Bortz hamarkadatan liburu aunitz irakur ditzake pertsona batek. Baita CD-Rom, CD, DVD, aldizkari edota bertzelako euskarri desberdinen artean zokomiran ordu aunitz igaro ere. 50 urtetan zehar pertsona batek solasaldi aunitz izan ditzake ingurukoekin, ikastetxeko etxeko lan ugari egin eta baita aunitz ikasi ere.

Pertsona bakarra beharrean ehunka edota milaka baldin badira, zenbaki horiek esponentzialki hazten dira. Bizipen guzti horiek hitz gutxitan laburbiltzea ezinezkoa da, baina sentipen orokortu gisa gera daiteke norberaren oroitzapenetan. Aipaturiko guztia Baztango Liburutegi Publikoan gertatu dela erranez gero, ez litzateke erokeria liburutegiaren historia arras aberatsa dela aitortzea. Bada, horixe bera izan zen astelehenean Baztango Liburutegi Publikoan bere 50. urteurrenaren harira antolatutako ekitaldi instituzional xumean laburki aipatutakoa, hau da, bere bortz hamarkadatan zehar jende aunitzendako bigarren etxea izan dela liburutegia, momentu eder eta ordezkaezinak biziarazi dizkiela hainbat eta hainbat baztandarri. Hasteko, liburutegian lanean aritu diren hiru liburuzainei, Maria Angeles Arraztoa Iturralde, Ines Zayas Iturria eta Sonia Lopez Igartuari. Hiruek bat egin zuten liburutegiaren urtebetetze besta seinale gisa egindako ekitaldian. Beraiekin batera, Nafarroako Liburutegi Sareko ordezkari Clara Flamariquek ere parte hartu zuen ekitaldian, hala nola, Baztango Udaleko ordezkaritza batek ere, Joseba Otondo alaktea buru zela, Mari Jose Garmendia Kuotura zinegotziarekin eta Anastasio Nagore eta Ruben Ziganda hautetsiekin batera. Bizi dugun osaun egoera tarteko ez zen ekitaldi ireki eta jendetsua izan, baina bertaratutakoek falta zirenak gogoan izan zituzten, duela 50 urte Baztango Udaleko beheitiko solairuan, lehenago kartzela egondako lekuan liburutegiaren lehenbiziko pausuak eman zituzten ordezkariak, gerora Arizkunenera lekualdatu zutenak edota gaur egungo etxera, Jaime urrutia karrikako 38. zenbakira eraman zutenak ere.

Bakoitzak liburutegiaren inguruan izandako bizipenak gogora ekarri zituen, gauzak nola aldatu diren komentatu, bizi izandako bitxikeriak partekatu, eta oro har, Baztango Liburutegi Publikoa urte guzti hauetan emandako guztia goraipatu ere, mende erdia bete duen honetan zoriontzearekin batera.

Mattin Maiora gazte elizondarrak ere parte hartu zuen ekitaldian Zorionak zuri akordeoiarekin joz, eta ekitaldia bukatzeko Maria Angeles, Ines eta Soniak lore bana jaso zuten, kulturaren alde eta Baztango gizartearen alde liburuzain gisa egindako ekarpena eskertuz.

50. urteurreneko ekitaldia xumea izan zen, bai, baina bere xumetasunean aski aberasgarria eta ederra ere bai, bizipen pertsonal eta kolektiboak nabarmentzeko aproposa. Aunitz urtez!