Miren Agur Meabe: "Emakume izatea, neure sormenari begira, guztiz aberasgarria izan da"

27.02.2022 | 00:51
Miren Agur Meabe: "Emakume izatea, neure sormenari begira, guztiz aberasgarria izan da"

Euskarazko poesia, gazte literatura eta narratiba sortzen duen idazle lekeitiarra Euskaltzaindiako kide oso izendatu berri dute pasa den 2021an.

donostia – Miren Agur Meabe irakasle eta itzultzaile lanetan aritu zen betidaniko grina lanbide bihurtu eta idazle izatea erabaki aurretik. Bi hamarkada beranduago, Espainiako Poesia Saria irabazi berri dut euskarazko lan batekin eta Euskaltzaindiako kide oso izendatu berri dute. Lekeitiar honekin aritu gara euskarari, literaturari eta emakume izateak suposatzen duenari buruz solasean.

Zorionak Euskaltzaindiako kide oso bihurtu izanagatik.

–Egia esan, ohorea da euskaltzain oso izendatua izatea. Ohorearekin batera, ardura, gogoa badudalako literaturarekin zerikusia duten egitasmo zenbait bideratzeko eta. Alde horretatik, nire indarren eta gaitasunen arabera jardungo dut.

Zein ekimen dituzu buruan aurrera eramateko?

–Oraindik abstraktuegia da dena, ez dudalako akademia barrutik ezagutzen. Lehenengo eta behin, ikuspegi orokorra jaso beharko dut eta gero, datozen hilabeteetan, indarguneak bilatu. Bereziki, literaturarekin zerikusia daukaten ekitaldien antolakuntzan aritu nahiko nuke. Ikusiko dugu, oraindik goizegi da esateko; gainera, gauza horiek batzordeka antolatu behar dira. Ez dakit oso ondo, oraingoz, nolakoa den martxa.

Hainbat hamarkada daramatzazu idazten. Betidanik gustatu izan zaizu? Nondik datorkizu grina?

–Betidanik naiz idazle, idazle nintzela jakin gabe ere. Txikitatik gogoratzen dut neure burua arkatzari eragiten, istorioak asmatzen, idazkuntzaren bitartez nire barruko apalak ordenatzen. Horrek beti lagundu izan dit munduan hobeto kokatzen eta zoriontsuagoa izaten.

Noiz ohartu zinen gustuko zenuen ekintza lanbide ere izan zitekeela?

–Txikitan ez genituen emakume idazle erreferenteak begibistan. Lehenengo andereño izan nintzen, gero urte askotan egon nintzen argitaletxe batean, euskarazko liburuak egiten, eta orain dela hamabi bat urte, erabaki nuen beti atzeratutako ametsari nire kemena emateko garaia zela. Ez naiz damutu behin ere ordutik. Gustuko jarduna dut, asko betetzen nau; ikasbide handia da.

Zein genero literariotan topatzen duzu zuren burua erosoago?

–Batzuetan esaten dut nire langelan badudala gurpildun besaulkia, genero batetik bestera mugitzeko, denak ditudalako beharrezko. Bueno, nire trebeziei lotutako denak; alegia, haur eta gazte literatura, poesia eta narratiba. Oraindik, adibidez, ez dut antzerkirik edo saiakera testurik idatzi. Zeinetan nagoen gustora? Denak ditut beharrezko. Hori da hozkailu irekitzea bezala; egun batean jogurta jateko gogoa daukazun moduan, beste egun batean urdaiazpikoa jatekoa izango duzu. Biak dira elikagarri eta osasungarri eta biak behar dira oreka izateko. Halaxe bizi dut ere genero batean edo bestean idaztea.

Euskaraz idaztea ere erosotasun kontua da?

–Euskara nire hizkuntza delako eta euskaraz idaztea nire jaioterriari, nire genealogiari eta nire herriari segida bat ematea delako egiten dut. Ez hori bakarrik; konpromisozko ekintza da, gure gizartearekin eta garaiarekin. Europako hizkuntza zaharrenaren arnasa indartzeko ekintza ere bada euskaraz idaztea. Hainbat dimentsio dituen jarrera bat da. Zein hizkuntzatan idatziko nuen bestela?

Lehengo urtean Espainiako Poesia Saria irabazi zenuen. Espero zenuen inoiz euskarazko lan batek halako sari bat irabaztea Estatu mailan?

