2022. urteari dagokion lehenbiziko Batzar Nagusia bizi dugun egoera epidemiologikoaren isla izan zen, izan ere, bozka eskubidea duten 32 batzarkideetatik 10 falta ziren urteko lehen saioan, tartean, hainbat batzarkide konfinatuta zeuden.

Baztango herri lurrei loturiko hainbat gai landu zituzten Batzar Nagusian, ohikoa den bezala, aprobetxamentuen titularitate aldaketak, luberriak, landaketak, materialak eta egurrak, iratzelaiak, herri lurren okupazioak, bideak eta trukeak. Azken puntuan, bertzelakoetan, berriz, bi gai nabarmendu ziren, batetik, Elbete eta Arizkun artean eta Almandozen egin nahi diren zundaketak, eta bertzetik, Erdizeko bazkalekuan Magnesitas Navarras enpresak egin nahi duen harrobiaren inguruko galdeketak.

Elbete eta Arizkun artean Canteras Achak ofitarik dagoen ikusteko egin nahi dituen zundaketen harira, Imanol Etxeberria Arizkungo alkateak Arizkungo herriaren izenean idatzi bat aurkeztu zuen, azalduz, Arizkungo lurretan, Aintzialde eta Bergara auzoetan, Canteras Acha elkarte mugatuak zundaketak egin nahi dituela, "burdin-harria ote den jakiteko, eta hala bada etorkizunean harrobi bat egiteko".

Azpimarratu zuenez, lur komunalak eta pribatuak daude zundaketak egiteko eskatu duten meatze-koadrikularen barnean eta tartean, 12 etxebizitza, hainbat abeltzaintza ustiategi, borda aunitz, iturriak eta auzoa hornitzen duten ur biltegiak eta basoak, bertzeak bertze. Etxe horietako batzuk 400 urte baino gehiagoko aitzintasuna dutela eta Bergarako jauregiaren babes eremuaren barnean daudela nabarmendu zuen. Bergara auzoa hornitzen duen ur biltegia, hoditeria eta iturburua zundaketa batetik 200 metro baino gutxiagora dagoela ere azaldu zuen, urak kutsatzeko arriskuarekin. Era berean, zundaketa eremua Aintzialde auzoko herri gunea ukitzen duela eta Arizkungo kaskotik 400 metro eskasera dagoela. Hori dela eta, zundaketak eta harrobia egiten hasiz gero, kamioi gainkarga eta leherketak eginen lituzketen kalteak agerikoak izanen liratekeela azpimarratu zuen.

Gai honen inguruan herrian bi batzar egin zirela ere aipatu zuen, bat informatiboa, jende aunitzen parte hartzearekin; bigarrena, aldiz, zundaketa eta balizko harrobiaren inguruko galdeketa bat egiteko. Bigarren honetan, herritarrei beren iritzia eskatu zitzaien, Zundaketak eta harrobia egitearen alde zaude? galderaren bidez. Batzar hau are jendetsuagoa izan zen, eta bozka emateko eskubidea zuten 155 herritarrek eman zuten bozka, denak zundaketa eta harrobiaren kontra agertuz.

Hori kontuan hartuta, Arizkungo herria Batzar Nagusiari eskatu zion arizkundarren kezka eta protestarekin bat egiteko eta zundaketaren eta harrobiaren kontra agertzeko.

Batzar Nagusiko kide guztiek, aho batez, bat egin zuten eskariarekin.

ERDIZ Erdizeko herri bazkalekuan Rouiller multinazionalarena den Magnesitas Navarras enpresak egin nahi duen harrobiaren proiektuaz herri galdeketa egiteko erabakia hartu zuen Baztango Batzar Nagusiak urriaren 1ean. Galdeketaren galdera ere adostu zuten: Magnak Erdizeko herir bazkalekuan egin nahi duen meategi egitasmoaren alde zaude?

Dena den, Batzar Nagusiak Erdizeko galdeketari buruzko galdera adosteko sortutako batzordeak gaia sakonki aztertu ondotik, galdera aldatzea proposatu du, Baztango Udalaren eskumenekoa den gaia izan behar duela kontuan hartuta.

Nafarroako Gobernuak eta Baztango Udalak egindako txostenetan oinarrituta, pertsona fisiko edo juridiko batek erauzte jardueraren bat instalatu edo handitzeko proiektua aurkezten duenean, Batzar Nagusiak dagokion lurra okupatzeko baimena eman edo ukatuko du, hortaz, galdera berria proposatu zen azken Batzar Nagusian: Erdizeko herri bazkalekuaren okupazioa Magnari ematearen alde zaude?

Batzar Nagusiak proposamena babestu zuen, aldeko 18 bozkarekin eta 4 abstentziorekin.