Baztango Talde Ekosozialak Canteras Acha enpresak Arizkun eta Elbete artean egin nahi dituen zundaketen inguruan bere iritzia eman nahi izan du, meatzaritzak gaur egun jendartean jokatzen duen rolaz hausnartzera gonbidatuz.

Taldearen erranetan, "meatzaritzaren funtsa lur azpiko mineralak ustiatzea da. Jakina da, lur azpitik ateratzen den material hau ez dela mugagabea. Eta jakina da ere, gizateriak gure planetan burutzen duen aktibitateak aspaldi gainditu duela lurrak berak eskaintzeko duenaren muga".

Baztan ere errealitate horren parte dela dio "ez zaigu batere arrotz egiten ez meatzaritza ezta harrobi hitza ere. Erdizko harrobiaren mamua iritsi zen lehenik, eta orain, Arizkun eta Elbeteko lurretan egin nahi denarena".

Talde Ekosozialak gogora ekarri nahi izan du meatzaritza, funtsean, aktibitate ekonomiko bat dela, eta, beraz, errentagarritasun ekonomikoa bilatzen duela; hau da, ahalik eta mineral gehien ahalik eta denbora motzenean ateratzea.

Taldearendako argi dago gisa honetako proiektuek gutxiengo baten aberastasuna bilatzen dutela, tokiko ekonomian inolako ekarpenik egin gabe eta gainera "gure ondorengoen biziraupenerako nahitaezkoak izanen diren lur emankorren hondamena" omen dakarte.

Oinarrian "gaur egungo bizi eredu kontsumista" dagoela azpimarratu du, ofita egunero erabiltzen ditugun errepide eta mendiko pistak eraikitzeko erabiltzen baita, auto, mugikor edota etxetresna elektrikoek ere lehengai gisa mineralak dituzten bezala. Hortaz, jendarteak etxeko atean harrobirik ikusi nahi ez izanez gero, erantzukizunez jokatzen hasi eta azken urteetako bizimodua eraldatu beharko lukeela iradoki du Talde Ekosozialak.