lazkao - Begi argiak eta irribar bizia du Maria Lourdes Garmendia, Lazkaoko Nagusilan elkarteko kideak. Duela 12 urte sortu zuten elkartea herrian eta bertakok zein ingurukoei laguntzen ibiltzen da beste batzuekin batera. Beharra dutenei esku bat botatzeko prest dago beti Garmendia eta agerian utzi du hori hasieratik.

Lazkaoko Nagusilan fundazioko kidea zara. Zer egiten duzue bertan?

-Donostian sortu zen fundazio hau eta hainbat herritan ditu bere ordezkaritzak. Lazkaon, esaterako, orain 12 urte hasi ginen hau aurrera ateratzen. Ni garai hartan zinegotzia nintzen Udalean eta beharra zutenei laguntzeko egitasmoa hasi zen Eliza mailan. Ni baino lehen egon zirenek talde bat sortzea nahi zuten eta guk honi ekin genion. Garai batean 20 lagun aritzen ginen baina egun, zortzi bat inguru izango gara.

Lan boluntarioa da beraz, baina zein izaten da zuen zeregina?

-Ni, adibidez, etxe partikularretara joaten naiz laguntza eskaintzera. Jendeak dituen beharrei erantzuten saiatzen naiz, etxeko lanak egiten, erosketak... beraien kabuz gauza horiek ezin dituztenei laguntza ematen diegu Nagusilanetik. Bestalde, Txindoki egoitza daukagu Lazkaon eta hura ireki zutenean boluntarioak behar zituzten eta gu ere orduan hasi ginen esku bat botatzen. Askotan joaten gara bertakoak pasiora ateratzera edo kontu batzuk egitera, eta bertako asko gu joan zai egoten dira. Ahal dugun heinean lagundu egiten diegu, behintzat, konpainia eginez.

Orduan jendeak bere etxeko ateak ez ezik, bihotzekoak ere zabaltzen dizkizue?

-Bai, pentsa, badaude batzuk aholkua eskatzeko ere deitzen gaituztenak. Azkenean konfidantza erlazio bat sortzen da gure artean eta askotan haien familikoei esaten ausartzen ez direnak guri adierazten dizkigute. Konfidenteak bihur-tzen gara zenbait kasutan, oso gertukoak.

Lan boluntarioa da egiten duzu-ena. Asko beteko du jakiteak jendea zuek joan zai egoten dela, ezta?

-Dudarik gabe. Horregatik ez dugu uzten hau, bizi poza delako gure-tzako.

Aipatu duzu zortzi zaretela egun taldean aritzen zaretenak. Jendea ez da apuntatzen?

-Azkena orain bi urte apuntatu zen, orduz geroztik ez dugu besterik gehitu. Guk Lazkaoko festetan propaganda egiten dugu urtero, ea norbait gehiago animatzen den baina ez da kontu erraza izaten, baina tira, gu saiatzen gara.

Zergatik uste duzu jendea ez dela apuntatzen?

-Nik uste jendeak ez duela konpromisorik nahi. Izena emanez gero, erantzun egin behar da. Batzuetan jendeak galdetzen digu ea irabazi ekonomikorik izaten dugun, ordaintzen diguten. Baina ordaindutakoari bakarrik eman behar zaio erantzuna? Ez dut uste hala izan beharko lukeenik.

Ostiral honetan kanpaina berria aurkezten egongo zarete.

-Hori da. Plaza ondoan mahai bat jarriko dugu goizeko 10.00etatik 14.00etara eta 16.00etatik 20.00etara. Bertan, kanpaina honen nondik norakoak azalduko ditugu eta norbaitek taldeko kide izan nahiko balu, ongi etorria izango da.

Urte asko daramatzazu zuk boluntario moduan lanean?

-Bai... 22 urterekin gaixoei lagun-tzera joan nintzen Lourdesa. Han ikusi eta ikasitakoa hona ekartzeko gogoa neukan eta horregatik hasi nintzen boluntariotzan. Azken finean, ni oso gustura joaten nin-tzen gaixoei laguntzera. Aitak ere esaten zidan, ea ez nuen nahikoa etxeko lanekin eta ingurukoak zain-tzearekin. Baina nik hala erantzuten nion: “aita, baina denbora baldin badaukat, ezin naiz behar dutenei lagundu gabe egon”. Eta halaxe hasi nintzela esan dezaket. Dudarik gabe, Lourdesa joan nintzen lehenengo aldi hura oso esperientzia betegarria izan zen.

Urte askoan joan izan zara bertara?

-Ba 36 urtean. Batzuetan kale egin dut familiko konpromisoak zirelako baina erabat betetzen nau bertara joateak.

Esango zenuke jendeak edo orohar gizarteak boluntarioen lana baloratzen duela?

-Egia esatea nahi baduzu, gu ez gaude jendearen balorazioen zain. Bete-tzen gaituena da ikustea laguntzen diegun horiek eskertzen dutela eta gurekin egon nahi dutela. Hori da bizi poza, ahal dugula besteei esku bat botatzea baina ez diruagatik, ordaindu ezin den horregatik, baizik.