Oraindik aunitzek ez dute jakinen baina Iruñeko erdigunean, bihotzean bertan, krater bat zabaldu da, eta kea dario. Gazteluko Plazan bertan, La Perla hotelaren aldamenean dago. Sumendia aspaldidanik piztua zen, seismoa jada urrian nabarmena izan zen eta, azkenik, joan zen ortziralean arraildu zen lurra, hamaika geruzapean borborka zegoen magmari aterabidea emanez: Laba da, euskal kultura bazterretik erdigunera eramango duen proiektua bakarrik ez, eta elkargune, erakusleiho, oholtza, kafetegi eta laborategi izaerarekin bere ateak zabaldu berri dituen egoitza. Iruñeko erraietatik azaleratu eta bazterrak zartatuko dituen indar geldiezina.

"Baina, zer da Laba?". Askok luza-tzen duten galdera da oraindik. Uxue Rey eta Igor López de Uralde Labako kideek azaldu moduan, galderari erantzun zehatza emateko ezintasunak berak definitzen du, hein batean bada ere, proiektuaren izaera irekia, proposamenetara eta ideietara zabalik mantentzeko duen asmoa. "Helburuak oraindik marrazten ari gara", argitu du Reyk, "zirriborroa aspaldidanik egina dagoen arren. Jendeak hori jakitea nahiko genuke, proiektu ireki bat dela, proposamenak jaso-tzeko prest gaudela. Marrazteko aski denbora daukagu oraindik". Proiektuaren zutabe eta oinarri nagusietako bat, "dudarik gabe", euskara da: "Badago ildo bat prozesu osoan zehar errepikatu duguna, eta da euskararen alde egotea eta egitea. Hi-tzezko aldarrikapenak beharrezkoak dira, baina gure asmoa aldarrikapen hori ekintzetan erakustea da, modu oso natural batean. Bertako giroak euskaraz egitera gonbidatzea nahi dugu", López de Uraldek gehitu bezala, "kultura oso modu irekian ulertuz eta euskara bitartekari edo garraiobide nagusi bezala erabiliz". Kulturaren erakusleiho bat izanen da, beraz. "Ez bakarrik kultura modu akademikoan ulertzen dugun bezala. Ekintza askotariko toki bat, toki goxo bat izatea nahi dugu. Hori, eta beste hainbeste izango da".

Ezbairik gabe, Labaren indargune nagusienetako bat bere kokapena da. Reyk argi dauka: "Iruñeko egongela da Gaztelu Plaza, eta bertara iritsi gara. Sofa bat jarri dugu Iruñeko egongelan, euskaraz aritzeko sofa bat". Orain artean euskal kulturaren gotorlekuak aski ezagunak baziren nafar hiriburuan, Karrikiri, Zaldiko Maldiko edo Katakrak tarteko, txoko bat gehitu dio orain Labak, non eta hiriaren bihotzean bertan. "Hemen egonda, euskaltzaleei bakarrik ez eta gainontzeko hiritarrei ere euskal gune bat jarriko diegu begien aurrean. Izan ere, nork ez du ezagutzen Gaztelu Plaza? Gure kultura lau haizeetara zabaltzeko leku ezin hobea izango da". Izan ere, proiektuaren asmoetako bat horixe da: euskal kultura bazterretik erdigunera eramatea. "Momentuz lortu dugu fisikoki erdigunera ekartzea. Orain iritzi publikoan ere eragitea espero dugu".

