- 'Kantu bat gara' kontzertu bat baino gehiago dela erran daiteke... Nola definituko zenuke zuk?

-Zaila da definitzen zer den Kantu bat gara... Niretzat, gertakizun bat da. Ez da kontzertu ohiko baten parametroetan kabitzen eta osagaiak ere ez ditu ohiko kontzertu batenak.

Zeintzuk dira osagai horiek?

-Batetik, berezitasun bat dauka: nire kantu-letren bilduma batda. Nire ibilbide osoan zehar idatzi ditudan guztien artean aukeratuak daude, gaiaren arabera, garaien arabera... Kantu horien aitzakian gure historia pertsonalean eta kolektiboan zehar ibilbide bat egiten dugu.

Orduan, bidaia moduan ere ulertu daiteke?

-Bai, bidaia bat da. Gero, diskurtso asko daude tartean: elkarbizitza, identitatea, identitatearen transformazioa, emigrazioa, maitasuna, transmisioa... Presentzia handia daukate kantuetan eta kantuen tarteetako azalpenetan ere.

Nondik sortu zaizu ikuskizun hau egiteko beharra?

-Bi arrazoi nagusi egon dira. Batetik, aitzakia izan da iaz 30 urte bete zirela lehenengo kantak idatzi nituenetik. Negu Gorriak taldearentzat idatzi nituen lehenengo kantu horiek, beraien bigarren diskorako, Gure jarrera izenekoa: Gora herria, Lehenbiziko bala... Aitzakia hori baliatu nuen aspaldi burutan nuen zerbait egiteko, eta zen nire letra guzti horiek formatu berri bat ematea. Izan ere, nire kantu-letrak ez dira aurrez argitaratuak izan, denak izan dira kantu izateko sortuak, musikatuak izateko sortuak. Ez daude beste inon. 30 urte hauetan ia 200 kantu idatzi ditut euskaraz eta iruditzen zitzaidan merezi zuela horri forma zehatz bat ematea.

200 kantu baino gehiago, ez da erraza suertatu izanen aukeraketa bat egitea, ezta?

-Ez, zaila izan da. 14 kantu bakarrik sartu ditut disko-liburuan beraz, pentsa, ia 200 utzi ditut kanpoan, horietako batzuk asko gustatzen zaizkidanak. Saiatu naiz denetariko laginak sartzen. Negu Gorriak-en lehenengo horiek, himno modura gelditu diren beste batzuk, baina baita Pirritx eta Porrotx bezalako sor-tzaileei egindakoak, Eskuetan izeneko kantua adibidez. Garirekin ere asko egin dut. Zaharra zara Bilbo aukeratu nuen kasu horretan, izan zitezkeen beste asko baina ezagunenetako bat hori zen. Benito Lertxundirena Itsasoari begira, Akelarre pelikulan Goya irabazi zuen abestia, Soziedad Alkoholika-ren Pauso bat, Anariren Minaren funtsa... Niretzak bereziak izan diren kantuak dira, garai desberdinak eta gai desberdinak jorratzen dituztenak.

Berreskuratze ariketa horretan, zure buruarekin aurkitzeko parada izan duzu? Zer moduz introspekzio ariketa?

-Bai, hala izan da... Norbera alda-tzen da, bizi garen gizartea eta Euskal Herria bera ere aldatu egin dira, eta gaiak ere, beraz, aldatzen joan dira. Guzti hori egiten ditugun obretan islatzen da. Baina bai, nire-tzat izan da memoria ariketa bat, barruan gauzak bilatzeko eta aurki-tzeko ariketa bat. Bai liburuan, bai kontzertuetan ere, kantu horiek nondik datozen azaltzen dut, zein motibaziotatik sortu diren. Galdetu didazunean zerk eraman nauen hau egitera, batetik, 30 urte bete izanaren aitzakia dago. Baina, bestetik, kantuaren formatu artistikoa bera ere izan da motibazio bat. Kantua zer den ulertu nahia. Izan ere, iruditzen zait oso adierazpide egokia dela kantua gu garen hori proiektatzeko.

Zein zentzutan?

-Askotan, inertziaz, gure burua oso modu hotzetan definitzera jotzen dugu, termino administratiboetan: autonomia erkidego bat gara, estatu bat izan nahi dugu, erresuma bat izan ginen, errepublika bat izango gara... Ongi da, horrela definitu gaitezke eta, praktikan, hala da. Baina beti beti izan garena edo orain garena, niretzat, kantua da, generikoki. Milaka kantu gara. Izan garen forma administratibo guztien gainetik edo azpitik, hemen beti egon da jende bat bere identitatea, bera dena, proiektatu duena kantuen bidez.

Eta aldi berea, kantu horiek gure identitatea elikatzen dute, ezta?

