Urriaren 31a betidanik besta bezpera gisa ezagutu dugu, azaroaren 1aren aitzinekoa. Beharbada haur, gazte eta helduek ez dugu inoiz deus berezirik egin egun horretan, baina aspaldi, duela hamarkada batzuk, Euskal Herrian Gau Beltza ospatzen zuten gure arbasoek.

Leku gehienetan aspaldi galdu zen ohitura da, baina azken urteetan han eta hemen berreskuratzeko lanean ari dira. Baztanen, adibidez Anizen hasi ziren duela urte gutxi berriz ere Gau Beltza ospatzen, herriko adineko pertsonekin solastatu eta zer eta nola ospatzen zuten ikasi ondotik, urtero elkartzen dira orain, mozorrotu, kalabazak hustu eta herriko txoko desberdinetan jartzen dituzte, bertzeak bertze.

Bertze hainbat herritan ere hasiak dira ohitura zahar hau berreskuratzeko lanean, eta Elizondon, errate baterako, aurten ahalegin berezia egin dute Baztan Ikastolak, Elizondoko Eskola Publikoak eta Elizondoko Herriak.

Azken asteetan egoera epidemiologikoak hobera egin duenez eta indarrean zeuden murrizketak kenduta, azken orduan ekin diote antolaketari, eta igande honetako emaitza ikusita, lan ederra egin dute, beldurgarria!

Denbora gutxi izan dute dena antolatzeko, baina ilusioz eta gogoz jardun zuten dena antolatzen, eta arratsalde ilunabar ederra igaro zuten igandean Arimen Egunaren edo gau Beltzaren harira.

Hasteko, Francisco Joaquin Iriarte adinekoen egoitzara jo zuen taldetxo batek, eta hango egoiliar batek garai batean Gau Beltza nola ospatzen zuten kontatu zien bertaratutakoei.

Gero Iriarte pilotalekura joan ziren, aunitz etxeko trapu zaharrekin mozorrotuak, eta bi taldetan, haur hezkuntzako eta lehen hezkuntzako haurrak banatuta kalabaza huste eta aurpegi margotze tailerrak burutu zituzten.

Egunari lotutako kantuak abestu ondotik, bat batean, mozorro beldurgarri bat agertu zen, istorio ilun bat kontatuz, eta gero, beldur guztiak uxatzeko asmoz, bakoitzak etxetik ekarritako papertxo batean idatzitako beldurrak sutan erre zituzten.

Gaztainak ere erre zituzten frontoian eta gustura dastatu zituzten, baita salda bero goxoa ere. Eguna borobiltzeko, zortzikoa dantzatu zuten denek frontoiaren bueltan, eta akabaila gisara, zezen suzkoa ere izan zuten.

Hasmenta batean herrian barrena barreiatu behar zituzten ekitaldiak, baina eguraldiak baldintzatuta, egitarau osoa Iriarte pilotalekuan garatu zen.

Egun beldurgarria bezain ederra suertatu zen atzoko Arimen Gaua edo gau Beltza, aspaldiko ohiturak berreskuratzeko lehenbiziko pausua. Aurtengoa azken orduan egin bada ere, kontent ziren antolatzaileak, eta heldu den urteari begira errepikatzeko asmoa agertu zuten.