Bederatzi urte zituela hasi zen Mikel Moreno (Andoain, 1982) trikitixa jotzen ikasten keta, ordutik, bere bizitza beti egon da musikari lotuta. Lau edo bost urte eman zituen instrumentu hori jotzen, baina besteen kantuak ikasteaz "aspertu" zela kontatu du, gogoak baitzituen bere abesti propioak sortzeko. Anai nagusiaren lagun batek talde batean jotzen zuen eta, hark motibatu zuen gitarra elektrikoarekin hasten.

Urte batzuen ondoren, 2001ean zehazki, Kauta musika taldea sortu zuen, beste hiru lagunekin batera. Maketa bat (2003) eta lau disko argitaratu zituen taldeak: Izan zaitez zu (2004), Biluzik(2006), Isladak (2008) eta Agerre (2013). Horrez gain, Euskal Herriko hainbat ekoizlerekin batera egin du lan bere ibilbidean zehar: Kaki Arkarazo, Haritz Harreguy, Jean Phocas€ Baita Kataluniako batzuekin ere: Santi Garcia eta Txosse.

2013an Kauta taldea utzi eta zortzi urteren ostean, Esnatu baino lehen izeneko diskoa kaleratu du. Oraingo honetan, aldiz, bakarlari modura, lehenengoz.

ETIKETARIK GABEKO ESTILOA

Bi urte daramatza Morenok bakarlari lanetan. Dioenez, Kauta taldea utzi zuenean asetuta sentitzen zen esperientziaz, eta beste zerbait bizi nahi zuela pentsatu zuen: "Banekien ez nuela musika utziko, baina oholtzara igotzearena bai". Hortaz, bere kasa jotzeari ekin zion, lagunekin€ Osasun-krisia dela eta, ordu asko igaro behar izan zituen etxean, eta horrek eraman zuen bere abestietan gero eta gehiago murgiltzera.

Estiloari dagokionez, bere ustez saihestezina da influentzia batzuk izatea. Kauta taldean zebilenean metal eta hardcorea bizi izan zituztela azaldu du. Argitaratu berri duen diskoa, aldiz, pop eta rock estiloen nahasketa bat dela esan daiteke. Dena den, etiketa horietatik ateratzea gustatzen zaiola aitortu du: "Musika konposatzeko momentuan ere ez dut nire burua etiketa horietan sartu nahi. Ez dut rock disko bat sortu nahi, ezta pop disko bat ere, emozio bat bideratu nahi dut, besterik ez". Horretarako, gitarra erabiltzen du lehendabizi, eta kantua janztera igarotzen da ondoren.

Esan daiteke, beraz, bere ibilbidean egindako beste lanekin alderatuta, badituela ezberdintasun batzuk. Dioenez, haria ahotsean egon daiteke, baina musika aldetik, forma aldatu egin da. Kauta taldean lau ziren hasieran, eta hiru ondoren (baxua, gitarra elektrikoa eta bateria). Oraingo proiektu honetan pianojole bat dago, baxua, bi gitarra elektriko, bateria eta gitarra akustiko bat. Hortaz, soinua ere aldatu dela azaldu du Morenok.

ESNATU BAINO LEHEN

2021eko udazkenean kaleratu berri du bakarlari modura osatu duen lehenengo diskoa. Bertan topatu dezakegunaren inguruan galdetutakoan, "ni neu" erantzun du Morenok. Izan ere, oso lan pertsonal eta intimoa dela azaldu du, bere emozioez hitz egiten baitu. Hausnarketa luze, esperimentazio eta barne sentimendu eta bizipenen ondorioa dela azaldu du.

Zestoako Gaztain estudioetan grabatu du (Gipuzkoa), Eñaut Gaztañagarekin batera. Hasiera batean autobiografikoa bazen ere, bere barneko sentimenduak azaleratzen hasi eta apur bat lotsatu egin zela esan du. Hortaz, pertsonaia batzuk asmatu ditu abestien hitzak sortzeko, eta, dioenez, horien atzean dago bera.

Guztira zortzi kantuz osatuta dago diskoa, eta horietako bakoitzerako testuinguru zehatz bat sortu du musikariak. Azaldu duenez, entzuleak, entzule izan aurretik, testuinguru hori irakurri behar du, modu horretan egoera batean kokatuko delako. Irakurri ondoren abestia entzun beharko du, eta ondoren, Señora Estudioak eta Teresa Calvok sortutako ilustrazioak ikusi.

Izan ere, kantu bakoitzarentzat testuinguru, hitz eta irudi propioak prestatu ditu, bere hitzetan: "Saiatu naiz abesti bakoitzarekin emozio bat bideratzen, eta emozio hori hiru hanketatik eusten: musika, hitzak eta ilustrazioa. Hirurak bat doaz emozio bera bideratzeko, izan daiteke tristura, nostalgia, zoriontasuna€".

DATORRENA DATORRELA

Diskoa kaleratze hutsarekin pozik dagoela azaldu du Morenok, zortzi urteren ondoren ez baitzuen espero horrelako aukera bat izatea. Irratitik behintzat, jendeari bere musika gustatzen ari zaiola ematen duela azaldu du, eta Instagram eta Facebook sare sozialetan sortu duen "familia txiki" horrengandik ere harrera oso ona jaso duela dio. Dena den, zentzu honetan aitortu du asko daukala ikasteko eta hazteko: "Zortzi urtez egon naiz isilunean, beraz, jendearengana iristeko irratiaz eta aldizkariez gain, sare sozialek indar asko dute".

Bere barne mundua eta emozioak ditu helburutzat, bere musika konpartitzea, azken batean. Eta horretarako, apurka-apurka joan behar dela azaldu du. Momentuz, jendeak diskoa entzun behar duela dio, bidea egin eta, aukera suertatzen bada, kontzertuak eskaintzen hasi. Hala ere, hori jendearen esku dagoela aipatu du. Lana aurrera atera eta kaleratu izana gozatu nahi du momentuz, aurkezpenak egin eta, hortik aurrera, "datorrena datorrela".