elizondo - Eguraldi onak lagunduta burutu zen atzo Elizondon Baztango Artisauak elkarteak, Argitsu, eskualdeko artisauak biltzen dituen elkarteak, eta Baztango Zaporeak bailarako ekoizleen elkarteak elkarlanean antolatutako I. Artisau eta ekoizleen topaketa. Goizetik oilunabarrera arte Elizondoko Foruen Plaza izan zen lehenbiziko aldiz antolatutako topaketa honen gune zentrala. Plaza bere osotasunean hartu zuten 30 postu baino gehiagok. Egun ososan zehar, eguzki indartsu baten pean, artisau eta ekoizleek eruren salmahaietan bakoitzak ekoi-tzitakoa eskaintzen aritu ziren. Eguraldia lagun izan zuten, bai, baina beharbada atzoko beroa gehiegizkoa izan zen eta nahiz eta jende dexente ibili zen egun osoan zehar, halako eguzki eta berotasunak, hainbat eta hainbat lagun bertzelako plan frexkagarriagoren bat burutzera animatu zituen. Plaza inguruan ez zen animaziorik falta izan, izan ere, egun osoan zehar aurpegi markgoketak burutu zituzten, eguerdian, haurrendako birziklapen tailerra izan zen, eta arratsaldean, bertzeak bertze txalaparta tailerra ere. Horrez gain, Jo ala Jo eta Baztango gaitarien erraldoiak ere hurbildu ziren topaketara, eta plazan hainbat dantza egiteaz gain, herrian barrena ere kalejiran ibili ziren.

Plaza inguruan jarritako postuetan Baztango artisau eta ekoizleen salmenta postuak izan ziren gehienak, baina ez bakarrak, izan ere, Amaia Zinkunegi, Baztango Artisau elkarteko kideak aipatzen zuenez, “bailara edo eskualdez kanpoko hainbat artisau eta ekoizle ere gonbidatu ditugu, topaketa osatuago eta ederragoa izan dadin”. Gonbidapenak, beti ere, eskualdean halakorik saltzen ez dituzten artisau eta ekoizleei luzatu zizkieten. Egun ederra izan zen atzokoa, koloretsua, alaia, eta bertan ekoitzitako eta egindako kalitatezko produktuak eskuratu ahal izan ziren.

Lehenbiziko aldia da halako topaketa hiru elkarteen artean antolatzen dutena, eta oraindik balorazio sakonago bat egin behar badute ere, antolatzaileak pozik agertu ziren atzoko egunarekin, hasierako helburuak bete baizituzten, hau da, beren lanari ikusgarritasuna eman eta, aldi berean, elkarte desberdinen arteko harremanak sustatu eta sendotzea.