EZKURRA - Hauteskundeak tarteko, astebete aurreratuta etorriko da aurtengo Malerreka Eguna. Sunbillaren lekukoa hartuz, Ezkurran ospatuko dute eta larunbat honetan, maiatzak 18, izanen da. Beste behin, egun osorako egitaraua prestatu dute Malerrekako herritarrek elkarlanean, asteartean hainbat herritako alkate eta zinegotzik egindako aurkezpenean aipatu zutenez.

Larunbatean 08.00etan mendi martxa eginen dute. Ezkurrako ermitatik hasita ordu bateko itzulia eginen dute, bi herritarrek gidatuta. Malerrekako Gazte Asanbladak ere ateraldia antolatu du bere aldetik, 08.00etan Zubietatik abiatuta Ezkurrara (15 kilometro). 09.00etan herrietako ordezkariak gosaltzeko elkartuko dira eta 10.30ean hasiera ofiziala emanen diete eguneko ospakizunei. Dantzariek Aurreskua dan-tzatuko dute eta ekitaldi berean, 85 urtetik gorako Ezkurrako herritarrak omenduko dituzte: Dionisia Telletxea Telletxea, Florencia Telletxea Telletxea, Fermin Apeztegia Telletxea, Monica Telletxea Telletxea, Izaskun Apeztegia Telletxea, Ramona Juantorena Mariezkurrena, Jose Mari Beloki Indakoetxea, Laurentina Diez Gartzia, Juan Fermin Goikoetxea Telletxea eta Francisco Telletxea Goikoetxea.

Karriketan ez da animaziorik faltako. Alde batetik, musikariak herrian barna karrikak musikaz alaitzen ibiliko dira. 11.00etatik 14.00etara artisauek euren lanak ikusgai eta salgai jarriko dituzte eta Sunbilla, Doneztebe, Ituren eta Urrozko dantzariak ere hankak astintzera aterako dira. Donamaria eta Iturengo buruhandiek ere ez dute hutsik eginen eta Zubieta eta Iturengo joaldunek pulunpa soinua zabalduko dute.

14.00etan paella jatea eginen dute eta erantsundarrak, zubietarrak eta elgorriagarrak izanen dira hori prestatzeaz arduratuko direnak.

Arratsaldean eta gauean gehiago 16.00etan mutxikoak dantzatzeko aukera izanen da. Ordu berean hasiko da mus txapelketako finala. Herriz herri egin diren txapelketetatik sailkatu diren bikoteek parte hartuko dute eta txapelketak 19.00 arte iraunen duela aurreikusi dute.

17.00etatik 19.00etara bitarte berendua eta haurrendako jokoak izanen dira. Ezkurrako herritarrek txokolatea prestatuko dute eta donamariarrak arduratuko dira neska-mutikoendako jolasak antolatzeaz. Buruhandiak ere han barna ibiliko dira eta Beintza-Labaiengoen eskutik aizkora apustua izanen da.

19:00etatik 20:00etara dantzaldia izanen da Iratzar taldearekin eta ondotik, heldu den urteko besta antolatzeko lekukoa pasatzeko ekitaldia eginen dute. 20.30etik 22.00etara Iratzar taldeak segituko du eta 22.00etan afaria eginen dute Barranka ostatuan. Afarira joan nahi dutenek txartelak bertan eros ditzakete, 25 eurotan. Malerrekarren eguna behar bezala borobiltzeko, gauerditik aurrera Iratzar taldearekin gaupasa egiteko aukera izanen da.