- Xulufrinak Lesakako sare feminista aurkeztu zuten joan den ortzirale arratsaldean, Arrano elkarteko ganbaran egindako aurkezpenean. Adin guzietako 25 bat emakume bildu ziren, eta bakoitzari ahal eta nahi duen moduan parte hartzeko gonbidapena egin zieten.

Sare gisakoa izanen da Xulufrinen antolaketa: talde motore batek gidatu eta koordinatuko du mugimendua; gaikako lantaldeak sortzea dute asmoa (indarkeria matxista, kirola, kultura... gogoen eta beharren araberako taldeak); eta guzia lotuko duen sare zabalago bat eginen dute, azkenik. Borroka feministarekin lotutako egun puntualetarako bilera zabalak ere deituko dituzte.

Xulufrinen logoan agertzen den hirukiak feminismoa eta Lesakako plazaren forma irudikatzen ditu, kolore moreak feminismoa, eta loreek xulufrinak.

Taldearen helburua honakoa izanen da: “Lesakako emakume* guziak libre, zoriontsu eta ahaldun izateko sare feminista sortzea, zaintza eta ahizpatasuna ardatz izanen dituena”. Horretarako, bertzeak bertze, saretu eta antolatu, eremuak eta espazioak okupatu, kontzientziazioa eta formakuntza sustatu eta gizartea eraldatzea izanen dute xede. Modu batera edo bertzera parte hartzeko prest dauden emakumeei* beraiekin harremanetan jartzeko gonbita egin nahi diete. Sare sozialetan ere ireki ditu kontuak Xulufrinak taldeak.

Lesakan eta inguruetan agertzen diren lore ttikiak dira xulufrinak. Harri tartetik eta nekez ateratzen direnak, mehatxatuak daudenak, baina taldean loratzen direnak, morekolorez, eta indartsu.

Sareko kideek aurkezpenean azaldu zutenez, “izen hori eman diogu Lesakan sortu berri dugun sare feministari ere: Xulufrinak. Matxismoaren erasoetatik iraunez, mehatxuen gainetik tinko, taldean sortu eta loratu nahi dugulako. Hemendik zabaltzen eta hangotik ikasten, Euskal Herriko mugimendu feministarekin bat eginez, lore ezberdinez egindako mosaikoa landatzeko”.