- Lesakako Mairu Antzerki Tailerrak sortutako ‘Intxaurra’ lanari eman diote Arnasguneak antzerki-beka, deialdia antolatu duten Nafarroako Gobernuak, Eusko Jaurlaritzak eta Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA) atzo iragarri moduan. Taldeak 23.000 euro jasoko ditu antzezlana sortu eta ekoizteko, azaroan Azpeitiko Euskal Antzerki Topaketetan estreinatuko den bekaren oinarrietan zehaztutako baldintzekin. Ekimena hiru erakundeek 2019an sortutako Arnasa Gara programaren barruan kokatzen da eta helburu nagusiak dira udalerri euskaldunek eta arnasguneek (euskara hizkuntza nagusitzat dutenek) euskarari egiten dioten ekarpena nabarmentzea eta herritarrak kontzientziatzea.

Testua sortu duen Mairu Antzerki Tailerreko Gaizka Sarasolak argitu duenez, gaixotutako intxaurrondo baten iruditik abiatuta, enborra biziberritzeko beharra islatuko du obrak, gainerako adarrak ere osasuntsu mantendu ahal izateko. “Era horretan, historiaren bitartez, euskararen arnasa osatzen duten herrien ezaugarriak, kezkak, mugak, iragana eta etorkizuna agertuko dira, betiere sormena eta antzerkiaren kodeak lehenetsita”. Obraren zuzendaria Manex Fusch izango da.

Herritarrekiko Harremanetako kontseilari Ana Ollok era horretako ekimenak Nafarroan duen garran-tzia azpimarratu du, “arnasguneak ezinbestekoak baitira euskara biziberritzeko”, eta ekimenaren aurrekariak gogora ekarri ditu. Modu horretan, nabarmendu du Nafarroako Gobernuaren Euskararen Plan Estrategikoaren helburu nagusietariko bat euskararen egoera hobetzea dela, “erabilera bultzatuz, batez ere euskararen dentsitate handiko udalerrietan eta euskararen bizitasun handiko lekuetan”, hots, arnasguneetan. “Nafarroako udalerri euskaldunetan, normalean euskaraz bizi daiteke modu naturalean. Euskararen dentsitate handiko guneetan edo ‘arnasguneetan’, berriz, euskara belaunaldi batetik bestera trasmititzen da, hizkuntza etengabe biziberrituaz eta aniztasun eta kulturari ekarpen garrantzitsua eginaz”.

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua den Bingen Zupiriaren hitzetan, beka hau jada bidea egiten ari den kanpaina baten jarraipena da; hots, Arnasa Gararena, 2019an lehen urratsak eman baitzituen. “Geroztik, hainbat kanpaina egin ditugu arnasguneek euskara biziberritzeko prozesuan duten garrantzia azpimarratzeko helburuarekin, gure hizkuntzaren-tzat funtsezko guneak izateagatik”.

UEMAren izenean, Aitor Elexpuruk, Zuzendaritza Batzordeko kidea eta Berako alkatea denak, honela adierazi du: “Herritarren kontzien-tziazioa giltzarria da hizkuntza-ohituren inguruan gogoeta egin eta horiek bultzatzeko. Horixe bultzatu nahi dugu antzezlan honekin”. Era berean, Elexpuruk nabarmendu du Azpeitiko Udalaren eta Azpeitiko Dinamoa Sormen Zentroaren lankidetza izan dutela: alde batetik, obra Azpeitiko Euskal Antzerkiaren Topaketetan estreinatuko delako, azaroan; eta bestetik, Mairu An-tzerki Tailerreko kideek Dinamoa Sormen Zentroa erabiltzeko aukera izango dutelako obra sortzen ari diren bitartean.

Arnasa Gara ekimena. Duela hiru urte jarri zen abian ekimena, aipatu hiru erakundeen bitartez: Nafarroako Gobernua, Eusko Jaurlaritza eta Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea (UEMA). Ana Ollok argitu moduan, ekimena “euskaldunak euskararen dentsitate handiko lurraldeek duten garrantziaz kontzientziatzeko modu bat da eta gainerako herritarrak informatzeko modua ere bai, gure hizkuntzaren eta kulturaren aberastasunaren kontzientzia handiagoa izan dezaten”,

Antzezlanaren estreinaldia, Azpeitian. Sormen prozesuan Dinamoa Sormen Gunea erabiltzeko aukera ere izango du taldeak. Antzezlana, berriz, 2022ko Azpeitiko Euskal Antzerki Topaketetan estreinatuko du Mairu Antzerki Tailerrak.