Azken urteetan Baztango Udalaren eta Euskal Herriko Unibertsitatearen arteko lankidetza errotzen ari da, eta horren erakusgarri dira hiru urtez jarraian antolatutako udako ikastaroak. Bailarari loturiko gai garrantzitsuak, egunerokotasun handiko gaiak sakonki lantzen ari dira azken urteetan, eta gauza puntual bat baino gehiago, lan jarraitu eta anitza bilakatzen ari dira.

Hirugarren hitzordu honetan aukeratutako gaia, landa herrien bizi iraunkortasuna izan da, zeinean, ondareaz, etxebizitzaz eta komunitateaz jardun duten.

Koldo Telleria EHUko arkitektura eskolako irakaslearen zuzendaritzapean, egitarau mamitsua izan zuten Elizondoko Arizkunenean egin zen jardunaldian. Denera 35 lagunek eman zuten izena, horietako batzuk ikastaroa on-line segitu zutelarik.

Ikastaroaren bidez herrietako zein landa-lurretako ondarearen husteaz harago, lurralde kanpoko aisialdiak eta turismoa oinarri duten populazio eta kultura ordezkapen prozesuez gogoeta egin nahi izan zuten; guzti horrek ekarri dezakeen landa guneen nortasun eta bizi ereduaren aldaketaz. Helburuen artean, etxebizitza eskubidea lurraldearen eskubidearekin eta komunitatean bizitzeko aukerekin lotzea zegoen.

Goiz eta arratsaldez egin zen ikastaroaren sarreran, Joseba Otondo Baztango alkateak Baztango etxebizitzen inguruko hainbat datu eman zituen, errate baterako, aipatu zuen Baztanen 860 bizitegi hutsik daudela eta 520 bizitegi bigarren etxebizitza direla; hala eta guztiz ere, herritar aunitzek etxebizitza bat lortzeko arazoa nabarmen hazi da azken urteetan. Honen inguruan, Ibon Telleria EHUko irakasleak Herberehetako kasua aipatu zuen, zeinean erortzeko arriskuan dagoen etxebizitza ondarea bertze norbaiti tasatutako prezioan saltzeko legea baitagoen, aski erabilia den formula omen da. Bertzalde Jean Claude Milharin Amenduze-Unasoko hautetsia Ipar Euskal Herrian etxeen prezioengatik gertatzen ari den populazio ordezkapen prozesuaz mintzatu zen. Frantzia iparraldetik heldu direnek erosteko ahalmen handiagoa izanik, bertakoak etxea ezin erosirik herrian gelditzeko gero eta arazo gehiago omen dituzte.

Amaia Albeniz arkitektoa pertsonen eskalako hirigintzaz mintzatu zen, eta lurraldearen genetika ezagutzearen beharraz. Aldi berean bakarkako etxeen sakabanatutako sistemak nekazaritzako lurrak jaten dituela ohartarazi zuen.

Lierni Altube eta Ainhoa Negeruela arkitektoak, bertzalde, zahar berritzeko teknikez mintzatu ziren, arlo horretan duten esperientzia hainbat proposamen mahai-gaineratzeko baliatuz.

Gainerakoan Rosa Lago EHUko irakaslea eta Ametxe etxebizitza kooperatibako kidea eta Rosa Binimilis Bartzelonako Cal-Cases etxebizitzako partaidea etxetzar handi hauetan bizi-proiektu komunitarioak garatzeko esperientziez mintzatu ziren, etxetzar handiak biziberritzeko aukera eskainiz.