Eñaut Castagneten Muga film laburra grabatuko dute Beran eta Lesakan eta horretarako, filmean parte hartu nahi dutenei deia egin diete. Muga film laburraren aurkezpena heldu den astean eginen dute Bortzirietan. Urriaren 5ean, asteartean 19:00etan Berako Beralandetan eginen dute aurkezpena eta urriaren 7an, ortzegunean, ordu berean, Lesakako udal pleno aretoan.

Udalbiltzaren Geuretik Sortuak programaren parte-hartzaileetako bat da Eñaut Castagnet, 34 urteko zinemagile lapurtarra. Bera eta Lesaka herriak egokitu zaizkio eta bertan film labur bat grabatuko du hurrengo hilabeteetan Gastibeltza Filmak ekoiztetxearekin.

Euskal Herri osoko 26 artista parte hartzen ari dira Geuretik Sortuak programan. Haien bizilekua utzita, zinegile, idazle eta antzerkigileek 16 ipuin, bortz film labur eta bortz antzerki sortuko dituzte, esleitutako herriak oinarritzat hartuz.

Castagnetek aipatu duenez, ”lehen aldia da horrelako ekimen bat egiten dela, eta onuragarria eta beharrezkoa iruditzen zait Euskal Herrian zubiak eraikitzeko, ipar-hego eta eki-mendebalde. Jendea eta lekuak ezagutzeko ere baliagarria izanen dela uste dut. Zinez ekarpen handiak egiten dituzte proiektu hauek, bai profesionalki baita pertsonalki ere».

Film laburraren gidoia idazteko eta lokalizazioak ezagutzeko Lesakan eta Beran inspiratzeko, hainbat joan-etorri egin ditu. Argazki eta arte-zuzendariekin ere bildu da lokalizazioak begiratu eta zehazteko eta udalekin elkartu da egutegia zehazteko.

Mugez eta hauek zeharkatzen dituzten pertsonei buruz izanen da filma, zehazki mugak zeharkatzen dituzten etorkinei buruz. Haien bidaia segitzea izanen da istorio nagusia. “Film iluna izanen da -aipatu du Castagnetek-, baina umore pixka batekin, ez dut izugarrizko drama izatea nahi. Gaia aski dramatikoa da, baina bizitza aldrebesa da eta absurdo hori komedia gisa sartzea gustatzen zait”.