Azken aldian Baztanen indartzen ari diren jarrera batzuek kezka eragin dute baztandar aunitzen artean, eta bai besta giroan baita egunerokoan ostatuetan ere eman diren hainbat erasoren berri izan da. Azken egunetan zabaldutako ohar baten arabera, eraso hauek mutil batzuen artean sortu den nagusikeriazko testuinguruan pasatu omen dira. Giro hau aldatzeko helburuarekin eta jarrera hauek salatzeko ortzegun arratsaldean Elizondoko plazan prentsa agerraldi bat egin zen eta honekin batera 60 lagun inguru elkarretaratu ziren, Atsiak eta karrikek denenak dire! lelopean.

Elkarretaratzean irakurritako komunikatuan salatu zutenez, "besta giroan, berrogeialdiaren ondotik, biolentzia forma guztiak areagotzen ari dira. Jarrera hauek onartu eta erreproduzitzen dituztenak "taldearen babesean mugitzen diren gizon, cis, hetero eta xuriak" direla. Salatzen dute "neskak jazartzea, presioa sortzea, ahozko eta ez ahozko biolentzia erabiltzea, biolentzia fisikoa areagotzea, jendeari liskar egitea, aulkiak eta mahaiak xehatzea, garagardoak ebastea, espazioa bereganatzea, jendeaz irri egitea, jendearen iritzia gutxiestea eta euskararen arnasgunea izan den espazio bat espainolez itotzea" bezalako jarrerak eman direla. Gainera, honi "emakume* gazteen ahalduntzearen alde izan zen asteburuko manifestazioan kristalezko edalontzi bat botatzea" gehitu diote.

Hainbat eragilek haien atxikimendua eman diote oharrari:Sortu, EH Bildu, Jo ala jo Kultur Taldea, Zapatillera musika elkartea, BRT Menditarrak, Amezti, Baztandarren Biltzarra, Arizkun Rock, Plazara Dantzara, Gazte Asanblada, Baztango Ernai, BKT, Talde Ekosoziala, Baztango Talde Feminista, Burrunba Morea, Iñarrosi, (H)ilbeltza eta hainbat norbanakok.