-Ba, zuk pentsa, norbaitek 1400 urte inguruan kandela baten argitara Zuberoako borda batean Bereterretxen khantoria idatzi zuenetik orain Iruñerrian egiten diren mix horietara... Hor dago herri bat, mendetakoa eta mendetakoa. Kantuak egin dituen herri bat, egokitzen joan dena garai bakoitzean bizi izan duen mundualdira. Kantu hori ez da inoiz isildu, beti egon da transformazio geldiezin batean. Berdin du zer izan garen, erresuma, departamentu edo autonomia. Horren gainetik beti egon da kantuak egin dituen herri bat, hemen, lur honetan, eta euskaraz. Horrek definitzen gaitu ezerk baino hobe. Milaka urtez, gainera. Ze kantua, formatu artistiko bezala, zinemaren, literatura idatziaren edo antzerkiaren aurretik existitu izan da. Bestalde, badauka super-botere bat: bost-hamar segundutan negarra edo dantza eragiteko gai da. Hori ez zaizu gertatzen koadro bat ikusten duzunean. Distantzia pixkatekin begiratzen badiozu, kantua forma artistiko oso bitxia da. Lekuetara, momentu jakinetara, pertsona konkretuetara edo usainetara eramateko gaitasuna dauka. Herriak ordezkatzeko ere balio du: bandera, txanpona eta kantua. Oso intimoa da, eta aldi berean milioika pertsonak kantatu dezakete kantu berdina aldi berean. Guzti hori izan da nire motibazioa: Euskal Herrian zehar, kantu bat gara. Gure burua definitzeko modu ederra iruditzen zait.

Zuk idatzitako kantu hauetako aunitz himnoetan bilakatu dira. Zerk egiten du kantu bat handi egitea?

-Faktore desberdinek bat egiten dutenean gertatzen da baina, zorionez, ez dakigun zehazki zeintzuk diren edo zergatik gertatzen den. Batzuetan, espero ez duzunean, kantu batek kristoren dimentsioa har-tzen du eta, beste batzuetan, ez da gertatzen. Itsasoa gara lehenengo aldiz musikatua entzun nuenean, bizitzen ari ginen garaian pentsatu nuen, ETA-ren desagerpenean eta abar. Kantu handi bat izan zitekeela ikusi nuen, jende askorentzat balioko zuena. Gozategirentzat Nirekin idatzi nuenean, ez nuen inondik espero kantu hori udako kantan bilakatzea.

Kantu horietako asko jendearen burutan gelditu dira iltzatuta...

-Bai... Oso polita da ikustea nola kantuek bere bidea egiten duten. Kantuak txoriak bezalakoak dira eta bizitza propioa dute. Espero ez duzun edozein momentutan, orain dela 12 urte edo bi urte idatzi zenuen kantu bat berriro agertzen zaizu, lagun zahar bat bezala, bere kaxa urtetako bidea egin eta gero, jendearen barruan sartzen, bakoi-tzari gauza desberdinak eragiten... Kantuak, azkenean, askeak dira, eta bueltan etortzen zaizkizunean oso esker onekoak dira. Nire kantuei lotutako oso istorio politak kontatu dizkidate.

Zirraragarria izanen da hori...

-Bai eta orain, disko-liburua atera dudanetik, asko gertatzen ari zait. Emanaldiak oso-oso emotiboak izaten ari dira leku guztietan. Kantu hauekin gauza asko mugitzen zaizkigu barruan, horietako asko gure bizitzako kantuak direlako. Gure emanaldiak, zentzu horretan, emozio asko eragiten ditu: negarra, barrea... Umorea ere erabiltzea gustatzen zaidalako. Arraroa litzateke sartu zaren bezala ateratzea kon-tzertu honetatik. Oso berezia izaten ari da niretzat, herri guztietan hunkigarria izan da. Gonbidatuak ere izaten ditut: leku bakoi-tzean, inguruko lagun eta artistak ekartzen ditut.

Diskoan ere lagun ugariz inguratu zara kantuak berrinterpreta-tzeko. Zer moduz joan da grabaketa?

-Oso ederra izan da ze, azkenean, konturatzen zara nolako jendeaz inguratu zaren. Eta jende hori prest egotea zurekin lan egiteko, diskoan parte hartzeko... Niretzat ohore izugarria da. Amets bat da Benito Lertxundik, Fermin Muguruzak edo Garik nire kantak kantatu izana. Nire umetako idoloak ziren, zeinek esango zidan... Nire lagunak izan direnak ere hor daude: Anari, Mikel Urdangarin, Gozategi, Pirritx eta Porrotx... Izugarria da niretzat.

Gaurko kontzertuan ere, beraz, gonbidatu bereziak izanen dituzu?

-Bai, lau lagun etorriko dira, baina ez dira abeslariak. Gonbidatuta etortzen direnei, galdera bat bota-tzen diet: Zer da zuretzat kantua? Eta beraiek idatzitako testu bat irakurtzen dute, musikaz lagunduta. Ezin dut aurreratu nor izango diren gaurkora bertaratuko direnak, baina oso berezia izango da. Hor uzten dut.

"30 urte hauetan ia 200 kantu idatzi ditut, eta

guzti horri forma berezi

bat ematea merezi zuela pentsatu nuen"

"Kantua txori bat bezalakoa da askea, eta espero ez duzun momentuan berriro agertzen zaizu, lagun zahar bat bezala"