Lekarozko eskolako guraso elkarteak, Lekarozko herriaren eta Baztango Udalaren laguntzaz, arbolaren eguna ospatu zuten igande honetan Lekarozen. Loialde parajera 30 lagun inguru hurbildu ziren, eta denen artean 50 arbola inguru landatu zituzten. Haritzak, pagoak, urkiak eta gaztainondoak izan ziren, haur eta gurasoek igande honetan landatu zituztenak. Eguraldiak ez zuen aunitz lagundu, baina euri tanta batzuk ez ziren oztopo izan lekaroztarren naturarekiko maitasuna eta ama lurrarekiko errespetua zapuzteko.