- Joan den urtean Uscaldunac garen ezquero lelopean euskara eta Bera herria edo bere ingurunea uztartzen duen jardunaldia antolatu zuten Berako Udalak, Berako Kultur Batzordeak eta Berako Euskara Batzordeak.

Aurreko edizioan Mikel Tabernak eta Ekaitz Santazilik emandako solasaldi bat izan zen, Berako Udal Artxiboan gordeta dagoen 1822. urteko eskuizkribu bati buruz egindako ikerketa lana oinarri izan zuena.

Aurten, berriz, bi ekitaldi eskainiko dira. Lehenbizikoa, gaur 18:30ean Berako kultur etxeko erakusgelan Andres Iñigo eta Paskual Rekaldek emanen duten hitzaldia izanen da, Etxe-izenak: ezaugarri orokorrak eta Berako erabilera goiburupean.

Etxe-izenak izanen dira hizpide solasaldi honetan; hau da, Nafarroako euskal etxe-izenen ezaugarriak azalduko dira eta horien erabilera nolakoa den Berako etxe-izenetan.

Jakina den bezala, etxeak nortasun berezia izan du euskal gizartean, batik bat. Nortasun horren seinaleetako bat da etxe-izenak agirietan eta modu ofizialean erregistratuak ageri direla Erdi Arotik hasita.

Gainera, ukaezina da euskal gizarteak etxearekiko izan duen eta duen lotura, sentimendua, errespetua, maitasuna eta oroitzapena. Izan ere, batzuetan etxeak eman izan dio deitura familiari eta, bertze aunitzetan, jabearen erreferentzia (izena, deitura, lanbidea, jatorria, izengoitia...) hartu izan du izentzat etxeak.

Andres Iñigo Ariztegi (Ituren, Nafarroa; 1945) Filosofia eta Letretan doktorea da. Irakasle ibili zen urtetan Iruñeko Hizkuntza Eskola Ofizialean. 1987ko uztailaren 24an euskaltzain urgazle izendatu zuten eta euskaltzain oso 1999ko otsailaren 26an. 2020ko otsailean euskaltzain emeritu izatera pasa zen.

Paskual Rekalde Irigoien (Amaiur, Nafarroa; 1963) Euskal Filologiako ikasketak egin eta lizentzia bereganatu zuen Euskal Herriko Unibertsitatean. Nafarroako Gobernuko euskara itzultzailea da eta Eusko Jaurlaritzako Terminologia Batzordeko kidea. 2003ko urtarrilaren 31n euskaltzain urgazle izendatu zuten eta 2020ko uztailean euskaltzain oso.

Abenduaren 1ean, asteazkenean 18:30ean, berriz, Berako kultur etxeko areto nagusian Emak bakia baita filma (Oskar Alegria, 2021) emanen dute eta gero debatea izanen da.

Oskar Alegriak egiten duen bidaia Man Ray bizi izan zen euskal kostaldeko etxearen gibeletik eramaten du, eta bertan Emak Bakia izeneko filma filmatu zuen. Baina Alegriara bultzatzen duena ez da hainbeste dokumentatzea, baizik eta arakatzea, eta horrela, (Super) Man Rayren arrastoetan murgiltzean, zinemako urpekari gisa egiten du; sakonean arakatzen duen norbait bezala, lurrazaletik ikusten ez dena, urrunekoa baina guztiz berria den zerbait ekartzen duena.

Andres Iñigo. Iturendarra Filosofia eta Letretan doktorea da. Urtetan Iruñeko Hizkuntza Eskola Ofizialean irakasle izan zen. 1987an euskaltzain urgazle izendatu zuten, 1999an euskaltzain oso eta 2020an euskaltzain emeritu.

Paskual Rekalde. Euskal Filologian lizentziatua da amaiurtarra, Nafarroako Gobernuko euskara itzultzailea da. 2003an euskaltzain urgazle eta 2020an euskaltzain oso izendatu zuten.