Bizkaiko Foru Aldundiak antolatutako Barriek 2019 programaren baitan landu dituen lanak bistaratuko ditu bi hilabetez Endika Basagurenek (Bilbo, 1978), Bilboko Rekalde Aretoan. Bizkaiko Foru Aldundiaren Sorkuntza Artistikorako Bekak lortu dituzten artisten artean hautatutakoen lanak aurkezten ditu programa honek urtero, eta azken edizioan Basagurenen lana izan da aukeratuetako bat.

Bere haurtzaroan eta gaztaroan murgildu da artista bilbotarra bilduma hau osatzen duten lanetan. Erakusketari jarri dion izena, bestalde -Oroimenetik aztarnak ezabatu- hausnarketa pertsonal baten ondorio izan da. Basagurenen lanak koadro eta artelanen hondakin eta hautsekin egindako piezak dira. “Erakusketa honek dioena da ezin ditugula gure oroitzapen guztiak ezabatu, izan ere, beti geratuko da horren aztarna guregan. Gaur egun garen artista edo pertsonak zerikusia du iraganarekin, izan garenaren arrastoa mantentzen baita”, argitu du Basagurenek.

KEZKA SOZIALAK Duela 15 urte bukatu zituen Arte Ederretako ikasketak Basagurenek. Garai hartan marrazketan aritzen zen gehienbat. Denbora pasa ahala, bere lanarekin “deskonexio” bat sentitzen joan zen. “Ez nintzen nire margolanekin identifikatuta sentitzen, eta horrekin hautsi nuen”, kontatzen du artistak. Horren aurrean, erabateko aldaketa egin behar izan zuen Endika Basagurenek. Momentu horretan, eguneroko egoera eta buruhausteen inguruko erakusketak eta artelanak lantzen hasi zen. Arkatza alde batera utzi, beharrezko materiala hartu eta alde batetik bestera ibili behar izan da inspirazio bila. “Egunero kalean ikusten ditudan kezka sozialak inspirazio bat dira, baina bereziki, lana bera inspirazio iturri handia da”, kontatu du.

Nahiz eta marrazketarekin erabat apurtu, duela urte gutxi batzuk arkatza berreskuratu du bilbotarrak, baina beti ere kolorerik erabili gabe. Gaur egun, hainbat teknika ezberdinekin sortutako lanak konbina-tzen ditu bere erakusketetan Basagurenek. Rekalde Aretoko bilduma horren isla da. “Margolanak berreskuratzean, ikusi nuen ez niela nire sorkuntzan lekurik aurkitzen, ez zuten enkajatzen momentu honetan naizen artista eta pertsonarekin”, aipatzen du Basagurenek. Hori dela eta, azken urteotan bere lehenengo obrak apurtzen ibili da. “Apurtutako margolanekin beste arte mota bat egin dut azkenengo denboraldi honetan, obra horiek apurtu eta erre ondoren hainbat tekniken bitartez performance-ak eratu ditut”.

Margolan horien errautsekin zuri beltzeko koadroak eratu ditu Basagurenek, Rekalde Aretoan ikusgai dagoen Oroimenetik aztarnak ezabatu erakusketarako. Hortik dator, hain zuzen, izena. “Oroimenaz, iraganaz, nire haurtzaroaz, nire gaztaroaz eta nire beldurrez hitz egiten du lan honek. Hori dela eta, ikusgai dauden hainbat kuadro hondatu ditudan beste margolanen hondakinekin eginda daude, nire iraganaren parte handi bat dute guztiek”, dio artistak. Zentzu horretan, bere oraina eta iragana elkartu ditu, erakusketa bakar batean.

KUADRO ETA BIDEOAK Zuri-beltzean eginda dauden hainbat kuadroz gain, bideo bazuk txertatu ditu Basagurenek erakusketan, obraren azken ideia ondo ulertu dadin. Bertan artistaren hainbat obra desberdin ikusi daitezke eta elkarrizketa txiki bat eskaintzen du Basagurenek berak. “Lanzaroten egindako bideoan, lan guztiaren prozesua azaltzen dut nolabait, eta horri esker, nire lana hobeto ulertu dezakete erakusketa ikustera eta gozatzera joaten direnek”. Lurrean, Lisboan egindako performance-a ikusi daiteke. Bidean zehar apurtutako hainbat kuadro pilatuta daude erdigunean. Multzoari laguntzen dion telebistari esker, artistaren beste fazeta ba-tzuk ikusi daitezke. “Beste performance batzuetan guztiz erre gabe geratu ziren kuadroak dira eta instalazio txiki bat eratzen dute lurrean, telebistarekin batera”, argitu du artistak.

Baina erakusketaren bere zatirik gogokoenaz galdetzean, Basagurenek ez du dudarik: erakusketa ixten duen azken pieza da gehien asebete duena, bandera, hain zuzen. “Elementu guztietatik sinpleena da. Baina erakusketa hau oso berezia da niretzat, gehien biluztu naizen lana baita, eta erakusketa ixten duen bandera horren isla da, izan ere, nire familian oso zentratuta dagoen elementua da”. Honela dio banderak: nire bandera bakarra gauetan estaltzen gaituen izara da.

Rekalde Aretoan bere lana aurkeztu ahal izana “betetako ametsa” da Basagurenentzat. “Ikaslea nintzenean Bilboko Arte Ederren Museoa eta Guggenheim Museoa bisitatzen nituen sarri, baina benetan lortu nahi nuena Rekalde Aretoaren programa hauxe zen eta aurten heldu zait momentua, azkenean”.