Asteburu honetan Euskal Herriko 600 neska inguru hurbilduko dira Elizondora, larunbat eta igandean ospatuko den Euskal Herriko Neska* Gazteon Baterajotzean parte hartzera. (Izartxoak (*) "heteropatriarkatuak zapaldutako subjektu oro barne hartzen ditu, aunitzek ez baitute euren burua emakumetzat"). Bertan, neska* gazteek gaur egun pairatzen duten problematikei buruz hausnartuko dute, baita saretzeak eskaintzen dizkien indarraz probestu ere.

Mugimenduan gaude, lurrikara gara lelopean burutuko den baterajotzearen aurkezpenean azaldu zutenez, "neska* gazteok sozialki zigor handia jasan behar izan dugu, komunikabideen, indar polizialen eta herritarren jomugan egon gara, kasu batzuetan gu errudun bihurtzeraino".

Sozializatzeko espazioak ere ukatu dizkietela nabarmendu zuten, "gaztetasuna gure sareak sortu eta garatzeko garaia izanik, gure behar izanak kontuan hartu gabe jokatu dute; eta horrek ondorio larriak izan ditu, ez da kasualitatea gazteen gaixotasun mentalen tasak ugaritu izana, baita nesken elikadura-jokabidearen nahasmendua ere".

Kezka asko dituzte, baina helburu bakarra: "Euskal Herri feminista bat eraikitzea, non bizi ditugun zapalkuntzetatik askatuko garen". Helburu handia da, eta argi dute ez dutela egun batetik bertzera lortuko, baina "eguneroko lanarekin, antolatuz eta borrokatuz lortuko dugu sistema arrakalatzea, iritzia sortzea, komunitatea ehuntzea, alternatiba gugan hasten dela sinestea, pentsamendu kritiko aktibatzea, baloreak eraldatzea, aldarrikapen konkretuak plazaratzea, lorpen txikiak eskuratzea, beste eredu bat sortzeko gai garela transmititzea".

Baterajotzea Mugimenduan gaude, lurrikara gara lelopean eginen da, dena astintzeko helburua dutelako eta "indartsu gaude, baina baterajotzetik inoiz baino indartsuago aterako gara", azpimarratu dute.

Ekainean hasi ziren topaketa antolatzen eta azken asteetan, Euskal Herrian barrena neska gazte talde feministak tokian tokiko aurkezpenak egiten aritu dira, Baztanen Iñarrrosi taldeak egin bezala.

Egitarau zabala izanen du asteburuak. Larunbat goizean ailegatuko dira neska gazteak Euskal Herriko txoko desberdinetatik eta asteburu trinkoa izanen da. Bi egunetan zehar eztabaida, hitzaldi, tailer eta mahai-inguruak izanen dituzte, baita manifestazioa ere.

Aisialdirako tarterik ere hartuk o dute, otorduez gain, bertso saio, ipuin kontalari eta kontzertuak ere antolatu baitituzte.