Denbora daramat galdetu nahian, baina lotsa dela-eta galdera atzeratuz noa. Gainera, nire altzoan irribarre betean jolasean dabilen mutikoak ez dit gelatik alde egiteko betarik uzten. Bere etxean denbora luzean egon den jolaskide/jostailu bereziena naiz, eta ez du unea alferrik galdu nahi. Egongela, eta era berean, norbaiten logela ere baden gelatxo txiki batean gaude jolasean, sofa deseroso bat eta manta pilatuez osaturiko beste eserleku batek uzten diguten tarte txikian. Dekorazioa nahiko xumea da, nortzuk diren arrastorik ez dudan pertsona batzuen argazkiak eta aldizkari batetatik ateratako 'Table Mountain'-aren irudi bat. Thato sukaldean dago, afaltzeko semearen jakirik gustokoenak prestatzen, saltxitxak eta mili mili deitzen dioten artoarekin egindako ore lodi bat. Afaria sukaldeko mahaian prest dagoela adierazi eta nire aulkia zein den esan didanean, ezin izan dut gehiago eutsi eta galdera bota diot: "-Thato, non arraio dago komuna?".

Barrez, ilunpetan etxetik metro batzuetara dagoen egurrezko etxola bat seinalatu eta ea asmatuko ote dudan galdetu dit. Semeak azalpen batzuk eman dizkit, barre artean baita ere: "-Soilik pixa bada lorategian bertan egin lasai, bestela, hobe duzu bihar arte itxarotea".

Begi bistakoak diruditen gauzak, ez dira hainbestekoak etxetik hain urrun. Hegoafrikako herrixka txiki batean nago, Lesothoko mugatik kilometro gutxitara. GKE batean hilabete batzuetan lankidetzan egon ostean, Thato nire lankideak, bere etxera gonbidatu nau asteburu pasa. Bere etxea, bertara iritsi aurretik ikusi ditudan ehundaka eraikinen modukoa da: solairu bakarreko etxe gris bat, lursail laukizuzen baten erdian, iturri bat du kanpokaldean eta komun lehor bat lursailaren bazter batean. Beste guztiak bezalakoa. Edo ia denak. Han hemenka oinplano borobileko adobezko etxe batzuk daude, etxe karratuen paisaia apurtzen dutenak euren lastozko teilatuekin. Tradizioari eusten diotenak dira.

Afaria amaitzear gaudela Thatoren ahizpa etorri da. Garrantzirik eman gabe, sangoma batzuk 'euren kontuetan' omen daudela azaldu dio. Ea sangoma zer den galdetu diedanean, asper aurpegiarekin erantzun dit Thatok: "-Sangomak sorgin antzeko batzuk dira, errituren bat egiten ariko dira ziurrenik. Joaterik nahi?". Nire aurpegi harrituak eta begi zabal-zabalek erantzun garbia eman diete.

Adobezko etxola borobil horietako batera hurbildu gara ilunpean. Kanpoaldean pertsona batzuk ikusi ditugu ahuntz bat gobernatu nahian. Thato bere etxea balitz bezala sartu da lasai asko, ni aldiz jokoz kanpo nagoela ezin disimulaturik nabil. Barnera sartzean zentzumen guztiak piztu dira, ikusmena ezik. Ilun dago guztiz, kandela ahulen bat besterik ez, kea eta zehaztu ezin dudan usain parrasta bat, tanbor hotsak, beroa eta izerdia, irriren bat ere, nire presentziaren eraginez, imaginatzen dut. Lotsatuta, bazter batean eseriko nintzateke gustora, baina 'etxe borobilean, bazterrik ez' dio asmatu berri dudan esaera ez-zaharrak. Emakume batek zapatilak kentzeko adierazi dit. Galtzerdiak eranztea otu zait, etxeko galtzerdi erabiltzaile bakarra bainaiz. Nire oin txuriek baina, itsasargi baten argitasuna dute iluntasunaren erdian. Berriz jantzi ditut.

Ikusmena iluntasunera ohitu eta begi guztiak niri so daudela ohartu naizenean, 'yeeea!' oihu batekin kantuan hasi dira lau emakume, aten-tzioa eurengana desbideratuz. Hasi da ikuskizuna? Espektakulua? meza? Konjurua? Ospakizuna? Exorzismoa? Ez dakit zer den, baina ziur nago bizitzan aukera gutxi izango ditudala berriz halako zerbait ikusteko eta ez dut xehetasunik txikiena ere galdu nahi. Kolorezko harribitxi eta lumez apainduta ageri dira emakumeak, alkandora gorri luzeaz hiru, urdin kolorekoaz laugarrena. Gizon bat eseri da etxolaren erdikaldean eta lau emakume kantarien menpe geratu da. Guztietan zaharrena den andra, lapiko batean duen edabea astintzen ari da makiltxo baten laguntzaz, aparra borborka atera arte. Umqombothi dela azaldu din Thatok, etxean egindako garagardo mota bat. Jarraian lau emakumeek bata bestearen atzetik gizona igurtzi dute aparrarekin goitik behera, lokatzetan jolasean ibili den umea garbitzen ari balira bezala.

Kanpoan ikusi dugun animalia ekarri dute, kanalean zabalduta. Zati zehatz batzuk hartu eta etxolan bertan piztu berri duen sugarretan kiskaltzen jarri ditu andra nagusiak. Tximiniarik ez dagoela ohartu naiz orduan. Etxolak lastozko teilatuaren bitartez arnasten omen du, gure birikek orain ez bezala. Gizon-gaixoak eta emakume-aztiek haragi pixkat jan eta aurrez aparra ateratako edabea euren artean eta ikusleen artean banatzen hasi dira. Sorgin nagusiak bere eskutik eskaini dit edaria, eta noski, ezin ukatu. Edari lodia, epela, mingostasun puntu batekoa, kolorea... ba ez dakit, iluna une honetan. Zutitu eta 'hauxe da aurtengo sagardo berria!' esatea bururatu zait, baina txisteak Hegoafrikan graziarik egingo ez lukeelakoan Enkosi esatera mugatu naiz, eskerrak emanez Xhosa hizkuntzan.