Azken hiru egunetan Elizondon bizikleta erdigunean jartzea erdietsi du Baztango Talde Ekosozialak, Baztandarra Txirrindula Taldearen eta Iruñeko Txirringudarien laguntzaz. Bizikletaren erabilera sustatzeko helburuarekin, Bizikletaz mugi! Jardunaldiak egin ditu, ekimen ugari antolatuz. Asteazkenean, Iruñeko Txirringudarien eskutik bideo emanaldia eta solasaldia izan zen; ortzegunean, Mikel Ortegak zirriken zulatzeak eta katea konpontzen ikasteko tailerra eman zuen, eta ortzirale arratsaldean, bizi tunning tailerra, haurrendako bizikleta ginkana eta Elizondoko karriketan barna bizikleta martxa musikatua egin zuten. Jardunaldiak borobiltzeko, Gernikatik etorritako batukadak herriko karrikak alaitu zituen bere musika doinuekin.