Gaur abiatuko da Euskara Batzordeak antolatutako udazkeneko kulturaldia Arantzan eta azaroaren 7ra bitarte izanen da non gozatu. Beharbada Ekaitza elkarteak antolatzen duen Baserritarren Eguna izanen da ekitaldirik entzutetsuena eta jendetzarik handiena erakarriko duena astelehenean, baina aitzinetik eta ondotik ere kultur eskaintza zabala izanen da.

Gaur, Mendian hil, hirian hil dokumentala ikusteko aukera izanen da, 19:30ean herriko etxeko aretoan.

Larunbatean, 20:00etan, Andreina Jolin taldeak kontzertua emanen du gorapean.

Igandean, Beatriz Egizabal aktorearen eta Ane Labaka bertsolariaren Erradikalak ginen antzerkia ikusgai izanen da, 19:00etan eskolan.

Azaroaren 1ean, Baserritarren Egunaren 24.edizioa eginen da Ekaitza Elkarteak antolatuta. Plaza eta frontoian herritarrek produktuak, nekazaritza tresnak, eskulanak edota aziendak ikusgai edota salgai paratzeko aukera izanen dute eta horretaz gain, gazta eta ahari lehiaketak ere eginen dituzte.

Gazta lehiaketan, partaide bakoitzari gazta bakoitzarengatik 25 euro emanen dizkio Ekaitza Elkarteak. Sariei dagokienez, lehenbiziko saria 150 eurokoa izanen da, bigarrena 100 eurokoa eta hirugarrena 60 eurokoa. Ahari lehiaketan, berriz, bi sari emanen ditu: lehenbiziko saria 50 euro eta bigarrena 25 euro.

Bertzetik, bezperan, urriaren 31n, 18:00etan salmenta postuen kokapena zozketatuko dute elkartean, jende aitzinean, eta ondotik, postuetako mahaiak denen artean paratuko dituzte.

Ostatua ere zabalduko dute eta bildutako dirua Guraso Elkartearentzat eta eskolarentzat izanen da. Herriko trikitilariak bazterrak alaitzeaz arduratuko dira eta bertako produktuen saskiaren zozketa ere eginen dute. Txartelak egunean bertan 50 zentimotan salduko dituzte.

Azaroaren 6an, Maddi Ane Txoperenak Ene baitan bizi da eleberria aurkeztuko du, larunbatean 17:00etan liburutegian .

Azaroaren 7an, 12:00etan Ombuaren itzala proiektuaren aurkezpena eginen du Patxi Biskertek eskolan eta 17:00etan Ameli eta xirrikituen jostunek ipuin-kontalaria eskolan ariko da.

150

euroko saria jasoko du Baserritarren Eguneko gazta onenak, 100 eurokoa bigarrenak eta 50 eurokoa hirugarrenak. Ahari lehiaketari dagokionez, buru onenarentzat 50 euroko saria izanen da eta 25 eurokoa bigarrenarentzat.