Kultura egiteko eta kultura erakusteko modua, proiektua ulertzeko modua azken batean, espazio fisikoan bertan islatuta gelditu da. Gazteluko Plazako izkina batean, La Perla hotelaren eta Windsor tabernaren artean kokatzen da lokala. Plazatik begiratuz gero ondoko tabernako terrazak estaltzen badu ere, aterpetik igarotzerakoan aisa aurkituko du oinezkoak, beirazko ateak eta arku formako hiru erakusleihoak agerian uzten baitute barrualdea. Lekua gardena da, argitsua, garbia. Egurrezkoak dira liburuz betetako apalak, egurrezkoa tabernako barra. Estafeta kalera begiratzen duten bi leihoek ixten dute atzealdea, kontzertu edo emanaldietarako baliatuko den eszenatoki txikiaren parte. Guztira 100 metro karratu inguru ditu, López de Uraldek zehaztu moduan: "Ez da sobera handia, baina inguruko lokalekin alderatuta espazio gehiago dauka. Nahi dugun programazio guztia eskaini ahal izateko lokal multifuntzionala izatea nahi genuen eta, horretarako, eraldatzeko ahalmena duten altzariak egin ditugu. Bai oholtza bai grada, erabilera anitzak izateko pentsatuak daude".

Auzolana gako izan da lokala aton-tzerako unean, espazioaren diseinuaz eta konfigurazioaz arduratu den López de Uraldek aitortu moduan. Eguberritako asteak aprobetxatuz abiatu zen obra, eta egun horietan ere argi gelditu zen proiektuari eskaini zaion babesa. "Auzolanean geundela jende mordoa hurbildu zen, ez bakarrik laguntzera", gogoratzen du. "Arreta deitu zidan nola jendea gelditzen zen begira, minutuak eta minutuak, horrelako lokal bat inoiz ikusi ez balute bezala. Hori bera jada izan da publizitate kanpaina txiki bat. Jendeari arreta deitu dio eta badaki hemen gaudela".

Hala, espazio bera agertoki, taberna edo jolastoki izan daiteke, aldian aldiko programa edo eskaintzaren arabera. Baita proiektu berriak sor-tzeko coworking edo elkargune ere, etorkizun hurbil batean, Labako kideak azaldu bezala. Labaren txoko batean, halaber, bertako produktuak erosi ahal izateko denda txiki bat jarri da, hurrengo hilabeteetan osatzen joanen dena. Eta, noski, taberna. Ateak zabaldu dituenetik astebete eskas igaro denean nabarmena da jendartean izan duen harrera ona, tabernan dagoeneko eskaintzen dituzten tostada gozo eta gaziak, zuku naturalak, jogurtak eta kafeak dastatzera bertaratu den jende kopurua ikusita. Proiektuaren filosofiarekin jarraituz, bertakoak eta ekologikoak dira eskaintzen dituzten produktuak.

KRONOLOGIA

Bi urteko bideaEztanda aurreko seismoa

Bi urteko bideaEztanda aurreko seismoa

Labaren ateak berriki ireki baldin badira ere, proiektua abiarazteko lehenengo urratsak duela bi urte eman ziren. Ordurako magma borborka zebilen, euskal kulturaren inguruan jarduten zuten jende talde batek hauspotuta. Baina beste proiektu aunitz ez bezala, lehenengo bultzada lokalaren eskaintzatik ailegatu zen, Reyk gogoratzen duen bezala: "Espazio hau erabiltzeko aukera eman zitzaigun. Honen aurretik apustu-etxe bat zegoen hemen eta, hura itxi zenean, jabeek bestelako proiektu eredu batendako egoitza izatea nahiago izan zuten. Ez zuten gehiago zehaztu, baina kulturari eta euskarai eskainitako zerbait izatea nahi zuten". Promosamena euskalgintzan jarduten duten taldeetara iritsi zen, Topagunea tartean, eta handik hasi zen sarea josten. "Ahoz-ahoko zerbait izan zen hasieran, sarea zabaltzen hasi zen, zer izango zen ez genekienean. Baina espazioa hartzeko aukera geneukan eta baiezkoa eman ahal izateko proposamen zehatz eta mardul bat behar genuen".

