arizkun - Xabier Soubelet hitz batekin definitu beharko bagenu, sortzailea litzateke hitz hori. Izan ere, etiketak jartzea hain gustukoa dugun jendarte honen aitzinean nolabait aurkezteko tenorean, bera sortzailea dela erratearekin aski izanen genuke. Erran genezake ere, Ziburun sortutako baztandarra dugula, Arizkungo Sasternea etxea duela bere kabia eta tailerra, irakaskuntzan urte luzez aritutakoa dela, baina sortzaile erratearekin, asmatuko genuke, bai. Aunitzek margolari gisa ezagutuko dute, eta beharbada urtero, udan Sasternean zabaltzen duen margo erakusketa bisitatu izanen dute. Bertze batzuk idazle gisara ezagutuko dute, ez da guttiagorako, izan ere 11 liburu argitaratu ditu honezkero, olerki liburuak, narrazioak, eleberriak eta baita margolaritza ardatz duen bat ere. Musikaria ere badela, beharbada guttiagok jakinen dute, baina bada, eta horren erakusle, Gezitik gazira kantu bilduma. Berak dena den, umiltasunez dio margolaria eta idazlea dela soilik.

Bere azken lanean zailago litzateke definitzea zer egin duen, izan ere bere adierazpide artistiko guztiak uztartu ditu. Lan potoloa izan da, anizkoitza. Txoria badator, txoria badoa izenburupean hiru ardatzeko lana osatu du azken urteetan Soubeletek. 2017. Urtea du iturburu lan hirukoitzak. Urte hartan, apirilaren 26.ean, Gernika bonbardatu zutenetik 80 urte bete ziren. Gertakari hori hartuta, Xabierrek aipaturiko lana burutzea erabaki zuen, tituluak berak agertzen dituen txorien etorrera eta ihesaldiarekin, Gernika bonbardatu zuten alemaniar hegazkinak gogoan izanik. Etorri, bonbardatu eta ihes egin bai-tzuten, gibelean suntsiketa utzirik. Hiru lanak, hiru diziplina artistiko desberdinetan garatu zituen. Hasteko, ikuskizun erraldoi bat burutu zuen, dantza, musika eta antzerkia uztartzen zituena. Gerora, margolan handi bat sortu zuen, Gernikako bonbardaketari bere ikuspegi pertsonala emanez, eta azkenik, berriki argitaratutako liburua idatzi zuen, eleberria. Bakoitzak bere erara, Gernikako bonbardaketa ardatz hartuta, gertaturikoa kontatzen du.

ikuskizuna Lan hirukoitzetik lehenbizikoa, bai ez nahitaez errezena, Txoria badator, txoria badoa-Gernika 80 ikuskizuna izan zen. Zuzeneko emankizun bat izan zen, Donibane Lohitzunen eskainitakoa. Hasmenta batean Gernikan eskain-tzeko asmoa zuten, baina ezin izan zuten helburu hori gauzatu. 300 lagun inguruk parte hartu zuten obraren exekuzioan. Denak koordinatzea lan handia suposatu bazuen ere, emaitza zoragarria izan zen. 1.500 lagunen aitzinean eskaini zuten, euri langarraren pean. Euria ez zitzaien gehiegi gustatu egun hartan, baina paradoxikoa zela pentsatu zuten, Gernika bonbardatu zuten egunean ere euria ari bai-tzuen, eta aterkiak izan zituzten soilik gernikarrek bonben aitzineko babesa.

margolana Xabier, margolaria izaki, ezin zen falta bere sormen lanean margolan bat. Gernika margotzen hasita, nahi eta nahiez Picassoren margolana datorkigu denei burura, beltza, grisa, iluna. Soubeletek argi zuen berea ez zela halakoa izanen, koloretsua izanen zen, argi erakutsiz bertan gertaturikoa eta utzitako odol arrasto gorria. Eta hala egin zuen, 2x2 metroko margolan handia sortu zuen, ikusgarria. Goiko partean zeru grisa ageri da, eta hegazkinak, beltz-beltzak, Gernikako Astra lantegian ekoizten zituzten pistolen formako hegazkin hiltzaileak. Azpian, txuriz, horixkaz, arrosaz eta urdinez, bertan izandako eztandak irudikatzen dira. Goiko aldean, ezkerrean, hartza bat ageri da, Pîcassoren zezenak irudikatzen duen Espainiako sinboloaren ordez, Euskal Herriko inauterietan ageri den hartza indartsu eta babeslea. Alemaniarrek suntsitu gabeko Errenteria zubia ere ikus daiteke, eta nola ez, odol gorriak nonahi. Odolaren artean, arbola berdea, argitsua ageri da, itxaropena erakutsi nahian.

liburua Berriki ikusi du argia Txoria badator, txoria badoa. Gernika 81 eleberriak. Gernikako bonbardaketa dago erdigunean, baina hari desberdinek puzzle bat osatzen dute, elkarlotutako piezekin. Alemaniar erasotzaileak ageri zaizkigu, Gernikako baserritarrak eta herritarrak merkatu egunean, Parisen ere hainbat margolari ezagun, eta Soubeleten autobiografia moduko bat, tartekatua, Gernikarekiko lotura eta lan hirukoitz hau sortzeko burututako lanaren jatorria azalduz. Heriotza eta bizia kontatzen ditu liburuak, argi, gordin eta goxo.