Bertze baztandar bat deitu dute Nafarroako Auzitegi Nagusian deklaratzera iazko apirilean Lekarozen Aroztegia inguruan hondeamakinak lanean hasi zirenean hauek geldiaraztea leporatuta.

Ortzegunean joan beharko du Iruñera deklaratzera, eta auzipetuari elkartasuna adierazteko asmoz, elkarretaratze bat deitu dute Nafarroako Auzitegi aitzinean, 11.30ean.

Azken honekin dagoeneko 7 lagun dira auzitegira deitutakoak, izan ere, pasa den ilbeltzaren 27an 6 lagunek joan behar izan zuten Nafarroako Auzitegira deklaratzera. Derrigortze delitua leporatzen diete, hau da, makinen aitzinean geldirik egotean, lana uztera derrigortzea. Zigor gogorrak jaso ditzakete, baita kartzela zigorra ere.

Azken auzipetze honen berri emateko hamarnaka lagunek prentsa agerraldi bat egin zuten igande arratsaldean Lekarozko plazan.

Salatu zutenez, "lanak baimenik gabe hasi zirela jakin ondotik deitu dute". Izan ere, berriki Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salaren auto batek ezetsi egin zuen Lekarozko Aroztegiko turismo, hotel, kirol eta bizitegi arloko Konpentsazio Batzordeak LAB sindikatuari arrazoia ematen zion aurretiazko erabaki baten aurka jarritako errekurtsoa, eta adierazi zuen obra horiek ez zutela legezkotasuna betetzen, Obras y Servicios Tex enpresari egindako esleipena ez zelako zuzena.

Prentsa agerraldian gaitzetsi egin zuten beranduegi ailegatu dela epaitegiaren erabakia, "sarraskia" egina dagoelako, "enpresa gizajo eta ongile, herriaren alde lanean ibili" zela aipatu zuten, ironia kutsuarekin, "ehunka urtetako haritzak botatzen, bideak eta belaiak xehatzen".

Poliziaren jokabidea ere kritikatu zuten, "ustez herritarrak babesteko lan egiten duen poliziak, egoera ikertu beharrean, enpresari zegozkion paperak eskatu beharrean, kontuak eskatu beharrean, Lekaroz militarizatu bat eskaini zigun opari, kontrolak nonahi , jazarpena, errepresioa eta izua herrian hedatzen ibili zen".

Horren ordez, herritarrei zigorra eta errepresioarekin erantzun zietela salatu zuten "herritarren kriminalizazioa bideratzeko alimaleko txostena, ehunka orrikoa, prestatu du poliziak". Honekin batera, hainbat galdera luzatu zituzten: "orain gauza bera eginen du enpresak egun horietan egindako sarraskia epaitzeko? Han egindako kalteak zerrendatuko ditu eta dena hanpatuko du herritarrekin egin duten bezala? Politikariek barkamena eskatuko dute ilegalki landa eremua beren mesedetarako hausten duten enpresak defendatzeagatik eta herritarrei bizkarra emateagatik? Milaka euroko indemnizazioa jasoko du Lekarozek?".

Udalez Gaindiko Eragina duen Proiektua gelditzea "urgentzia bizikoa" dela nabarmendu zuten agerraldian, "eta hori Nafarroako Gobernuak egin beharreko lana da. Erabaki politikoa da. Aroztegiarekin aski ez eta Erdizeko bazkaleku komunaletan multinazionala sartzeko bidea irekia utzi nahi dute. Lotsagarria. Gezurrek zango motzak omen dituzte baina kopeta alimalekoa duenari bortz axola".