Etengabe hazten joan den talde horren ezaugarri nagusia aniztasuna da. Adin, interes eta profil desberdinetako jendea bildu da bertan, euskalgintzan esperientzia dutenak batzuk, aurretik sekula sare edo mugimendu sozialetan parte hartu ez dutenak besteak. López de Uraldek dionenez, "jende gazte asko dago taldean, eta horrek proiektuari beste kutsu bat ematen dio. Lokalaren izaeran nabaritzen da ez dela eredu tipiko bat, baizik eta baduela beste ikuspuntu hori". "Bi profil horien uztarketak", gehitzen du Reyk, "egiten du hau aberasgarri. Beharrezkoa delako badutenen eskarmentu eta esperientzia guzti hori, baina baita beste tokitatik etorritako jendearena ere. Hau ez du zertan euskal militantziatik etorritako jendeak osatu behar, horiek ere bai, baina modu propio batean eta banako bezala ere parte hartu daiteke".

Sumendi oro pizten denean bezala, mugimendua eztandaren aintzinetik sumatzen hasia zen. Labako kideek diotenez, azken urteetan "itzalean, lehen lerroan egon gabe ere" jarduten aritu direnak egon dira: "Astinaldia lehenagotik ematen hasia zen. Orain, aukera ikusi, zirrikitu horretatik sartu eta horrela sortu da Laba". Behin proiektuaren oinarriak finkatuta, publikoki egin zen lehenengo ekintza lokalaren obra egin ahal izateko beharrezkoa zen dirua biltzeko crowfunding kanpaina izan zen, 2021eko ekaina erdialdean. Une horretan bertan argi gelditu zen proiektuak jendarteak izango zuen babesa, finkatutako epean erdietsi baitzen helburua: 30.000 euro biltzea. Eta ez hori bakarrik. Sare sozialetan, banakoetatik zein elkarteetatik babes eta animo mezuak errepikatu eta kanpaina behin eta berriz konpartitu zen: "Sekulako txutea izan zen guretzat, batez ere crowfundingaren azken hiru egunetan, orduan hauspotu baitzen gehien kanpaina". Diru ekarpenak Iruñetik edo Nafarroatik bakarrik ez, eta Euskal Herriko txoko guztietatik iritsi ziren, horrelako proiektu baten beharra bazegoela erakutsiz. "Jasotako erantzuna", dio López de Uraldek, "oso adierazgarria izan da. Lehor dagoen lore bati ura ematen diozunean bezala".

Behin bultzada ekonomikoa jasota, sarea bizirik zegoela erakusteko eta mugimendua kalera eramateko beharra ikusi zuten kideek. Dardara sentiaraztekoa. Iazko urrian, hain zuzen pandemiaren azken neurriak leuntzen hasi ziren unean, Labak Iruñeko alde zaharreko kaleak astindu zituen. San Francisco plazan haurrentzako txokolata batekin hasi zen Seismo besta Kinbonbo Brass Bandek girotutako kalejira jendetsuaren eskutik iritsi zen Labako egoitzaraino. Bertan, Gorka Urbizuk eta Imanol Ubedak luxuzko amaiera eman zioten ekitaldiari, Estafeta kalera begiratzen duten bi leihoetatik eskainitako kontzertu txikiarekin. Tartean, bertso emanaldia eta voguing ikuskizuna ere eskaini ziren. Iruñeko alde zaharrean oraindik Labaren berririk ez zuenik balego, egun hartan ohartuko zen. "Pandemia aurreko jai girora eraman ninduen egun horrek: kaleak beteta, alaitasuna, musika€ Kristoren txutea izan zen". "Txutea", gehitzen du Reyk, "eta lanean jarraitzeko motibazio bultzada. Egitarau horrekin erakutsi genuen gure proiektuaren aniztasuna, eta bildu zen jendea ere aniztasun horren parte izan zen: gurasoak haurrekin, gazteak, helduak... Gende asko bildu ginen".

Seismo hura sumendiaren eztandaren iragarpena izan zen eta, ordutik, labak bere bidea egiten jarraitu du, geldo, etengabe. Ingurua betiko eraldatuz, lurra ongarrituz eta aberastuz. Euskaldunak direnei eta ez direnei ere kultura eskainiz, inguruko taldeekin elkarlanean eta proposamen zein ideietara zabalik mantenduz. Euskal kulturaren kraterra zabaldu da Iruñeko bihotzean, eta laba dario.