Euskal Herriko txoko guztietatik etorritako 600 neska gazte inguruk hartu dute parte asteburuan Elizondon ospatu den Euskal Herriko Neska Gazteon Baterajotzean. Bi egunetan zehar Elizondoko leku desberdinetan zehar zabaldu da olatu morea, hitzaldi, manifestazio, tailer, eztabaida eta baita aisialdirako tarteak hartuz.

Larunbat goizean Lanbide Eskola ingurura ailegatu ziren parte hartzaileak, eta asteburuko ekitaldien inguruko informazio eta argibideak jasota, akanpalekura hurbildu ziren, kanpin dendak muntatzera. Lotarako gunea prest utzita, Pantxika clownak harrera egin zien Iriarte pilotalekuan eta eguerdi partean Iriarte pilotalekuan goizeko eztabaida zentralari ekin zioten. Ikuspegi feministatik krisi anizkoitzaren gaineko gakoak aztergai izan zituzten, hasieran mahai inguruan eta gero lantaldetan banatuta.

Bazkari erraldoi baten ondotik, 25 talde inguru egin zituzten arratsaldean, herriko txoko desberdinetan antolatutako hitzaldi eta tailerretan parte hartzeko. Baztan Ikastolan, Elizondoko Eskola Publikoan, Iriarte pilotalekuan eta Baztan pilotalekuan garatu ziren aipaturikoak.

Goiza bezala, arratsaldea ere mamitsua izan zen. Errate baterako, mahai inguru desberdinak egin zituzten, ekofeminismoaren inguruan arakatu zuten batean; bertze batean langile klasearen borrokak aztergai izan zituzten feminismo eta gazte ikuspegitik; eta azkenik, bizitzak erdigunera eraman nahian, zaintza lanen antolaketa kolektiboaren gakoak jorratu zituzten bertze batean.

Hitzaldi anitzak ere eskaini zituzten, espetxeari buruz; proiektu txikitzaileen gaineko bertze bat; hezkuntza patriarkalari buruzko hausnarketa ere bulkatu zuten bertze batean; trans borroka ere hizpide hartu zuten; eta baita feminismo intersekzionala ere.

Jaizkibel konpainiaren Aurrera egin badugu dokumentala ere proiektatu zuten, eta Kiskaldi neska gazte taldearen eskutik Konfinatu ezinezko ahotsak dokumentala eta solasaldiak ere izan zuen tarterik.

Hau gutxi balitza, Photoshop programa erabiltzeko oinarrizko ezagutzak garatzeko tailerra ere eman zuten.

Hausnarketarako eta ezagutzak partekatzeko tarte zabalaren ondotik, aldarrikapenarendako bertze tarte bat ere izan zen, Elizondoko karrikak hartu zituen manifestazio jendetsuarekin. Besta giroan egin zuten zeharkaldia, Mugimenduan gaude, lurrikara gara! topaketen leloa gogoan zutela.

Afal ondoren, berriz, aisialdirako tartea ailegatu zen, bertso Iriarte pilotalekuan bertso saioa eta kontzertua izan zen, eta Elizondoko Eskola Publikoko frontoian ipuin kontalaria eta kontzertua.

Gaua ez zen gehiegi luzatu, izan ere, igande goizean jarraipena izan zuen baterajotzeak. Gosaldu ondotik, neska gazteen mugimenduaren inguruko oinarriak eta aitzinera begirako erronkak landu zituzten Iriarte pilotalekuan . Gero, kanpina bildu, bazkaldu, eta amaierako ekitaldiarekin borobildu zuten asteburua. Asteburu trinkoa, parte hartzailea eta neska gazteen mugimenduari esker oraina eta etorkizuna astintzeko pausu handi bat emateko baliagarria izanen dena.