Ikasturte hasierarako kultur eskaintza oparoa prestatu zuen Baztango Udalak, eta 2022. Urtea hastearekin batera ere, kultur ekitaldi aunitz antolatu ditu ondoko asteetarako, ikastaroak eta ekitaldi kulturalak tarteko.

Baztango Kultura zerbitzuaren eskutik, errate baterako, Kantu herrikoiak barnetik II ikastaroa emanen du Thierry Biscary kantari eta musikariak. Iaz egindako lehenbiziko ikastaroaren jarraipena da hau. Pasa den urtean, Biscary berak Kantu herrikoiak barnetik ikastaroaren hastapena eman zuen, eta aurten bigarren edizioak, arituendako ikastaroa eskainiko du. Euskal kantu herrikoiak ikasteko eta interpretatzeko helburuarekin, Kalakan taldeko partaide izandako Biscaryren eskutik izanen da ere aurtengoa. Kantuak ikasteaz gain, hauen testuingurua, abesteko toki eta momentuak eta bertze hainbat ezaugarri aztertuko dituzte. Urtarrilaren 19tik martxoaren 23ra, asteazkenetan emanen da ikastaroa Arizkunenea Kultur etxean, 18.30etik 20.30era. Parte hartu nahi dutenek urtarrilaren 14ra arte izanen dute izena emateko epea. 60 euro ordaindu beharko dira parte hartzeko.

Ez da hurrengo asteetarako programatutako ikastaro bakarra, izan ere, antzerki mundua ezagutu nahi dutenendako Interpretazio jolasa izeneko ikastaroa ere antolatu du Kultura Batzordeak. 14-15 urtetik goitikoei bideratutako antzerki tailerra Josune Gorostegi emanen du otsailaren 1etik martxoaren 29ra, asteartetan, 19.00etatik 21.00etara Arizkunenean. Ortziralean, urtarrilaren 14an bukatuko da izena emateko epea. Baztanen erroldatutakoek 42 euro ordaindu beharko dute eta gainerakoek 56 euro.

Bai Kantu herrikoiak barnetik II ikastaroan eta baita Interpretazio jolasak izenekoan ere izena emateko 7.30etik 15.00etara 948 581 279 telefono zenbakira deitu beharko da edo kultura@baztan.eus helbidera idatzi.

Ikastaroez gain bertzelako ekimenak ere antolatu ditu Udalak. Adibidez, iaz hasitako bidea jarraituko du mahai jokoen kutxa ibiltariak. Heldu, gazte eta haurrendako jokoak herriz herri ibiliko dira ilbeltzean, Baztango Kultura Zerbitzuaren eskutik eta herrien laguntzekin. Ilbeltzaren 15ean eta 16an Iruritan izanen da, 22an eta 23an arizkundarren txanda izanen da eta hilabeteko azken asteburuan, 29an eta 30ean, Elbete bisitatuko du. Otsailean ibilbidea segituko du Aniz, Almandoz eta Gartzaindik.

Heldu den igandean ere, ilbeltzaren 16an, poesia eta musika uztartzen dituen Oraindik, orain eta oraingoz ikuskizuna eskainiko dute Iñigo Astiz poetak eta Jon Basaguren musikariak. Hitzordua 19.00etan izanen da Arizkunenea kultur etxeko sabaian, sarrera dohainik dela.

Bertzalde, abenduan Alpistegia bertso antzerki emanaldia antolatua zegoen, baina ezin izan zen egin. Azkenean, ortziralean, ilbeltzaren 14an izanen da saioa, 18.00etan Arizkunenean.

LABURREAN

Kantu herrikoiak barnetik II. Thierry Biscaryren eskutik izanen da ikastaroa, urtarrilaren 19tik martxoaren 23ra, asteazkenetan, Arizkunenean.

Interpretazio jolasa. Antzerki tailerra Josune Gorostegik emanen du otsailaren 1etik martxoaren 29ra, asteartetan, Arizkunenean

Alpistegia. Bertso eta antzerkia, ortziralean, 18.00etan Arizkunenean.

Mahai jokoen kutxa. Ilbeltzaren 15 eta 16an Iruritan; 22 eta 23an Arizkunen; eta 29 eta 30ean Elbeten.

Oraindik, orain, oraingoz. Poesia eta musika uztartzen dituen emanaldia igandean, 19.00etan Arizkunenean.