ozamena izaten da beti katedraleko dorretik bazterrak inguruz inguru ikustea. Alde Zaharreko teilatu-sareaz haratago, auzo berriak hedatzen dira eta, atzerago, Iruñerria zedarritzen duten mendiak ere bai. Tira, orain, den-denak ezin ikusi, Salestarren orubeko etxe-orratzak hasiak baitira zeru sabaia urratzen eta, ondorioz, Aranguren aldeko mendi batzuen ikuspegia galarazi dute. Nekeza da, bertzalde, jakitea noraino iristen den Iruñea eta non hasten den Artika edota Antsoain. Nahasmendu horrek goia jo du Erripagañan, eta bizilagunak Iruñea, Burlata, Eguesibar eta Uharte artean daude banatuak. Ez dakit zer udalerriri dagokion, baina alde bateko kale-izenetan "karrika" hitza ageri da idatzirik ohiko "kalea"-ren ordez. Ez aspaldi, zelai horiek guztiak bertako Kaikurena etxekoek lantzen zituzten. Beraz, gurera ekarriko dugu Manezaundik duela 90 urte idatzitako hura, hiriburuko aldaketa handiez ari zelarik: "mundua bertzelakatu da izpiño bat". Eta bertzelakatzen ari, erantsi beharko genioke, Iruñerriko egungo aldaketen munta ikusirik. Artikan, konparaziora, auzo berria sortzera doa, izena bera antzaldatuko duena: "Etxebakar". Nabarmen emendatuko du Artikako biztanleria. Bere garaian ere etxe guti Etxabakoi-tzen (izenak berak adierazten zuen gisan), eta pentsa orain. Artetik errateko, ez da orain hiriburuko auzo pobreena (Katanga erran zitzaion), Sanduzelai baizik. Udalak gogotik egin beharko luke lana, auzoko talde eta jendearekin batera, egoera bere onera ekartzen saiatzeko. Alkatea, ordea, bere txorakerietan dabil, baina bere jendea dauka gogoan, eta jende aunitz du alde. Kontua da zer egin beharko ote litzatekeen karguan jarrai ez dezan. Ez legoke gaizki aurreko legealdiko ongi eginak eta gaizki eginak aztertzea, haietatik ikastea, etorkizuna bertzelakoa izan dadin. Inor ari al da horretan, ordea?