Aurten ere, martxoaren hasieran, LGTBQ+ kolektiboaren zinemazaleek zita izango dute Bilbon. Zinegoak zine eta arte eszenikoen jaialdiak 19. edizioa ospatuko du otsailaren 28tik hasita eta astebetez luzatuko da. "Inposatutako etiketarik gabe" aldarri egingo dute queer komunitateko kideek euren buruak izendatzeko erabili izan diren hitzak aukeratzeko askatasuna. Jaialdiko komunikazio arduraduna da Julen Nafarrate eta adierazi du ilusio handiz ari direla zine-jaialdiaren antolaketan, izan ere, "ia pandemia aurreko jaialdi eredu berbera" prestatzen ari direla. Haren hitzetan, "zine proiekzioa baino gehiago da, topagunea ere bada".

Urtero zinegile bat izendatzen dute Zinegoak Ohorezko Saria jasotzeko. 19. aldi honetan Albertina Carri "Hegoamerikako erreferentea" omenduko dute. Sari honen bitartez aitortuko diote LGTBQ+ komunitatearen alde egindako lana, bai zinegintzan eta baita aktibista modura ere. "Ohituta gaude filmetan emakumeen gorputza gizonezkoen begiradatik ikusten", esan du jaialdiko zuzendaritzako kideak. Hari horri eutsita, goraipatu du Carrik sexuari eta sexualitateri buruz duen ikuspegia: "sexu-eszenak oso esplizituak dira batzuetan, baina sakontasunez lantzen ditu gorputzaren eta sexualitatearen gaiak".

Gainera, bere esperientzian oinarrituta eta gurasoengandik jasotakoarekin Argentinako memoria historikoa jorratzen duela nabarmendu nahi izan du Nafarratek. Zinegoak jaialdiko hasierako ekitaldian egongo da zinegile argentinarra. Saria jaso ostean, solasalditxoa izango dela iragarri dute, Irantzu Varelarekin batera. Jarraian bere azken lana, Las hijas del fuego (2018) filma, ikusteko aukera izango da.

Nomenklaturak bereganatzen

Lesbianak eta sexu-aniztasuna izan dituzte edizio berri honetarako abiapuntu. Lumatza, soropila, marioker edota kapaza hitzen gisakoekin adierazi izan dira euskaraz sexu- eta genero-disidenteak. Hain justu, June Fernandez kazetariak eta Amaia Alvarez Uria ikerlariak izendapenok eta asmatutako beste hainbeste, jaialdiaren harira sortutako "Nola izan/esan bollera euskaraz" proiektuan bildu dituzte. Zinegoak-en bertan izango da gaiaz hitz egiteko paradarik, egitarauaren barruan antolatu duten solasaldian.

Kolektiboaren nomenklatura horiek bereganatzeko ariketa da Nafarrateren arabera "esaten den moduan, izena duenak izana baitauka". Eskubidea dute, beraz, queer komunitateko kideek izendapen horiek testuinguruaren arabera erabiltzeko: "irain modura erabili dituztenak orain LGTBIQ+ pertsonek nahi duten moduan eta nahi dutenean erabili ditzakete: batzuetan bai, besteetan ez; batzuekin bai, besteekin, berriz ez€". Modu horretan, bada, ondorioztatu dute defendatzeko eta ahalduntzeko balio duela irainei buelta bat ematea.

Zuzendari artistiko berriarekin dator 2022ko Zinegoak. Urte hauetan zuzendaritza-taldean aritutako Alaitz Arenzana bilbotarrak hartu du Pau Guillenen lekukoa. Arenzanaren ibilbidea goraipatu du Nafarratek, ikus-entzunezkoen alorrean zein beste jarduera performatiboetan izandakoa. "Jaialdia ezagutzen du dagoeneko, eta hortaz, helburu nagusia orain arteko lan onarekin jarraitzea du".

Hala ere, antolakuntzatik adierazi dute asmoa dela pandemiaren aurreko formatura itzultzea: "Bertatik-bertara bizitzeko Zinegoak berreskuratzea da lehentasuna", azaldu du Nafarretek. Iazko edizioan, osasun-larrialdiaren eta berau kontrolatzeko neurrien ondorioz, hainbat ekimen bertan behera utzi behar izan zituztela kontatu du, eta emanaldiak murriztu ere egin behar izan zituzten.

