Dena fin, dena delikatu idazten du Jose Luis Otamendik. Dio: “20. mendea zen/ gaur nahi beste ireki ditu ortziak uhateak/ eta sare artean jendea arrantzatu dute itsasoan”, eta badoa poema gora eta gora, edo behera eta behera, segun eta nola begiratzen diozun, eta XX. mendea barik 20. mendea idazten nonor, zelan kalifikatu, zelan defintitu uhateak hitza darabilen poeta hori.

Jose Luis Otamendi (Azpeitia, 1959) gure gelan sartu zen tximeleta eria bera da: hegakadak suabeak ditu, baina munduaren beste ertzean urakan haizea da. Poemek islatze bat sortzen dute inkontzientean, irabazi egiten dute irakurlea euren arnasa luze-luzearekin. Ematen du res publikoaz ari dela eta bizitzaz ari da, esango zenuke bizitzaz ari dela eta munduaren patuaz ari da, iduri luke ekonomiaz mintzo zaigula eta gutaz ari da, gaztigatzen digu literalki konprendi ezin daitezkeen moduak erabiliz: “diren zentral guztiek dauzkate zeinek bere historia/ bere istripuak bere ahuldadeak eta argi aldiak/ latentzia fase luzeak ere izaten dira/ urteak eta urteak sentimendu edo ekintza bat umotzen”. Euskal Herrian idatzitako ahapaldiok noranahikoak lirateke ez balira sano gureak, makrokosmos bat osatzeko gai da-eta azpeitiarra hankak herrian jarrita. Lirismoa eta errealismoa biak bat diren poemekin betidanik harritu bagaitu, oraingoan ere Otok inarrosi dizkigu barruak. Sinboloa darabil gauzak definitzeko, gauzak dira sinbolo onena maiz: “behin bederen pertsona orok/ behar luke itsutu adiskideen ekiaz”.

Disoluzio agiriak dira historiaren urek eroan eta ibar berrietara dekantatzen diren lupetzak, hautsak eta polena. Dena ez zen eder izan, dena ez zen justua izan: “miseria askotan badut nire partea/ eta baritonoaren gangarrez abesten diot bakeari”. Garai berriak joandakoekin zelan txirikordatzen diren eta gero mataza hori askatzea zenbat kostatzen den kontatzen da hemen. Ez da gai erraza, errazera jotzen den arren askotan komunikabideetan, parlamentuetan eta are literaturan ere. Gure izatearekin dauka zerikusia: “ezin naiz hemendik apartatu/ ezin dut beste inora:/ behaketarako/ zalantzarako/(?)/ eta hori hemen/ beste inon ezin dut// gorputz hau daukat/ besterik ez/ lurralde urte-tsu hau/ ez beste ezer”. Oinarri sozialeko humanismo hori da, behar bada, iruditeria erromantikoarekin batera, Otamendigan maite duguna. Oraingo honetan ironia eta jokorako gogo arean gehiago ere barruntatzen zaio, Kapital publikoarekin (Susa, 2014) alderatuz.

Beraz amaren heriotza, Galizako bazterrak, txikitako ibilerak? denak nahasten zaizkio poetari plano publikoarekin. Izan ere, hori ere bagara. Gure hautu politikoen bide beti bihurretatik iritsi gara honaino, eta hein berean bizitzak eroan gaitu politikara. Oinazetua uneka, narea beti, poesia modu honek testimonioari ematen dio lirikari besteko garrantzia. Horregatik daude hitz hotzak eta kontzeptu beroak denak nahastean, horregatik denuntzia hasten da norbere buruaren azteketa sakonetik. Otamendik nostalgiarik gabeko nostalgia ariketak oparitu dizkigu, eta idealizaziorik gabeko etorkizunez ohartarazi, Disoluzio agiriak trinko bezain arin, hunkigarri honetan.