordu eta 35 minutu iraungo duen emanaldian.

Denetara 40 ikaslek parte hartu dute obraren sorkuntza eta ekoizpen prozesu osoko lanetan, Imanol Janices eta Irantzu Zabalza irakasleen eta Eva López de Lahoz ikasle ohiaren zuzendaritzapean. Gidoia, abestiak, koreografiak, eszenografia, jantziak, soinu eta argiztapen diseinua... Ardura guztiak euren gain hartu dituzte ikasleek, bai Janicesek bai Zabaltzak atzo azpimarratu zuten bezala. Dena, helburu nagusi batekin: euskara sustatzea eta kultura egiteko beste modu bat aldarrikatzea. Alde horretatik, Euskaltzaindiaren babesa eta bultzada ere jaso du proiektuak.

“Ikasturte guztian zehar garatzen den proiektua da, STEAM metodologiaren esparruan (zientzia, teknologia, ingeniaritza, artea eta matematikak uztartzen dituen alorra)”, adierazi du Janicesek. Hala, ikasleek halako ikuskizun bat sortzeko beharrezkoak diren alor desberdinetako profesinoalekin hartu-emanak izateko aukera ere izan dute. “Guretzat, prozesua bera da aberasgarriena”, gehitu zuen Zabalzak.

Aurten, prozesua “bereziki zaila” izan da, osasun krisia medio. Konfinamenduan zehar hasi ziren ikasleak gaian pentsatzen. Asteroko bilerekin, pandemia bereziki sufritu zuten adinekoak zaintzearen garrantzia azpimarratu zuten, eta horren ondorioz, obraren bitartez Alzheimerra bezalako gaixotasun baten inguruan sentsibilizatzea erabaki zuten. Gaixotasuna ezagutzera ematea, prebenitzea eta, batez ere, harekin enpatizatzea eta pairatzen duenari laguntzen jakitea izan ziren gaiaren eskutik proposatutako helburuak.

David Ezpeleta SEN-eko idazkariak argitu zuenez, elkartearentzat “oso garrantzitsua” da gero eta biztanle gehiagok jasaten duten gaixotasuna ezagutzera ematea. “Zirragaragarria da guretzat honakoa bezalako proiektu sozial batean parte hartzea, eta gazteek gaixotasun hau armairutik atera eta jendartean ezagutzera ematea”. Elkarteak istorioari zorroztasun zientifikoa ematen lagundu du, baita unitate didaktikoek ere argi izan ditzaten “hedapen, prebentzio, enpatia eta duintasun helburu egokiak”.

Janicesek gogoratu moduan, proiektuaren eskutik unitate didaktikoak ere sortu dituzte, ikuskizunaz gozatuko duten ikasleek ere euren geletan gaitzaren inguruan gehiago ikasteko. Izan ere, Jaso Ikastolaren musikala, proiektu artistiko bat izateaz gain, alor askoz ere zabalagoa hartzen duen proiektu pedagogikoa ere bada. Unitate horiek adin-tarteen arabera banatuta daude eta dinamika eta proposamen desberdinak dituzte, baita bideoklip bat ere.

Proiektuaren helburu nagusietako bat euskararen sustapena denez, Euskaltzaindiak ere babestu du lana. Sagrario Aleman euskaltzainak adi-tzera eman bezala, erabileran zuzenean eragiten duen proiektua da Jaso Ikastolarena.

Euskaltzaindiaz eta SEN elkarteaz gain, Ximur musikalak Nafarroako Gobernuaren, Iruñeko Udalaren eta Caja Navarra-Caixa Fundazioaren babesa ere jaso du, azken honen kasuan Innova Cultural programaren eskutik. Beste 23 enpresek ere lagundu dute musikala, proiektuak duen babes zabala erakusten duena.

‘Ximur’. Barañaingo Auditorioan, ortzegunean, ortziralean eta larunbatean, 19.00etan. Sarrerak: 12,00 euro.

Beste emanaldiak. Ekainaren 3an Donostiako Viktoria Eugenian, ekainaren 11n Miserikordiaren Etxean eta urriaren 22an Iruñeko Baluarten.