Usurbil - Zubietaren berezitasun administratiboak zerbitzuen kudeaketan eragin izan dituen arazo eta deskoordinazioak konpondu eta zerbitzu publikoa optimizatzeko helburuz, hitzarmena sinatuko dute Donostiako Udalak, Usurbilgo Udalak eta Zubietako Herri Batzarrak.

Donostiako Udaleko Plenoak martxoaren 22an eman zion argi berdea akordioari, eta Usurbilek gauza bera egin zuen azkeneko Osoko Bilkuran. Beraz, hiru aldeek izenpetzea baino ez da falta. Hitzarmenaren ondorioz, Zubieta osoko hondakinak Usurbilgo Udalak bilduko ditu. Usurbilgo udal mugartean kokatutako etxebizitzetan hondakinak atez ate jasoko dira. Donostiako udal mugartean kokatutako etxebizitzetan bizi direnek hautatu ahal izango dute zein sistema nahi duten: edukiontziak edo atez ate.

Hitzarmenak lau urteko indarraldia izango du, eta Zubietako lurralde esparru osoari eragingo dio. Halaber, honako zerbitzu eta jarduketa hauek berrantolatzen ditu: uraren hornidura; saneamendu sarea; hondakinen bilketa; bideen garbiketa; parkeak, lorategiak eta zuhaitzak; landa bide publikoen garbiketa eta mantentzea; argiteria publikoa; hiri-altzariak; garraio publikoa; instalazio eta ekipamendu publikoak; mantentze-jarduketak; eta logoak. Honela, gastuak murriztea espero dute.