Eulalia Abaituaren Emakumeak Bizkaiko Batzar Nagusietan ikus daitezke. Behin-behineko erakusketa da bertan ikusgai ipini dutena, eta euskal argazkilaritzan aitzindari izan zen emakumearen argazkiak batzen ditu. Eulalia Abaitua Allende-Salazarren 34 argazki daude ikusgai, eta irudi guztiak Bilboko Euskal Museoko Argazki Artxiboan gordeta dauden jatorrizkoen erreprodukzioak dira, Maite Jimenez Ochoa de Alda erakusketaren komisarioak batutakoak.

Urte askoan Euskal Museoaren teknikaria izan da Jimenez. Gaur egun erretiratuta dagoen arren, Eulalia Abaituari buruz bildutakoa hari zor dio euskal kulturak. XIX eta XX. mendeetako Bilbo erretratatu zuen emakume harenganaino nola heldu zen gogoan du Jimenezek: "Bilboko Euskal Museoan egin izan dudan lanaren emaitza izan da Eulalia Abaituaren figurarekin egin dudan bilduma bilketa. Tekniko lanak egin ditut han eta 80ko hamarkadaren amaieran museoko zuzendari zen Karmele Goñi Auzmendik proposatu zidan Eulalia Abaituari buruzko behin-behineko erakusketa prestatzea, museoan zeuden fondoekin". 1990ean inauguratu zuten Abaituari buruzko lehenengo erakusketa: Mujeres vascas de ayer. "Harrera ona izan zuenez, museoko zuzendaritzak pentsatu zuen aldiro Abaituari buruzko erakusketak egitea, haren lana ezagutzera emateko". Gerora etorri ziren beste hainbeste: Bilboko itsasadarra, la ria de Bilbao; Senitartea, La familia; Miradas del pasado; Begoña 1900 eta Estereoskopiak 16+16.

Erakusketak prestatzeak gaian sakontzea dakarrela dio Abaituaren biografoa ere badenak. 2010. urtean kaleratu zuen Eulalia Abaitua argazkilaria izeneko liburua. "Horretarako ere ikerketa lana egin nuen, oso interesgarria. Eta lan horren fruitua izan da liburua". Jimenezen ustez, emakume argazkilari bezala, Abaitua erreferentea da Euskal Herriko historia bisualerako: "Gaur egun mundua irudiekin josita dago. Baina XIX. mende amaierako eta XX. mende hasierako Bilbo, Bizkai edo Euskal Herriko argazkiei buruz zerbait jakin nahi duenak Eulalia Abaituaren lana kontsultatu behar du, halabeharrez. Joan den mendeko argazkilarien artean erreferentea da, zalantzarik gabe".

KALEKO ARGAZKILARIA

Abaituaren 2.500 argazki-erregistro daude Euskal Museoan. Argazkilaritzarekin esperimentatzeko aukera izan zuen emakumea izan zen Abaitua, eta bere lanetan bere sinadura erabiltzeko askatasuna izan zuen bakarrenetakoa. Abizenaren inizialarekin sinatzen zuen: A. Hala ere, asko ere ez dira bere izenarekin sinatu zituen lanak. Jimenezek azaldu duenez, gehienetan 'Fotografia de la Señora de Olano' erabiltzen zuen sinatzeko; eta horrela sinatu zituen bere argazkiak 1906. urtean Valentin de Berriotxoa beatoari buruz kaleratu zen liburuan. Jimenezek azaldu duenez, "Bera afizionatua zen, ez profesionala. Beraz, bere izenarekin sinatzeko aukerarik ere ez zeukan ziurrenik".

Hala ere, Abaituak euskal jendarteari utzitako ondarea da benetan baliooan jarri behar dena. Emakume hark utzitakoa ezinbestekoa da XX. mende hasierako irudiei buruz ezer jakin nahi duenarentzat: "Ondare patrimoniala da Abaituak utzitakoa, eta derrigorrez kontsultatu beharrekoa". Argazkilari bezala zuen begirada berezia zen. "Garai hartako emakumeengan jartzen zuen begirada. Kuriosoa da, XX. mende hasieran hori ez baitzen normalena. Emakume xumeak, umilak, ama zirenak, langileak... dira bere lanetan agertzen direnak. Langileak erretratatu zituen bere argazkietan, bai hirian zein nekazal gunean". Paisaiak, argazki arkitektonikoak eta hirikoak ere egin zituen baina, Jimenezen aburuz, pertsonek aparteko inportan-tzia hartzen dute bere lanean. "Miradas del pasado erakusketak Arratiako bi agureren estudio fotografikoa biltzen du".

Eulalia Abaituaren garaian kazetari grafikoaren figura ez zen existitzen, baina, Jimenezen ustetan, Abaitua bera kazetari grafikoa izan zen. "Garrantzitsua ez da zein teknika erabiltzen zuen, baizik eta zein den bere argazkiek gordetzen duten edukia. Erreportari grafiko soziala izan zela esan dezakegu. Kalean gertatzen zen horretan jartzen zuen arreta. Kaleko bizimodua interesatzen zitzaion".

