- Dantza eta musika uztartzen dituen Esnatu naiz ikuskizuna eskainiko dute larunbatean 19.00etan kultur etxean. Andoni Mutiloa izanen da Berako Udalak eta Kultura Batzordeak elkarlanean antolatu duten emanaldiaren protagonista. Sarrerak bortz euroren truke eskuratu ahal izanen dira.

Kabaret honen bitartez, LGBTI+ kolektiboko kide aunitzek bizi duten egoerari buruzko hausnarketa egiteaz gain, kolektibo osoaren eskubideen aldeko mezua zabaldu nahi dute. Nafarroan eginen duten lehen emanaldia izanen da Berakoa. 50 minutu inguruko emanaldiaren ondotik, solasaldirako tarte labur bat zabalduko dute. Donostiako Poltsiko Antzerkiaren Jaialdiak proiektu berriak babesteko antolatzen duen deialdian finalista izan ondotik, Esnatu Naiz 2020ko urtarrila bukaeran estreinatu zuten. Konfinamenduaren ondorioz, emanaldi gutti batzuk bakarrik egin zituzten iaz eta orain, indarberriturik eta bertsio luzeago batekin hasiak dira.

Elurrek Londresko The Pink Flamingo klubean lan egiten du. Dantzatzeaz eta kantatzeaz gain, bere showa izatea lortu du eta gauero jende anitz joaten da bera ikustera. Harrigarria izan da Elurren eraldaketa. Izan ere, duela 10 urte arte baserrian bizi zen bere familiarekin. Nola demontre lortu du euskaldun honek underground mugimenduko modako artista izatea Londresen?