Esana zuen Montauk bere lehen diskoan, Bilaketan (Montauk, 2016): “zerbaiten bila gaude”. Estilo bat, soinu mota bat, estetika zehatz bat? Buruan bueltaka zeukaten ideia musikala nola gauzatu ikasten, pentsatzen, probatzen ibili dira azken bi urteetan, “ezagutzen ez genuen mundu bat deskubritzen”, eta azkenenean, “lortu dugu buruan genuena diskora eramatea”.

Horrela jaio da Geruzak (Erraia, 2018). “Lehen diskoarekin oinarria finkatu eta enbor horri geruzak erantsi dizkiogu”, dio Beñat Goitiak, taldeko abeslari eta gitarrajoleak. Kontzeptu aldetik, hori zen Montauken asmoa, eta produkzio aldetik ere, geruza ugari gehitu dizkiote diskoari: “Sintetizadoreak, albo askotatik grabatutako gitarrak, progresioak? Geruza ezberdinen bidez eraiki ditugu abestiak, eta atmosfera horretan aurkitu dugu Montauken soinuaren esentzia”, azaldu du Goitiak.

Ben Howard kantautore ingelesa da Beñat Goitiaren inspirazio iturri nagusia, eta nabaria da Montaukek ere rock britaniarretik edan duela azken disko honetan. Hala aitortu du abeslariak berak ere, “giroa nabarmentzen duen rocka” egin dutela, “Ingalaterrako laino euri-tsuetara bidaia. Geruzak diskoko kantuak aurrekoan baino ilunagoak edo lainotsuagoak izan daitezke, baina badute xarma berezi bat, barruak eragiten dituena, ezinegon sentsazio goxo bat uzten duena”.

Goitiak berak idatzi eta sortzen ditu kanten letrak eta melodiak, eta abestien hezurdura landuta, entsegu lokalera eramaten ditu: “kantautorearen figura beti dago hor. Bakardadean sortutako kantak dira, gitarra eta ahotsak biluzik, eta horrek ematen die abestiei duten kutsu introspektiboa. Kantatzeko erak, xuxurlatze horrek, laguntzen du bilatutako misterio atmosfera hori sortzen”, azaldu du gasteiztarrak. “Biluzik” jaiotako kantuak, ordea, entsegu lokalean gorpuztu ditu taldeak, geruzen bidez, energia progresibo eta itsaskorrekin: “entzuleari bidaia musikala proposatu diogu gure kantetan, nabarituko du geruza ezberdinen progresioa, kantek nola hartzen duten indarra. Sentituko du sintetizadoreek eta elektronika elementuek eragiten duten goxotasuna eta intimitatea”.

Rock literarioa New York ondoko lurmuturra da Montauk, edo Max Frischen nobela, baita Ramon Saizarbitoriarena ere. Hamaika pelikulen eszenatokia, eta Estatu Batuetako gerra konspirazio baten izena ere bai. “Saizarbitoriaren nobelan ezagutu nuen Montauk eta harek Frischengana eraman ninduen. Taldean izen bila ari ginen eta izen polita iruditu zitzaidan Montauk. Haren inguruan araka-tzen hasi nintzenean misterio eta xarma handiko hiria zela konturatu nintzen, taldea izendatzeko egokia”, kontatu du Goitiak. Literaturak eman zion izena Gasteizko taldeari eta literaturak jantzi ditu orain diskoa osatzen duten zazpi kantuak: “bereziki zaindu dugu musika eta hitzen arteko oreka. Rock literarioa egin dugula esan daiteke, abestiak narratiba kutsuarekin. Hi-tzei merezi duten balio eman nahi izan diegu”, dio abeslariak. Ez dira kantu errazak, lehen entzunaldian buruz ikasten direnak. Merezi duen arreta eskainita, ordea, “zenbat gozatzen den”.

Kantuetan aurki daitezke itzalitako Berlin, estalperik gabeko etxeak, hartzak hotzez hiltzen diren lur izoztuak edota bizirauteko ahaleginetan dagoen munduaren alde hori. Eta irrati formularik ez: Geruzak osatzen duten zazpi kantetatik bakarra dago bost minuturen azpitik. Kantu bakoitza ilustrazio batekin lagundu dute diskoan, Goitiak jakitera eman duenez: “Abestiak idazterakoan buruan nituen pertsonaiak, tokiak eta espazioak erabili ditut, geruza abstraktu batez inguratuta. Entzuleek aukera dute kantuetako bakoitzean beren pertsonaiak eta tokiak txertatzeko”.

Erraia zigiluarekin Autoekoizpenaren bidez argitaratu du talde gasteiztarrak bere bigarren lana, Izaki Gardenak eta Joseba B. Lenoirekin batera Montaukek abiatutako elkarlanerako Erraia zigilu musikalaren bidez. “Esperientzia konpartituek errazagoa egiten dute autoekoizpena, denbora gehiago uzten dizute musikaren sorkuntzan zentratzeko”, uste du Goitiak. Erraiak-en ondutako hurbiltasunak eta laguntasunak Izaki Gardenak taldeko Libe Garcia de Cortazar eta Jon Basagurenen ahotsak ekarri ditu Montauken diskora: “Modu naturalean sortu da elkarlana, ez zen gure hasierako asmoa. Niretzat biak dira erreferente, eta ilusioa egin dit haien kolaborazioak”, azaldu du abeslari gasteiztarrak.

Hain zuzen ere, elkarrekin emango dituzte Montauk eta Izaki Gardenak taldeek hurrengo kontzertuak. Otsailaren 8an, Durangoko Plateruena Antzokian; eta, martxoaren 16an Donostiako Dabadaban.