Paskual Rekalde amaiurtarrak larunbat honetan eginen du Amaiurren, sorterrian, Euskaltzaindiaren barne araudiak agintzen duen sarrera mintzaldia.

2020ko uztailean izendatu zuten euskaltzain oso Rekalde, Andres Iñigo emeritu izatera pasa baitzen eta bere aulkia hutsik gelditu. Euskararen Akademiaren barne araudiari jarraiki, zortzi hilabeteko epea zuen amaiurtarrak mintzaldia paratzeko, baina pandemia tarteko, poliki gibelatu da ekitaldia. Larunbat honetan eginen da, Amaiurren, 12.00etan.

Ekitaldiaren aitzinetik, dena den, Euskaltzaindiak Osoko Bilkura eginen du, 10.00etan Elizondon, Baztango Udaletxean. Gero denak Amaiurrera hurbilduko dira, eguerdian ekitaldi instituzionalean parte hartzera.

Ekitaldiari hasiera emateko Mikel Altzuart Dutari bertsolari arizkundarrak bertso pare bat kantatuko ditu. Gero, Amaiurren Kantuz abesbatzak Lauaxetaren Amayur gaztelu baltza abesti ezaguna emanen du. Ondotik, Joseba Otondo Baztango alkateak eta Ixabel Aleman Amaiurko alkateak ongietorria eginen diete bertaratutakoei, Andres Urrutia euskaltzainburuarekin batera, Paskual Rekaldek sarrera-mintzaldia irakurri aitzinetik.

Rekaldek aitzinatu duenez, mintzaldian euskara batua eta mintzamoldeak, Baztango hitzen ekarpena Euskaltzaindiaren Hiztegiari eta Amaiurko toponimia jorratuko ditu. Miriam Urkia euskaltzain osoak emanen dio erantzuna, eta gero euskaltzain berriak zin egin beharko dio bere karguari, euskaltzain izateari dagozkion eginkizunak zintzo eta leialki beteko dituela erranez.

Azkenik, euskaltzain osoaren domina, diploma eta ikurra jasoko ditu euskaltzainburuaren eskutik. Ekitaldiaren akabailan dantza saioa eginen dute Amaiurko eskolako haurrek. Ekitaldia akituta, bertaratutakoek zintzurra bustitzeko aukera izanen dute.

Euskaltzainek, agintariek, senideek eta gonbidatuek Gaztelu elkartean bazkalduko dute gero. Bazkalondoan, berriz, herriko arkeologia museoa bisitatzeko aukera izanen dute, baita Amaiurko gaztelua ere.

PROFILA Paskual Rekalde Irigoien (Amaiur, 1963) Euskal Filologian lizentziaduna da EHUn, eta, gaur egun, Nafarroako Gobernuko euskara itzultzailea da eta Eusko Jaurlaritzako Terminologia batzorde bereziko kidea. Zenbait lan eta artikulu argitaratu ditu euskara batuaren eta euskalkien eta Baztango euskararen inguruan. Horien artean daude Mariano Izeta zenaren Baztango Hiztegia eta Dirua galgarri lanen edizioa, eta Baztango, Malerrekako eta Bortzirietako agiri zaharretako zenbait toponimoren inguruko lanak, Andres Iñigorekin batera prestatuak.

Euskaltzain urgazle 2003an izendatua eta Euskaltzaindiaren Nafarroako ordezkariorde, 2018an. 2000an hasi zuen ibilbidea Akademian, eta gaur egun zenbait batzorde eta lantaldetako kide da eta HIZBEA zerbitzuaren arduraduna.