–Ez nuen pentsatzen ezta euskaltzaina izango nintzenik ere egunen batean eta berdin poesia sariarekin. Norberak ez du idazten, ikasten, edo irakurtzen aitorpenen bila. Hasteko, norberaren premiari erantzuteko egiten da eta, zeure premiari erantzun ahala, aitortzak etortzen baldin badira, askoz hobeto. Sariarena zoragarria izan da, ez delako izan nire lanari emandakoa bakarrik. Bai, eman zaio nire poema liburuari, euskaraz idatzitako eta emakume batek idatzitako poesia lanari, baina gure Euskal Herriko hizkuntzari eta gure kulturari ere egiten zaio omena, bide batez.

Emakume izateak kondizionatzen zaitu sariak, aintzatespenak jasotzerako garaian? Sentitu duzu nolabaiteko losa hori zure ibilbidean?

–Emakumea izatea, neure sormen lanari begira, guztiz aberasgarria izan da. Horri esker, eta emakume gisa izan ditudan bizipenei esker, gai jakin batzuk poesigintzara eraman ahal izan ditut, adibidez. Eta gai horiek hizkuntza jakin baten bidez azaleratuz, transgresioa ere egin edo askatasuna aldarrikatu. Garbi dago gaur egungo literatur panoraman, emakumeok kokapen desberdina daukagula; hasi nintzenean, orain dela hogei urte, gizonezko narratzaileak zeuden eta, segidan, poeta gizonezkoak. Hor, burua atera nahian genbiltzan 60ko hamarkadaren bueltako hainbat emakume. Bueno, salbuespenak salbuespen; baditugu aurretik Arantxa Urretabizkaia, Amaia Lasa edo Itxaro Borda. Gaur egun, orduan kuku egiten hasita geunden emakume horiek,sistemaren erdigunean bertan gaudel esango nuke.

Nola ikusten duzu euskararen egoera egungo gizartean?

–Penaz. Kontraste handia sumatzen dut. Euskal zaletasun handia ikusten dut, alde batetik, badagoela jendea bere denbora eta bere izerdia ere ematen duena euskararekiko maitasunez, ekintzak eta kultur saioak antolatuz. Eta, beste alde batetik, ikusten dut gizarte bat, Bilbon bertan, guztiz arrotza zaiona euskara, ezertarako merezimendurik ikusten ez diona, guztiz soberan dagoena bere bizitzetan. Horrek niri ere halako giroetan, urrutiramendu sentsazio oso desatsegina sentiarazten dit. Uste dut hor badaukagula frente bat lan egiteko. Nolabait iritsi behar dugu euskara estimatzen ez duen jende horren kontzientziara, gure hizkuntza prestigiatuz edo ikusgarriago bihurtuz.

Posible ikusten duzu hori etorkizun hurbil edo ertain batean?

–Estrategiaren batzuk bilatu beharko dira eta batzuetan, arautegi edo lege baten bitartez lortu beharko dira. Adibidez, amorratu egiten nau hiriburuetan eta, zoritxarrez, herri txikietan ere, gertatzen dena. Alegia, erakusleiho bateko pastelak edo karta bateko menua erakusten denean, gaztelaniaz eta ingelesez, edo gaztelania hutsean egotea. Horrek gaur egun ez dauka tokirik gurean. Gauzak hauek bideragarriak izan daitezke, erakundeen aldetik zorrotzago jokatuta. Hizkuntza bi baditugu herrialde honetan eta, kontsumitzaile gisa, eskubidea baldin badaukat pastela euskaraz erosteko, izena euskaraz idatzita ikusi nahi dut, ez bakarrik ingelesez. Euskal Herria ez dago turismoari begira soilik.

Libururik baduzu argitaratzeke?

–Orain batera eta bestera nabil, poesia saria dela, poema liburua aurkezten. Aste honetan bertan, Segovian egon naiz, Antonio Machadoren omenezko ekintzetan; gero, hitzaldi bat eman nuen Bilbon; atzo Santanderreko Liburutegi Nazionalean izan nintzen eta bihar Valentziara noa. Gelditu gabe nabil eta horrek idazten jartzea galarazten dit, baina badauzkat egitasmo pare bat hasita. Udarekin batera, denbora izatea nahiko nuke liburu horiek aurrera eramateko. Bat gazte nobela da; beka eman zidaten Kultura sailetik eta hasita, baina jarraitu gabe daukat. Pertsonaia historiko bat , emakume bat, berreskuratu nahi duen gazte nobela da.

noticias de noticiasdenavarra