Profesional bezala, Abaituaren lanari egindako jarraipenak asko eman diola aitortu du Jimenezek: "Emakume oso interesgarria ezagutu dut. Lan bikaina egin du, balio handikoa eta ni asebete egin nau. Zorra daukagu Eulalia Abaituarekin. Ikusgarritasuna eman behar diogu, gure historian bere lanak garrantzia duelako".

IKUSGARRITASUNA ZINE FORMATUAN

Norberaren gela izeneko dokumentala da Abaituaren ibilbide fotografikoa pantaila handira eramango duena. Ainhoa Urgoitiak eta Enrique Reyk zuzendutako lan horrek bere obrak gaur egungo argazkilari emakumeengan izan duen eragina erakutsiko du; estilo eta lan egiteko modu desberdinak dituzten argazkilarien erreferente izan baita. Urgoitiak azaldu bezala, belaunaldien arteko elkarrizketa bat da dokumentalaren ardatza. Eulaliaren obraren eta gaur egungo argazkilaritzaren arteko elkarrizketa da, eta horretarako gaur egungo argazkilari emakumeak hartu dituzte. "Nahasketa berezia egin dugu, elkarrizketa animazioarekin uztartuz. Elkarrizketa hori sortu nahi izan dugu, eta Abaituak izan duen influentzia mamurtu. Gaur egungo argazkilari askoren erreferentea izan da. Baina dokumentala, bere lana baloratzetik harago, hark egindako lanari aitortza bat da".

Hiru urteko ibilbidea dauka dokumentalak. Urgoitiak gogora ekarri du emakume argazkilarien izenak biltzen ari zirela egin zutela topo Eulalia Abaitua izenarekin. Ikerketa lanak egitean jakin zuten bere sasoirako emakume aurreratua izan zela, eta argazkilari-tza-lanak egiteko aparteko gela bat zuela. "Virginia Woolfen Una habitación propia liburuarekin parekotasuna ikusi nuen. Hortik dokumentalaren izenburua", azaldu du zuzendariak.

Abaituaren obra ezagutzean txundituta geratu zen Urgoitia. Argazkiak egiterakoan zeukan begirada, berak utzitako ondarea eta lan egiteko modua nabarmendu ditu. "Lehenik eta behin, bere lanek erakusten duten modernitatea aipatu behar da, teknika modernoa. Urrats bat harago zihoan bere lanetan. Bere begirada nabarmendu behar da, garai hartako emakume langileak erretratatzerakoan. Emakume horien ahotsa zen, argazkien bidez beraiek egiten zuten lana balorean jartzen asmatu zuelako". Bere obra analisi soziologiko bat dela gaineratu du, garai hartako Bizkaia eta Bilbo zirenaren mapa bat. "Dokumentalista izugarria da, eta bere lanak lagundu egiten du garai hartako gizartea nolakoa zen ulertzen".

Ikus-entzunezkoa sortzerako orduan Maite Jimenezek eman dien laguntza ere azpimarratu du zuzendariak. Aitzindari izan dela dio, eta berak eman diola Eulaliaren lanari ikusgarritasuna. Hain zuzen, Jimenezek zabaldu zien Eulalia Abaituaren mundua, biografia bat baino gehiago dena. "Maitek dioen bezala, Eulaliaren mundua maistra baten mundua da. Hainbeste zertzelada, hainbesteko aberastasuna dauka... gauza berriak ezagutzeak are gehiago liluratzen zaituela. Maitek mundu guzti hori erakutsi digu, artistikoa eta biografikoa". Bere garairako aurreratuta zegoen emakumea izan zen Abaitua eta bere inguru kulturalean eta sozialean eragin zuen argazkietan erabiltzen lengoaia zuzena zen. Herriko jendeak, emakumeak modu xumean erakusten ditu bere lanetan. Emakume langileak hartzen zituen bere objektiboarekin: arrain saltzaileak, emakumeak Erriberako merkatuan, Nerbioi ertzean zebiltzan garbitzaileak, esne saltzaileak... "Protagonismoa eman zien erretratuen bidez, beraien lana goraipatuz".

Dokumentala amaituta daukate, eta jendeak ikusi dezala da xedea: "Jendeak Abaituaren lana eta emakume hark utzi duen ondarea ezagutu behar du. Aipatu bezala, garai hartako errelato soziala egin beharko bagenu Eulalia aparteko dokumentalista izan zen; berezko begirada bilatu nahi badugu berak badu, eta modernitatea ere badu". Berezko ahotsa duen argazkilaria da Abaitua, eta jendea horretaz jabetzea da Urgoitiak zuzendutako lanaren oinarria, bere lanekin gozatu dezan. "Arrazoiak arrazoi, ez zaio dagokion ikusgarritasuna eman, eta aparteko bitxia da".

Norberaren gela maiatza aldera estreinatu nahi dute. Getxophoton proiektatzeko asmoa ere agertu dute, eta Urgoitiak eskerrak eman nahi dizkie lan hori posible egin dutenei: Bizkaiko Foru Aldundia, Bilboko Euskal Museoa, Maite Jimenez, Getxophoto, Black Kamera eta Josu Zaldibar zuzendaria eta BilbaoArte fundazioa. Proiektua denei esker izan delako posible: "Lan handia egin dugu. Hori zor genion Eulaliak utzitako herentziari, errespetua merezi du. Guri, gainera, lan honek asebete egin gaitu, eta asko ikasi dugu".