Ildo horretan azpimarratu du ikusleek nazioarteko zuzendariekin eta zinemaren arloko hainbat profesionalekin egoteko aukera itzuli egingo dela, proiekzioez gain solasaldi eta hitzaldiak antolatu baitituzte egitaraua osatzeko.

Nafarratek, gaineratu du iazkoa salbuespen egoera zela eta, Filmin streaming bidezko plataformarekin lan egiteko aukera sortu zela irtenbide edo alternatiba modura. Hala bada, aurten ere eutsi egingo diote aukera horri, zinemaldia bukatzen den egunean bertan film luze eta laburrak ikusgai egongo baitira aipatu "leiho" digitalean.

Aniztasuna nonahi

Hamar espazio hartuko ditu astebeteko jaialdiak, hala nola, Azkuna Zentroa, Arriaga Antzokia, Guggenheim Museoa edo Bilborock aretoa. Gaiei dagokienez, ugari izango direla iragarri du Nafarratek, hala ere, bi izan dira nabarmendu dituenak.

Batetik, munduko txoko ezberdinetako queer jendeak, queer izateagatik beragatik eta hala bizitzeko askatasuna aldarrikatzeagatik bizi duen jazarpena.

Bestetik, pandemia egoera batean murgildurik, GIBaren pandemia, 40 urte beranduago, berriz ere mahai gainera ekartzeko beharraz mintzatu da Zinegoak jaialdiko zuzendaritzako kidea: "Koronabirusak beste gainerako guztia bigarren mailan utzi du".

Hiru sail nagusi prestatu dituzte, ohi bezala: FIK izenekoak fikziozko lanak biltzen ditu eta sei film luze izango ditu lehian, "La fracture" (Catherine Corsini, 2021) edo "Women do cry" (Mina Mileva eta Vesela Kazakova, 2021), besteak beste; dokumentalen sailak, DOK izenpean, beste seina lan erakutsiko ditu, tartean, Yana Ugrekhelidze zuzendariaren "Instructions for survival" (2021) lana eta Isabel Solasen "Nos corpes son vos champs de bataille" (2021).

Hirugarren sailak, KRAK-ek, espazioa eman nahi die bestelako narratibei eta ikus-entzunezko "esperimentalagoei", hautatutako piezen artean dira "El perfecto David" (Felipe Gómez Aparicio, 2021) eta "Feast" lanak (Tim Leyendekker, 2021).

Laugarren sail ofizial bat ere bada, laburmetraiena, Begiradak izenekoa. Horren barruan berriz, azpisailak banatu dituzte film laburrek jorratzen dituzten gaien edo haien ezaugarrien arabera: Emakume zuzendariak, haurtzaroa eta nerabezaroa, maitasunezko poliedroak eta trantsizioak. Azken bi horiek berritasun gisara aurkeztu dituzte; lehenak harremanak ulertzeko moldeak ditu hizpide eta gaia era zabalenean landutako pelikulak biltzen ditu. Bigarrena, berriz, trans pertsonen bizipen eta errealitate istorio-bilduma da.

Nazioarteko begirada

Filmez gain, sariak emateko ardura ere nazioarteko zein Euskal Herriko epaimahaikideen esku izango da. Ainhoa Andraka zuzendaria eta Azkuna Zentroko zuzendari Fernando Perezekin batera arituko dira, nazioarteko hainbat izen: Peter Stephens Erresuma Batutik edo Sara Mansanet valentziarra, adibidez.

Hori gutxi balitz, adinekoen talde batek eta ikasle talde batek sari bana emango die ikusitako film-laburrik onenei.

Euskal ekoizpenak Erroak sailaren barruan emango dituzte, eta giza eskubideei buruzko lanekin batera, saridun banak merezimendua jasoko dute.

Bilbok bada, astebeteko epean, herrialde eta bizipen ugariri ostatu emango die. Hala ere, Nafarratek aurreratu du zinema-jaialdi ibiltariaren formatua errepikatuko dutela aurten ere. Hau da, Bilbon ez ezik, Hego Euskal Herriko lau lurraldeetan jaialdiko hainbat film ikusteko aukera izango da.

Hain justu, 46 izango dira proiekzioak izango dituzten herriak: "Normalean, herri txikietan ez da egoten horrelako edukiak ikusteko aukerarik". Horrez gain, Nafarratek gaineratu du estrategikoa ere badela sexu- eta genero-aniztasuna esparru horietara iristea, askatasunaren mesedetan, eta hortaz eskertuta daude parte hartuko duten herriekin.