sportaka zabaltzen ari dira haimak noranahi, udaberriak aitzina egin ahala, hiriaren itxura antzaldatzeraino. Hizkuntzan ere izan dezake arrastoa. Haimak ugaritzearekin batera, haima-bideak ere ugaldu dira. Denetarik dago. Batzuk haima-zulo hutsak dira, hau da, alde guztietatik hertsirik daude, arnasketa neke egiteraino. Halakoetan, aise zabalduko da birus-aldaera berri bat; demagun, haima-birusa. Leku batzuetan haima bat baino gehiago sortu dira elkarren ondoan, haimadiak osatuta; konparazio batera, Sarasateko haimadia edo zezen-plaza ondokoa. Haimen arteko tartea haimartea da, noski. Toki-izenetan ere izanen du eragina. Jito-alai, adibidez, Haima-alai bilakatu zaigu, Udalak hartu berri duen erabakiaren ondorioz. Haima-nagusia argi dago nor den, haima-langilea ere bai. Edota: "Ni haima-mutil nabil lanean" erranen du morroi-lanak egiteko kontratatuko duten mutil gazteak. Haimazainak ere izanen dira, haimei dagokien kontu oro zaintzeko, eta erakunde bat ere osatuko dute, hots, haimatzaindia. Bezeroei haimalari erranen zaie. Hori bai, egunetik arratseraino haimatik atera gabe dirauen haimalaria, berriz, haimazalea izanen da. Nork daki ez ote diren haima-kantuak sortuko, harako kantu zahar hura eguneratuta: "Haimara noa, haimatik nator, haiman da nire gogoa. Haimako arrosa-krabelinetan hartu dut nire amodioa". Eta, jakina, haimako amodioa hartu ondoren, harremanetan hasi eta bederatzi hilabetera haima-kumeak etorriko dira. Haimategia, berriz, pandemia bukatu ondoren haima guztiak gordetzeko erabiliko den biltegia izanen da. Baina argi dago pandemia joanik ere, haima-izurriak gure artean iraunen duela, hainbertzeraino, non, Etxeberri Sarakoak errandako "Iruñea, euskaldun guztien hiri buruzagia" delako hura gaurkotu beharko baitugu, hots, "Iruñea, euskaldun guztien haima-hiri buruzagia".