Laxoa Elkarteak antolatzen duen Paxaka txapelketaren 22. Edizioa akitzear da. Pasa den larunbatean Iruritako Aranabia pilotalekuan jokatu ziren final aurrekoak, eta honenbertzez, erabakita gelditu dira heldu den larunbatean jokatuko diren 3. eta 4. posturako lehia eta final handia.

Lehenbiziko final aurrekoan, Urrutia, Berau eta Maiak 9-4(1-1, 2-2, 3-3, 7-3, 7-4, 9-4) irabazi zieten Irigoien, Sagaseta eta Itoitzei. Bigarren final aurrekoan, berriz, Urtasun, Zelaieta eta Apeztegia 9-5 (1-1, 2-2, 2-5, 9-5)gailendu zitzaizkien Barberena, Prim eta Alundari.

Beraz, azken txanpa soilik falta da aurtengo txapelketa bukatzeko. Sei hirukotek hasi zuten 22. edizioa, eta bertzeak bertze, koronabirusak eragindako konfinamenduek, hein batean bederen, txapelketaren egunerokoa oztopatu egin duten, batez ere partida batzuk alde batera utziz eta hasiera batean aurreikusitako datak aste pare batez gibelatu izanagatik, heldu den larunbatean jokatuko dira azken partiduak.

Hasteko, larunbatean, 16.30ean Iruritako Aranabia pilotalekuan, 3. eta laugarren posturako lehia jokatuko da, Irigoien, Sagaseta eta Itoitz, Barberena, Prim eta Alundaren aurka. Eta hau akitzerakoan, final handia jokatuko da. Txapelen lehian nor baino nor ariko dira Urrutia, Bereau eta Maia, Urtasun, Zelaieta eta Apeztegiaren aurka.