LESAKA - Laugarren aldiz ipuin lehiaketa antolatu du Beti Gazte elkarteak, Lesakako Lehen Hezkuntzako 3, 4, 5 eta 6. mailako ikasleei zuzendua. Parte-hartze handia izan da aurten ere eta 78 idazlan bildu dituzte eta horregatik, “bai Irain Eskola publikoko baita Tantirumairu ikastolako irakaslegoari lehiaketan izan duten konpromisoa” eskertu die Beti Gazteren izenean Patxi Saenz, kultur arloko zuzendaritza batzordeko kideak eta Jose Luis Sunsundegi presidenteak eta saria eman diete bi ikastetxeei. Eskolaren izenean, Edurne Aranburu zuzendariak jaso zuen saria eta ikastolaren izenean, Amaia Lasheras presidenteak.

Sariei dagokienez, 3. eta 4. Mailako ikasleak biltzen zituen A mailan, lehenbiziko saria Ana Odriozola Goizuetak eskuratu du Iker eta Pintto idazlanarekin, bigarrena Naiara Aranguren Zalduak Kamelelo harroputza ipuinarekin eta hirugarrena Jone Salgado Solok, Paco eta Jon ipuinarekin.

B mailan, (5. eta 6. mailak) lehen saria Maitane Erkizia Arburuak eskuratu zuen, Ezin naiz kexatu ipuinarekin; bigarren saria Kattalin Txoperena Lacar-ek eskuratu zuen Zerri perfektoa idazlanarekin eta hirugarrena Lorea Bertiz Aranburuk, Untxia eta neska idazlanarekin.

Neska-mutikoek liburu batzuk jaso zituzten sari bezala. Horretaz gainera, bertze liburu batzuk ere zozketatu zituzten ortziralean Beti Gazte elkartearen egoitzan egindako sari banaketan izan ziren lehiaketako partehartzaileen artean. Sari banaketaren aitzinetik, Amaia Elizagoien ipuin kontalariak eta Irati Celestino kitarra-joleak osatutako Zirrikituen jostunek taldeak zenbait ipuin kontatu zituzten. - A. Arotzena