zumaia - Memoria historikoa oinarri hartuta antolatu zuten astearte iluntzean Aita Mariko zine aretoan izandako ekitaldia, eta bertan Aranzadi Zientzia Elkarteak azken hiru urteetan egindako ikerketak jasotzen dituen Zumaia 1936-1945: Giza eskubideen urraketa eta errepresioa Gerra Zibilean eta Lehen Frankismoan liburua banatu zuten.

Ekitaldian parte hartu zuten Aranzadi Zientzia Elkarteko kideek, Zumaienako ikasleek, udal ordezkariek eta San Pedro abesbatzak.

Lehenengo hitza Paco Etxeberria Aranzadiko presidenteak izan zuen eta “Euskal Herrian gero eta udalerri gehiago historia berreraikitzeko ahaleginean murgildu” direla ziurtatu zuen eta “zorionez horietako bat da Zumaia”.

Oier Korta alkateak hartu zuen hitza ondoren, Udalaren izenean. Esker hitzak izan zituen Aranzadi eta Etxeberriarentzat, baina, batez ere, lanketan parte hartu duten zumaiar guztiak izan zituen gogoan. “Memoria galtzeko arriskuan geunden urteek aurrera egin ahala, eta lan hau martxan jarri izanak garran-tzi handia izan du, etorkizuneko belaunaldiek gure historiaren zati hori jaso dezaten”.

‘zutani’ Bertaratu zirenek Zumaienako ikasleek egindako Zutani ikus-entzunezkoa ikusteko aukera izan zuten.

Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren Idazkaritza Nagusiak Etikasi programa jarri zuen abian eta Zumaiena ikastetxeak irabazi du saria.

Zutani ikus-entzunezkoari esker: Auschwitzera lau eguneko bidaia batean hartuko dute parte batxilergoko ikasleek. “Lan handia” egin dutela aitortu zuten lehenengo batxilergoko ikasleek eta orain “bidaiaz gozatzeko irrikitan” daudela esan zuten. - A.Z.