Donostian izanik, pentsa liteke Zinemaldia Euskal Herrian sortutako zinemagintzaren erakusleiho izan daitekeela, baina, egiari zor, gutxi izaten dira festibalean tokia duten euskal ekoizpenak. Aurten, halere, inoiz baino gehiago dira. Hain justu, 21 dira egunotan pantailaratuko diren euskal filmak, aurreko edizioetan baino zertxobait gehiago.

Hamazazpi film luze, film ertain bat eta hiru film labur erakutsiko dira atzotik abian den 67. Zinemaldian, eta horietatik hamahirutan en-tzun ahal izango da euskara. Oraindik egiteko bide luzea duen arren, handitzen doa euskal zinemagintzak Zinemaldian duen presentzia. Duela bi urte 14 euskal film erakutsi zituzten, iaz 20, eta aurten euskal pelikula bat gehiago eskainiko da. Lagina haziz doa, beraz.

Gainera, geroz eta sail gehiagotan banatzen dira euskal zinemaren ordezkariak. Aurten, Sail Ofizialean, News Directors, Zabaltegi-Tabakalera, Perlak, Culinary Zinema eta Zinemira sailetan, eta euskal zinemaren eta EITB-ren galetan ikusi ahal izango dira. Horietako bederatzi Euskal Zinemaren Irizar saria lor-tzeko lehiatuko dira.

Zinemirak, berariaz euskal zinemari eskainitako sailak, hamar ekoizpen hartu ditu barnean, fikzioa eta ez-fikzioa, opera primak eta ibilbide luzeko zinemagileen lanak bilduta. Grezian dauden errefuxiatuen eguneroko bizitza hizpide duen Varados filmak inauguratu du saila. Hainbat film labur zein luze ekoiztu dituen Helena Taberna zuzendari altsasuarraren lan berria da filma. Iban del Camporen Glittering Misfits edo 70 binlandens Koldo Serraren hirugarren film luzea ere ikusgai dira, baita La pequeña Suiza ere, Kepa Sojoren bigarren film luzea.

EUSKARAREN TXOKOA Euskal ekoizpenak izanik ere erdaraz mintzo dira ikusgai diren lan askotan. Dena den, euskara entzuteko aukera ere bada, batez ere, Zinemira atalean. Elbira Zipitria euskara irakasle aitzindariaren bizitzaren inguruko Muga deitzen da pausoa filma aurkeztu du Maider Oleaga bilbotarrak. Ildo dokumentalari jarraiki, iazko udan Frantziako muga zeharkatuz Irunera iritsi ziren errefuxiatuen istorioa kontatzen du Juanmi Gutierrezek Paseko Txoriak dokumentalean, etorkinen beharrei erantzuteko sorturiko harrera sare eta antolakuntza herritarrari erreparatuta.

Fikzioak ere badu tokia. Bernardo Atxagaren eleberri klasikoetako bat ikus-entzunezko bihurtu du Fernando Bernues zuzendari donostiarrak. Liburua oinarri hartuta, lehenago antzerki obra izan zen Soinujolearen Semea, eta iaz egin zuen pantailara salto. Orain, Zinemaldira heldu da. Eta animazioak borobiltzen du genero askotariko eskaintzaren lagina. Juan Sebastain Elkanoren mundu bira hizpide duen Elkano, lehen mundu bira animazio filma zuzendu du Angel Alonsok. Marrazki bitartez kontatzen du getariarraren bidaia Alonsok. Gainerako euskarazko pelikulak Zinemira Kimuak, Culinary Zinema eta Made in Spain sailetan ikus daitezke. Esaterako, Mikel Urretabizkaiaren Gazta Irizar Saria eskuratzeko hautagai da. Pelikulak Idiazabal gazta du oinarri eta haren inguruan era-tzen den unibertsoa arakatzen du, pertsonaia berezi xamarrek gidatuta.

ETXEBESTE FAMILIA, BUELTAN Ibilbide luzea egin dute euskal zinemagintzan Asier Altunak eta Telmo Esnalek, eta baita Zinemaldian ere. Bada, duela 14 urte Gazteriaren Saria lortu zuten Zinemaldian, Aupa Etxebeste! (2005) New Directors sailean aurkeztuta. Ordutik hona, Zinemaldiaren sailetara ekarri dituzte beren filmak; besteak beste, Sail Ofizialera. Esnalen kasuan, azkenekoz orain bi edizio Dantza proiektuarekin. Aurten bueltan dira berriz ere, Agur Etxebeste! filmaren emanaldia hartuko baitu Euskal Zinemaren Galak. Talde artistiko eta tekniko bera batu dute berriz ere Esnalek eta Altunak, eta bere garaian iragarritako asmoa bete. Hasieratik nahi zuten Aupa Etxebeste-ren bigarren zatia aurkeztu, eta orain eman dute pausua. Lehenengoaren eran, umorea da filmaren ezinbesteko baliabidea. Euskal Zinemaren Irizar saria lortzeko lehian parte hartuko du filmak Zinemaldian.

Aurreratu dituzten sari berezien artean, Jose Maria Lara Txepe ekoizleari emango diote Zinemira saria, urteetan egin duen ekoizle lanagatik. Ohorezko sari hori Zinemaldiak eta Ibaia eta EPE ekoizle elkarteak ematen dute, euskal zineman ibilbide oparoa izan duen pertsona baten lana aintzat hartuz.