Berritu ala hil dio gaztelaniazko erranairuak. Bada, Amaiurren, eta oro har Baztanen, ez dago hiltzeko arriskurik, ez gutienez hezkuntza alorrean. Izan ere, hezkuntza erakargarri eta eraginkorra bulkatzeko bidean Baztango ikastetxe desberdinetan etengabe erronka berritzaileak garatzen dihardute.

Kasu honetan, Amaiurko eskolak, Amaiurko herria, Aranzadi Zientzia Elkartea eta Baztango Udalaren laguntzaz, Urmaela proiektu hezitzailea martxan jarri berri du. Aranzadi zientzia elkartearen Herpetologia sailak eman zien amaiurtarrei urmaela proiektuaren berri, eta zalantzarik egin gabe eskolak eta herriak, batera, lanari ekin zioten.

Aranzadi Zientzia Elkarteak Alemaniako Tübingen herriko eskola batean garatzen zuten esperientziabaten berri izan zuten, bertan, umeak naturara hurbiltzeko helburuarekin, eskolatik kanpo zegoen urmael batera joateko ohitura zuten. Euskal Herrian horrelako zebait egitea pentsatu zuten, hango esperientzia inportatzea erabakiz. Honela, 2013an, Ereñotzuko Txirrita Herri ikastetxekoekin batera sortu zuten lehenbiziko urmael didaktikoa, eta berari loturiko hilabete bateko hezkuntza proiektua garatu zen eskolan. Esperientzia berritzailea biziki eraginkorra zelafrogatu ondotik, azken urteetan bertze dozena bat eskola desberdinetan izan du jarraipena, eta orain, Amaiurkoa izanen da Nafarroan garatuko den lehena.

Nora Salbotx, Amaiurko eskolako zuzendariak azpimarratu duenez, “aurtengo ikasturtean inoiz baino gehiago ikusi da naturarekin harremana izateak duen garrantzia, hortaz, urmael proiektu hau ezin hobeki egokitzen da garaiari”. Urmael proiektuaren ardatza putzu bat da, zeinean ur gezako ekosistema baten garapena aztertuko dute ikasle eta irakasleek.

Salbotxen erranetan “proiektua putzuaren inguruan garatuko denez, eskolatik hurbil behar dugu urmaela”, baina Amaiurko eskolaren ondoan ez dago halako putzurik, hortaz, bat sortuko dute. Dagoeneko hasiak dira lanean, eta lehenbiziko eginbeharra urmaela edo putzuaren kokagunea erabakitzea izan zen. Haur eta Lehen Hezkuntzako ikasleek eskolatik hurbil urmaela sortzeko gune egoki bat bilatzeari ekin zioten. Bilaketa bera proiektuaren baitan kokatzen da, “jarduera arras osotua da, ikasleek lurra neurtu, planoak interpretatu, herri lurrak zer diren ikasi, Baztango Batzar Nagusia ezagutu eta bailarako historiaren berri izan, urmaelaren ezaugarriez, balizko biztanleez, landarediaz hitz egiten dute, hipotesiak egin edota norberak bere proposamena marraztu”.

Finean, proiektu anitza da urmaela, hezkuntza integrala bulkatzen duena eta ikastetxea eta herria elkarlanean jartzen dituena, denen aberasgarri.